Egino

Kaixo, aspaldiko partez.

Bizi gara bai. Eskalatzeko gogo adina aukera izan ez arren, gurean jarraitzen dugu.

Iaz, Haritzekin Eginon izan ginenetik, haria etenda egon da, ez dugu informaziorik eman. Baina informazioa egon egon da. Covid 19az kutsatu aurreko asteburuan, urriaren 17an, Aiztondon egon ginen Peloia eta biok.

Geroago, Haritz eta hirurok Aritxulegin izan ginen. Abenduan, uste dut. Behetik gorakoa egin, eta Arritxulo aterpetxea itxita zegoenez, bueltan sagardotegian bazkalduta (artean legezkoa zen), eta kupeletara bisita gidatuak eginda, gustura etorri ginen bueltan.

Gero, herritik irten ezinak eta horrelakoak etorri ziren. Baina, halako batean, federatuta egoteak ateak zabaldu dizkigu, eta presaka atera gara harriari gogoz heltzera.

Lehenengo saioa aurreko asteko larunbatean egin genuen. Saioa, edo saio ahalegina, hobetgo esanda.

-Hi! Bazekau eskalatzea jutia!

-Kriston haizia ziok emanda!

-Haizia ta ostiyajk! Bihar Eginoa!

Eta han joan ginen aurreko larunbatean, goizean goiz Eginora. “Haizia ta ostiyak” esan zuen listoa ni izan nintzen. Ostiyik ez genuen somatu, baina haizea galanta, bildurtzekoa!

-Hi! Ez al dek arraroa Lezeko parkinean kotxe bakar bat, fragoneta bakar bat eta autokarabana bakar bat ere ez eotia?

-Osssssso arraroa! Gu bakarrik enteratu ote gara federatuok eskalatzera joateko aukera daukagula?

Eginoko monolitoetara joan ginen pasieran, motxilarik eta ezer gabe. Lehen monolitoaren azpian geratu ginen flipatzen, hango bideei begira.

-Hik hori ikusten al dek? Desplomatua, lisoa, heldulekurik ez… Baina hau zer dek?

-Monolito hau okerreko aldera etzanda ziok!

-Bai, motel! Koka kolan txapa ziztrin horietatik zintzilikatzen banauk, bidea desekipatuko diat!

Eta horrelaxe, buelta bat eman, autora bueltatu eta Zumaiarako bidea hartu genuen. Baina bueltzatzeko zina eginda!

Eta gaur, agindutako moduan, bueltatu gara.

Peloia eta biok, nola ez. Karmelori abisatu behar genion, dronarekin grabatzeko, baina ez diogu konpetentzia egin nahi Adam Ondrari. Bera honetatik biz da eta. Gu, berriz, honi esker.

Ba, horixe. Abiatu gara goizean goiz, Zumaian euririk egin ez izanaren zantzuekin. Bidean, Bergara parean, euri txikia ari zuen. Eskerrak ordurako, eguraldiaren itxurari erreparatuta, Eginorako bidea hartu dugun, Atxartera joateko aukera ere ez baitugu baztertu azken unera arte.

Tunela pasatu ondoren, Araban sartu garenean, hasieran euri txiki pixka bat ari zuen, baina Gasteizera hurbildu hala, erabat desagertu da.

Eginora iritis garenean, Lezera jo dugu zuzenean. Gaur behintzat bazeuden pare bat furgoneta, eta horrek lasaitu egin gaitu. Bazirudien aurreko astean espabilatu bakarrak edo despistatu bakarrak ginela.

Hainbeste denbora haitzean eskalatu gabe egon ondoren, gorputzari kosta egiten zaio. Buruari, berriz, hobeto ez galdetu!

Beraz, bide erraz-erraz eta eder-eder bat egitea proposatu diot Peloari: Goxo-goxo.

Lehen luzeari Peloiak berak ekin dio, ohitura zaharrari jarraituz. Bigarrenari nik, eta hirugarrenari, berriro ere, Peloiak. Hemen hirugarren luze horretako une bat.

Peloiak berak esan duen bezala hau inbernal bat da en toa regla.

Diedroan, pixka bat gorago, krux bete-betean.

Iritsi da gora, eta iritsi naiz ni ere atzetik.

Atension, problema.

Galdera bota dit Peloiak, xuabe-xuabe:

-Hik rapelatzeko zeoze ekarriko huan, no?

Eta nik, zeako zeara begira:

-Ostia! Ikusi al dek putre hori? Ba ez, ez diat ekarri. Deportibarako bakarrik etorri nauk preparatuta. Beno, horretarako ere ez, magnesiorik ez diat ekarri eta.

-Eta orain zer?

-Laksai, Etxeberria. Zerbait asmatuko dugu.

-Bai! Goan hasi hai kaka ematen Berri Txarrakekin!

-Erraxa dek. Hik jaitsi ni hurrengo bilgunera. Gero, handik nik jaitsiko haut lehen bilgunera arte, eta hik ni handik lurrera arte. Ni lurrean naonian, hik lehen bilgunetik rapellatu eta kitto!

-Otxua ekartzia baino errazo!

Ailegatu gara lurrera eta Itturri sektorera jo dugu zuzenean.

-Ze, sugegorriyan bidia? (Bide horrek badu izen bat, baina pitzaduraren barruan sugegorri bat topatu nuenetik, pixka bat zailagoa iruditu zati beti. Errespetu handiago ematen dit).

Hala ere, Peloia aurrena joango zela jakinda, joaten utzi diot. Jatorra zer naiz ba.

Joan da, egin du, eta egin dut, gero, nik ere. Zer esango dizuet, ba. Kanteran eskalatu duen edonork ezagutuko du puti-puti bidea. Ba niretzat, sugegorriaren bideak ere badu haren antza pixka bat.

Gero, zuhaixka inguratzen duen bidea egin dugu. Peloia aurretik bidalita, beti ere.

Moldatzen da mutila. Postureoak postureo, lokalean egiten duen lana igartzen zaio honi.

Nik ere egin dut, eta konpromiso saihetsezin bat nuenez, autora itzuli gara.

Jendea Eginora iristen ari zen orduan, hain zuzen ere.

Akaso gaueko txandan aritzen gara, eta oraindik ez gara konturatu.

Ondo lo egin.

Ohera noa.

Bihar ere haitza zain izango dugu eta

Gortu!