Matices

Joan den larunbatean, hilak 18, Eginon izan ginen, berriro ere, Peloia eta biok.

Hotz handia egin behar zuela jakinda, eguzkitan egiteko moduko bide bat bilatu genuen, eta bai aurkitu ere: Matices.

Hotz hasi zen eguna. Ez hainbeste Zumaian (7ºC inguru) goizeko 8etan, atera ginenean, baina bai Araban. Autobideko tuneletik irten orduko, paisaia erabat aldatu zen. Lurra zuri eta zerua gris.

-Noa etorri gaituk?

-Bai, motel. Eskerrak Eginon eguzkia izango dugun zain.

Gasteiz parean, -2ºC.

-Joxe Ramon! Etorri hai Zumaira! Hau ez dek eta bizitzeko lekua. Irauten ere nahiko lan hemen!

Aguraingo bidean -3ºC ere ikusi dugu Peloiaren autoko termometroan.

Eginora iritsitakoan, bazirudien Peloiak ez zuela autotik irten nahi. Hura zen lurrean izotzik ez zeukan Arabako lehen lekua. Ordura arteko guztia zuri zegoen. Laino trinkoa zegoen Sakanan, eta seguruenik horregatik ez zuen izoztu inguru hartan.

Nagiak autoan utzita, kanpora atera ginen, trasteak hartu eta hormarantz abiatu ginen. Eguneko bisitari bakarrak ginen. Lainoa zegoen eta hiru graduko tenperatura zegoen, baina altuera hartu ahala eguzkitan sartzeko esperantzarekin abiatu ginen.

Bidearen hasierara iritsi ginenean, eguzkitan geunden, baina laino artetik orduantxe aterata.

-Kafia nahi al dek?

-Dudik gabe!

Presarik gabe ibiltzea gauza handia da, eta kafea hartu genuen patxadan, eskalatzen hasi aurretik.

Peloia hasi zen, ohitura zaharrari jarraituz.

-Lehen luzean 6a-ko pauso bat daukak. Baina hori ez dek ezer hiretzat, rokodromduan zailduta hago eta!

Ederki egin zuen. Hemen pixka bat gorago:

Eta hemen ni lehen bilgunera iristen.

Peloia lehen bilgunean.

Tarteka lainoak gora egiten zuen, eta harrapatu egiten gintuen. Eguzkitan goxo egoten zen, baina lainopean hotza zen nagusi. Ederki gogortzen ziren atzaparrak.

Bigarren luzean, nire txanda.

Argazkietan ez badirudi ere, luze hau oso tentea da, baina helduleku ederrak ditu.

Bigarren bilgunetik ateratako argazkia.

Hirugerran luzean, berriro ere Peloiaren txanda.

Hasiera oso tentea da, 4c markatzen du krokisak. Baina, paraboltak pixka bat eskuinean uzten ez badira, zailagoa dela esango nuke. Kostatu zitzaion Peloiari, eta marmarrean ibili zen:

-Hau 4c?

-Zer dek ba, rokodromoko 7a baino zailagoa?

-Ba, hortxe nonbait.

Nik ezkerretik egin nuen, eta ez zitzaidan hainbeste kostatu.

Hemen Peloia lanean, jo ta fuego.

Laugarren luzea errazagoa da, baina kasik desekipatuta dago. Iltze bat dago hasieran, eta gero, luze osoa garbi. Peloiaren totemekin, ederki babesten da luzea.

Bosgarren luzea berriro ere Peloiarentzat.

Luze dotorea hori ere.

Ni, bilgunera iristen. Ordurako, arropa sobran.

Seigarren eta azken luzeari ekin nion.

Diedrotik atera ondoren, gandor erraz bat baino ez zen geratzen, bidea amaitzeko.

Peloia ere han agertu zitzaidan, Iker Jimenezen programa batean bezala.

Lainoak ere gora egin zuen, gure atzetik balebil bezala.

Trasteak jaso, beste kafetxo bat hartu, eta beherako bidea hartu genuen.

-Bide ederra, ezta?

-Bai. Berriro ere egiteko modukoa.

Betiko bidetik jaitsi ondoren, putrea zai geneukan lainopean.

Eginora iritsi ginen, eta han termometroak 3ºC markatzen zuen, goizean bezalaxe. Eta lainoak ez zuen egun osoan alde egin.

Eta hauxe izan da urte triste honetako azken eskalada. Ea hurrengo urtean zer aukera ematen digun LABIk eta konpainiak.

Gortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude