Basurde-burua eta basurdea buruz

Dagoeneko joan dira sei hilabete luze azkena eskalatzera joan nintzenetik.

Peloiari esaten nion txabalilloren batekin joateko. Baina, ordutegiak ez omen dituzte oso bateragarriak, eta iruditzen zait alabarekin behin edo behin joan bada ere, rokodromotik kanpo ez duela denbora askorik aprobetxatu.

Niri martxoaren bukaeran sorbaldak krak hura egin zidanetik, eskalatzeko aukerak erabat murriztu zaizkit. Uztailaren erdialdean Zarauzko Matian hasi nintzen errehabilitazioan, eta oraindik han jarraitzen dut. Orain sorbalda askoz ere gehiago mugitzen dut, eta txori txiki batek esan zidan eskalatzen hasi beharrean nengoela. Kontu handiz, hori bai. Beste krakateko batek ez lidake mesederik egingo.

Basurde-burua

Larunbatean, hilak 16, Mugarrien buelta erdi klandestinoa egin genuen. Eta ohitura zaharrari jarraituz, Peloiak eramandako basurdeburua jan genuen San Lorenten, hamaiketakoan.

Ohi bezala, egun ederra pasatu genuen. Eta, egunaren bukaeran, Peloia burua jaten hasi zitzaidan Aiako Harriko Basurdeen begiratokia egitera joateko biharamunean.

Basurdea buruz edo basurdeak beti basurde

Basurdeen bidea buruz dakigu honezkero. Horrelaxe, bada, igandean Aritxulegi aldera abiatu ginen. Hasieran zalantzan nengoen, bezperako nekeagatik eta abar, baina laster eman nuen amore:

-Bale! Baina oso goiz ez, e!

Iritsi ginenerako hiru lagun lehen bilgunean zeuden. Harrituta geratu ginen. Nola zitekeen norbait gu baino lehenago sartzea horman. Horrelakoetara ez gaude ohituta.

Autoa Aritxulegiko aterpean utzi, trasteak hartu, eta hormara abiatu ginen, artean bezperako nekea oinetatik kendu ezinik.

Eskalada hori askotan deskribatu dut, eta ez naiz berriro hasiko. Luze bakoitiak Peloiak egin zituen aurretik, eta bikoitiak, nik. Eta zer egoeratan nagoen ikusita, konforme geratu nintzen. Ez dago aitzakiari hemendik aurrera.

Argazkirik ez nuen atera (Peloiak ere ez, noski), azken luzera iritsi arte. Han, postureo pixka bata egiteko eskatu nion Peloiari. Ez neukan kronikarik idazteko gogorik, baina banekien batek behintzat irakurri nahiko zuela. Eta, horretarako, argazki pare bat behar nituen, behintzat.

Postureoan nagusi!

Eta bidea amaitzen

Gero, Aritxulegiko aterpera joan ginen. Mokadutxo bat jan eta Zumaiara bueltan.

Hemendik aurrera ea lata pixka bat ematen dugun.

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude