Eginon

Larunbatean, hillaren 23an, Eginora joan ginen Peloia eta biok. Aurreko astean Aiako harrian ibili ondoren, zenbait luzeko bide bat egitea geneukan buruan. Hasiera batean, Atxarteko Urresteiko ertza egitea pentsatu genuen, baina, azkenean, Eginora joatea erabaki genuen.

Arista de los caracoles bidea aukeratu genuen. Lehendik ere ezaguna, urtea amaitzeko egiten genuen bide erraz eta luzea. Erraza, baina oso polita. Azkenerako, altuera sentsazioa ematen duen bidea.

Bezperan, Peloiak:

-Bihar ze ordutan? Onen orduan, e! Gaur afaria zeukat eta!

Zortziretan abiatu ginen, eta Eginora iritsi ginenean, 4ÂșC-ko tenperatura zegoen.

-Ez ziok hotza pasatzeko beldurrik! Aurrenengo aldapen gora ederki berotuko gaituk.

Hormara iristeko, aldapa ederra dago azken tartean.

Hemen Peloia aldapan gora.

Ikusten den moduan, giroa zoragarria zen. Ederki egoten zen eguzkitan.

Peloiak esaten zuen moduan, guk hezurrak berotzeko beharra daukagu, eta horregatik ibiltzen gara orain lehen baino beranduxeago.

Halako batean iritsi ginen bidea hasten den lekura. Beno, egia esan, ez da erraza bidea non hasten den jakitea.

Motxilak kendu eta trasteak soinean jartzeko leku justu samarra zegoen toki batean geratu ginen, eta handik ekin genion bideari.

-Nik uste diat, azken aldian, hortik eskuinera eta pixka bat gorago joan ginela, eskalatzen hasi baino lehen -esan nion Peloiari.

Baina, hala ere, geunden lekutik hastea erabaki genuen.

Peloiak ekin zion bideari, beti bezala.

Lehen luzea zikin samarra da. Baina gustura egin zuen Peloiak, han eta hemen totemcamak sartuz. Traste ederrak dira gero!

Iritsi zenean, abisua eman, eta han abiatu nintzen ni ere. Sorbalda askoz hobeto igartzen dut, eta gustura igo nintzen ni ere.

Bilgunean trasteak hartu, eta bigarren luzeari ekin nion.

Konturatu gabe, nahi baino gorago joan nintzen, ezkerrera sartu baino lehen. Eta espoloiaren beste aldera begiratu nuenean, parabolta eta ez dakit zenbat urte daramatzan fisureroa ni baino beherago zeudela konturatu nintzen.

Maniobra batzuk egin, eta laster heldu nintzen bigarren bilgunera.

Badator Peloia ere bigarren bilgunera.

Zerua urdin-urdin zegoen. Baina, une batean, mendebaldeko haize fin bat sentitu genuen, eta hodei batzuk ere azaldu ziren. Ez zuen asko iraun hala ere. Etorri bezala joan ziren hodei eskas haiek.

Gustura zebilen “katxarreatzen”, atxiperreak sartzen. Horretarako bide aproposa da.

Egin zuen hirugarren luzea, eta abiatu nintzen ni ere. Ordurako alde egin zuten hodeiek.

Iritsi bezain pronto, laugarren luzeari ekin nion.

Hemen Peloia hirugarren bilgunean goitik ikusita.

Denbora dezente joan da bide hau azkena egin genuenetik, eta ez genekien seguru bi luze edo hiru faltako ziren.

Baina kalkuluak egiten ari ginen ordurako.

-Uste diat, Peloi, azken luzea, eleganteena, niri tokatuko zaidala.

-Kabroia! Bigarrena ere hiri tokatu zaik! Eta niri luze eskas danak!

Bukatu nuen laugarren luzea, eta Peloia ere bizkor etorri zen. Trasteak eman, eta bosgarren luzeari ekin zion.

Ikus daiteke ordurako zerua berriro ere urdindu zela.

Eskuinean ikusten den zulotik pasatu, eta metro gutxira dago bilgunea. Erosoa gainera.

Iritsi nintzen eta seigarren eta azken luzeari ekin nion.

Metro batzuk igotakoan, argazkia atera nion Peloiari.

Peloiak ere atera zizkidan argazki batzuk. Kamera eta guzti joan zen eta. Eskertzekoa da, kronikea egiteko.

Amaierako plaka ederrean.

Pena eta guzti ematen du plakaren amaierara iristeak. Gozatu ederra hartu nuen.

Bilgunea prestatu, arkaitz-zubi bat aprobetxatuz eta bi totem sartuta, eta Peloiari hasteko abisua eman nion.

Badator.

Iritsi zen Peloia ere. Berehala bota zidan berediktoa.

-Orain gradua egiten hasi behar diagu. Hurrengoan Atxartera, deportibea egitera.

-Bai, jauna. Sorbalda honek ematen dik ez daukala kuidadorik.

-Orain, burua egin behar diagu -Peloiak-. Paretean ohitura hartu behar diagu.

-Ze esaten dek buruari buruz? Edozeinek adituta ere…

Eta horrelaxe, txorakeri artean, gauzak motxiletan sartu eta mendiaren gailurrerako geratzen diren metro eskasak bete genituen.

Eta han zer aurkituko…

-Hara! Hemen ere mugarrie!

-Larregi ez dek urruti ibiliko.

Hurbilagotik ere atera nion argazkia.

Olano mendia ere handik oso hurbil dago. Aratz ere ez da urrun ikusten. Eta Egino aldera begira jartzen bagara, eskuinean (mendebaldean) Agurain ikusten da, eta ezkerrean (ekialdean), sakana, Beriain nagusi dela.

Betiko bidetik jaitsi, betiko komentarioak eginez (teleferikoa noizko den eta abar), eta laster iritsi ginen herrira. Autoa hartu eta Zumaiara.

Inpernupen zerbeza bat hartzen ari ginela, Erki hurbildu zen, eta ea eskalatzen egon ginen galdetu zigun. Eta zer diren gauzak: hura ere Arista de los caracoles egitera joan zen. Baina ez genuen elkar ikusi. Izan ere, bidea hasten den lekura iritsi zirenean, haren laguna ohartu zen arnesa etxean utzi zuela. Ez dut pentsatu nahi zer gertatuko zen nik Peloiari hori esango banio.

Ba, esandakoa. Hurrengoan, gradua egitera joan beharko dugu Atxartera. Bitartean, Gortu!

Basurde-burua eta basurdea buruz

Dagoeneko joan dira sei hilabete luze azkena eskalatzera joan nintzenetik.

Peloiari esaten nion txabalilloren batekin joateko. Baina, ordutegiak ez omen dituzte oso bateragarriak, eta iruditzen zait alabarekin behin edo behin joan bada ere, rokodromotik kanpo ez duela denbora askorik aprobetxatu.

Niri martxoaren bukaeran sorbaldak krak hura egin zidanetik, eskalatzeko aukerak erabat murriztu zaizkit. Uztailaren erdialdean Zarauzko Matian hasi nintzen errehabilitazioan, eta oraindik han jarraitzen dut. Orain sorbalda askoz ere gehiago mugitzen dut, eta txori txiki batek esan zidan eskalatzen hasi beharrean nengoela. Kontu handiz, hori bai. Beste krakateko batek ez lidake mesederik egingo.

Basurde-burua

Larunbatean, hilak 16, Mugarrien buelta erdi klandestinoa egin genuen. Eta ohitura zaharrari jarraituz, Peloiak eramandako basurdeburua jan genuen San Lorenten, hamaiketakoan.

Ohi bezala, egun ederra pasatu genuen. Eta, egunaren bukaeran, Peloia burua jaten hasi zitzaidan Aiako Harriko Basurdeen begiratokia egitera joateko biharamunean.

Basurdea buruz edo basurdeak beti basurde

Basurdeen bidea buruz dakigu honezkero. Horrelaxe, bada, igandean Aritxulegi aldera abiatu ginen. Hasieran zalantzan nengoen, bezperako nekeagatik eta abar, baina laster eman nuen amore:

-Bale! Baina oso goiz ez, e!

Iritsi ginenerako hiru lagun lehen bilgunean zeuden. Harrituta geratu ginen. Nola zitekeen norbait gu baino lehenago sartzea horman. Horrelakoetara ez gaude ohituta.

Autoa Aritxulegiko aterpean utzi, trasteak hartu, eta hormara abiatu ginen, artean bezperako nekea oinetatik kendu ezinik.

Eskalada hori askotan deskribatu dut, eta ez naiz berriro hasiko. Luze bakoitiak Peloiak egin zituen aurretik, eta bikoitiak, nik. Eta zer egoeratan nagoen ikusita, konforme geratu nintzen. Ez dago aitzakiari hemendik aurrera.

Argazkirik ez nuen atera (Peloiak ere ez, noski), azken luzera iritsi arte. Han, postureo pixka bata egiteko eskatu nion Peloiari. Ez neukan kronikarik idazteko gogorik, baina banekien batek behintzat irakurri nahiko zuela. Eta, horretarako, argazki pare bat behar nituen, behintzat.

Postureoan nagusi!

Eta bidea amaitzen

Gero, Aritxulegiko aterpera joan ginen. Mokadutxo bat jan eta Zumaiara bueltan.

Hemendik aurrera ea lata pixka bat ematen dugun.

Gortu!