Kontrasteak Hego Untzillaitzen

KU-KU!

Aurreko asteburuan Atxarten izan ginen Peloia eta biok. Hego Untzillaitzen. Larunbatean, eguraldi ilun samarrarekin, Gatzaieta baserriaren ondoko aparkalekuan autoa utzi, eta Hego Untzillaitzera abiatu ginen.

Baina, oraingoan, sektore berri bat probatzeko asmoarekin. Elosuko harrobian eta Labarganetan askotan izan gara. Larunbatean, berriz, Saukuko behekoa behekaldea sektorera jotzea erabaki genuen.

Autoa utzi eta oinez bost minutu egin baino lehenago:

-Ostia! Krokisak ez dizkiat hartu!-Peloiak.

-Juan Olvidos memoria de grillo! Guantxe jungo nauk kotxea bila. Eon hai pixka bat!

Motxila Peloiarekin laga, eta autora itzuli nintzen krokisen bila. Horiek gabe nahiko lan izaten dugu!

Peloiak berriro ere:

-Uste diat kukua aitu detela!

Eta berehala entzun genuen argi eta garbi. Ku-ku! Ku-ku!

-Hik ba al dakak diruik karteran?

-Askoik ez, baina zeozer bai.

-Aurten ere salbatu diagu urtia!

Kukua ez zen isildu ere egin goiz osoan. Hala ere, giroa, ilun samar zegoen.

Tarraka-tarraka, iritsi ginen gure sektorera.

Lehenengo hiru bideak egin genituen.

Hasteko, lehenaren lehen luzea, 5c-koa.

Gure hormaren eta goian ikusten den horma beldurgarri horren artean, Untzillaitzera igotzeko diagonal txikia izeneko bidea pasatzen da. Eta asteburuetan, batik bat, jende ugari pasatzen da hortik gora eta behera. Batzuetan beldur pixka bat ere ematen du, harriak botatzeko arriskua hor dagoelako. Eta kaskoak ez dira guk nahi bezain gogorrak.

Peloia bigarren bidean

Egin nuen nik ere bigarren bidea, eta bilgunera iritsi nintzenean, hiru tipo goitik behera.

Eta nik neure artean:

-Nik hau ezagutzean diat ba. Baleiken ere agertu dek dala gutxi.

-Iepa!- esan nion.

Eta ezagutu ninduen Landerrek:

-Joño! Nik tarteka irakurtzen diat hire bloga. Idatzi gutxi, baina jardun bazibiltzate, ezta?

-Bai. Saiatzen gaituk.

Agurtu eta goitik behera jarraitu zuten hirurek. Nik ere beherako bidea hartu nuen. Baina kontzientzia atximurka hasi zitzaidan:

-Zeozer idatzi beharko dek, ezta?

-Idatzi? Ze pereza. Eta zertarako? Kattanek ere ez zidak irakurriko eta.

Kafetxo bat hartu, bizkotxo pixka bat jan, eta hirugarren bideari ekin genion.

Ze sibarita bihurtu garen! Mendira kafiakin, txorrostakin… Barritak eta letxiak!

Laugarrn bidea gogortxoa ikusi genuen, eta bosgarrenari ekin genion. Eguneko errazena izan arren (5b zailtasunekoa) hartan ibili nintzen okerren.

Beherako bidean, Elosuko harrobitik pasatu ginen. Bagenuen susmoa rokodromoko pare bat lagun han egongo zirela, eta hantxe zeuden. Pena ez niela argazki bat atera.

Hala ere, Peloiak berehala bota zien perla:

-Oyes! De primero eskalatu bihar dek, e! Horrela ez.

Ainhoa eta Mante agurtu eta beherako bidea hartu genuen.

Orain, Peloiak esaten duen moduan slow mountain egiten dugun honetan, presak alde batera utzita, eta maskarilla jantzita, Mañarian trago bat hartzera geratu ginen, etxera itzuli aurretik. Bista ederra terrazan, Mugarrari begira.

-Ez dek leku txarra beraneatzeko! Jende gutxi eta haitza lepo!

KA-KA!

Horixe pentsatu nuen krakatekoa sentitu nuenean.

Astelehenean, martxoak 29, Atxartera joan ginen, berriro ere. Giro hobearekin, baina kukuaren arrastorik gabe. 29 ez dut uste egunik aproposena denik niretzat. Eskaladako istripurik larriena 2007ko uztailaren 29an izan nuen. Ederki deskribatu zuen Larregik gortuko sarrera batean. Zoritxarrez, uste dut galduta dagoela. Nik behintzat ezin izan dut aurkitu.

Astelehenean giroa askoz ere hobea zen. Gorbeia parez pare geratzen da Untzillaitzen hegoaldetik.

Eguraldi garbia izan arren, haize zakarra zebilen.

Labarganetara joan ginen, eta eskubiko aldera jo genuen, bide erraz batekin hasteko.

Motxila kendu eta gauzak ateratzen hasi nintzenean, konturatu nintzen zerbait lurrean uzten banuen hegan joango zela Mañariaraino.

-Hi, Peloi! Goazen beste nonbaitea. Haiziak hegan eramango gaitu bestela.

Berehala alde egin genuen handik. Betiere Nostradamus bideari begiratu eta gero:

-6c! Eta gainera, krokis zaharrean mantenido jartzen dik.

-Hori in beharra ziok jubilatu baino lehen!

Haizeak bidalita, gora jo genuen, Koberretape izeneko sektorera.

Han ere ez zen giro haizearekin, baina, hala ere, pixka bat erosoago egon zitekeen.

Lehendabizi, erlatiz honetara igo ginen.

Bideek izugarrizko itxura zuten, baina merkeena 6a+ zailtasunekoa da.

Berotzeko, beste zerbait bilatzea pentsatu genuen, eta berriro ere beheko aldera abiatu ginen. Erlaitzetik beherako tartea aprobetxatuz, bi eta hiru luzeko bide batzuk daude, ikastaroetarako eta prestatuta, eta haietatik hastea pentsatu genuen.

Peloiak geroago esan zuen moduan beheko luze horiek preszindibleak dira. Eta ni ere iritzi berekoa naiz.

Egin zituen Peloiak 11. bidearen lehen bi luzeak (4a eta 5c), eta gero nik egin nituen.

Ondoren, 10. bidearen lehen biak (5a eta 5b) egin zituen, luze bakar batean, aurrekoa bezala.

Esan bezala, lehen luzeak errazak dira, baina seguruak ez daude oso hurbil, eta hasiera etzana denez, hautsa zegoen haitzean itsatsita.

Halaxe, nik bigarren bideari ekin nionean, irrist egin eta ezkerreko besotik zintzilik geratu nintzen. Sekulako krakatekoa sentitu nuen, baina ez nuen eskua askatu. Hasieran, sorbalda atera nuela pentsatu nuen. Gero, tendinitisa egin ote nuen pentsatu nuen.

-Erosi txak katu hanka berriak! Mythosak!

-Marrua aituta ere, hi adarra jotzen! Kraboia!

Ez dakit zer daukadan, baina sorbalda oraindik ez dago behar bezala, eta indar falta sumatzen dut. Dana dala, bihar ere proban jarri beharko dugu, ea zer dioen.

Esan nion Peloiari jaisteko, eta berriro ere bide bera eskalatu behar izan zuen, materiala errekuperatzeko.

Nik, bihotz onekoa izanda, esan nion Peloiari:

-Nik gaur ezin diat eskalatu. Auskalo noiz egongo naizen berriz eskalatzeko moduan. Baina, nahi badek, in zak hor goiko bia bat. Nik aseguratuko.

Bi aldiz pentsatu gabe, goiko erlaitzera jo genuen berriro ere.

Zulotik zulora bidea aukeratu zuen, 6a+ zailtasunekoa. Beno, aukeratu zuen edo aukeratu nion:

-In zak hau! Itxura ederra zeukak!

Bai egin ere. Erraz eta ondo egin zuen. Sobrao y eso.

Eta ni inbiditan, probatzeko aukerarik gabe. Eskalada ez da leihaketa, baina Peloiak egiten badu, nik zergatik ez? Hor geratu da erronka ahal denerako.

Zorte pixka batekin, bihar bertan izango dut arantza ateratzeko aukera. Ea zer dioten nire sorbaldak eta Peloiak.

Gortu!

1 thought on “Kontrasteak Hego Untzillaitzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude