Matices

Joan den larunbatean, hilak 18, Eginon izan ginen, berriro ere, Peloia eta biok.

Hotz handia egin behar zuela jakinda, eguzkitan egiteko moduko bide bat bilatu genuen, eta bai aurkitu ere: Matices.

Hotz hasi zen eguna. Ez hainbeste Zumaian (7ºC inguru) goizeko 8etan, atera ginenean, baina bai Araban. Autobideko tuneletik irten orduko, paisaia erabat aldatu zen. Lurra zuri eta zerua gris.

-Noa etorri gaituk?

-Bai, motel. Eskerrak Eginon eguzkia izango dugun zain.

Gasteiz parean, -2ºC.

-Joxe Ramon! Etorri hai Zumaira! Hau ez dek eta bizitzeko lekua. Irauten ere nahiko lan hemen!

Aguraingo bidean -3ºC ere ikusi dugu Peloiaren autoko termometroan.

Eginora iritsitakoan, bazirudien Peloiak ez zuela autotik irten nahi. Hura zen lurrean izotzik ez zeukan Arabako lehen lekua. Ordura arteko guztia zuri zegoen. Laino trinkoa zegoen Sakanan, eta seguruenik horregatik ez zuen izoztu inguru hartan.

Nagiak autoan utzita, kanpora atera ginen, trasteak hartu eta hormarantz abiatu ginen. Eguneko bisitari bakarrak ginen. Lainoa zegoen eta hiru graduko tenperatura zegoen, baina altuera hartu ahala eguzkitan sartzeko esperantzarekin abiatu ginen.

Bidearen hasierara iritsi ginenean, eguzkitan geunden, baina laino artetik orduantxe aterata.

-Kafia nahi al dek?

-Dudik gabe!

Presarik gabe ibiltzea gauza handia da, eta kafea hartu genuen patxadan, eskalatzen hasi aurretik.

Peloia hasi zen, ohitura zaharrari jarraituz.

-Lehen luzean 6a-ko pauso bat daukak. Baina hori ez dek ezer hiretzat, rokodromduan zailduta hago eta!

Ederki egin zuen. Hemen pixka bat gorago:

Eta hemen ni lehen bilgunera iristen.

Peloia lehen bilgunean.

Tarteka lainoak gora egiten zuen, eta harrapatu egiten gintuen. Eguzkitan goxo egoten zen, baina lainopean hotza zen nagusi. Ederki gogortzen ziren atzaparrak.

Bigarren luzean, nire txanda.

Argazkietan ez badirudi ere, luze hau oso tentea da, baina helduleku ederrak ditu.

Bigarren bilgunetik ateratako argazkia.

Hirugerran luzean, berriro ere Peloiaren txanda.

Hasiera oso tentea da, 4c markatzen du krokisak. Baina, paraboltak pixka bat eskuinean uzten ez badira, zailagoa dela esango nuke. Kostatu zitzaion Peloiari, eta marmarrean ibili zen:

-Hau 4c?

-Zer dek ba, rokodromoko 7a baino zailagoa?

-Ba, hortxe nonbait.

Nik ezkerretik egin nuen, eta ez zitzaidan hainbeste kostatu.

Hemen Peloia lanean, jo ta fuego.

Laugarren luzea errazagoa da, baina kasik desekipatuta dago. Iltze bat dago hasieran, eta gero, luze osoa garbi. Peloiaren totemekin, ederki babesten da luzea.

Bosgarren luzea berriro ere Peloiarentzat.

Luze dotorea hori ere.

Ni, bilgunera iristen. Ordurako, arropa sobran.

Seigarren eta azken luzeari ekin nion.

Diedrotik atera ondoren, gandor erraz bat baino ez zen geratzen, bidea amaitzeko.

Peloia ere han agertu zitzaidan, Iker Jimenezen programa batean bezala.

Lainoak ere gora egin zuen, gure atzetik balebil bezala.

Trasteak jaso, beste kafetxo bat hartu, eta beherako bidea hartu genuen.

-Bide ederra, ezta?

-Bai. Berriro ere egiteko modukoa.

Betiko bidetik jaitsi ondoren, putrea zai geneukan lainopean.

Eginora iritsi ginen, eta han termometroak 3ºC markatzen zuen, goizean bezalaxe. Eta lainoak ez zuen egun osoan alde egin.

Eta hauxe izan da urte triste honetako azken eskalada. Ea hurrengo urtean zer aukera ematen digun LABIk eta konpainiak.

Gortu!

Imserso extrem

-Imserso extrem?

-Bai. Itxura ederra zeukak.

-Baina, ze kristo dek? Jubilatuen lasterketa bat? Santiago Seguran film bat?

-Ez, motel! Eginoko bide berri bat. Doña Eusebia hormaren ezkerrean zegok, Arista de los caracolesen beste aldean, hain zuzen ere.

Eta horrelaxe, Eginora abiatu ginen atzo, Peloia eta biok. Hotza egin behar zuelakoan, “berandu” abiatzea erabaki genuen. Baina Peloiarentzat goizeko 8etan joatea da berandu joatea.

Iritsi ginen Lezera eta bertan aparkatu genuen Hyundai gorri flamantea. Trasteak hartu, gaizki jasotako soka bizkarrean jarri eta bidean gora abiatu ginen.

-Nik erakutsiko diat hiri soka behar bezala jasotzen! -bota nion Peloiari, harrokeria puntu batekin.

-Eon hai ixilikan!

-Klaro, soka beti nik eramaten diat eta.

Aurretik beste lagun batzuk eskalatzera zihoazela ikusi genuen.

-Ea ez doazen gure bidera, behintzat!

Halako batean, Arista de los caracolesera nondik joaten zen galdetu ziguten, eta aurrerago joan behar zutela esan genien.

-Eskerrak! Hasteko ez diagu konpetentziarik edukiko behintzat.

Laugarren monolitoa amaitzen den tokian, gorako bideari ekin genion.

-Ea Arista de los caracoleseko hurbilketa baino hobea den! -esan nion Peloiari, aldapan gora atzean uzten ari zela.

Hor dago, laugarren monolitoaren atzera iritsita.

Handik metro gutxitara, bidea hasten den lekura iritsi ginen. Eta bai, hurbilketa hau laburragoa da. Eta erosoagoa ere bai.

Esan beharra dago, Peloiak krokisa inprimatu zuela. Seguruena koloretan eta guzti. Seguruena diot, krokisa etxean ahaztuta utzi zuelako. Harrigarria, Xabier!

-Ez haiz kejatuko, Peloi. Gaur hiretzako hiru luze, eta niretzako bi bakarrik.

-Aurrekuan, Arista de los caracolesen hik egin hituan luze onenak!

Berriketari utzi, eta bideari ekin zion.

Lehen bi luzeak oso errazak dira, eta ez dago inolako ekipamendurik, bilguneetan izan ezik. Azkar egiten dira. Hamarrak bost gutxi ziren Peloiak bideari ekin zionean.

Bazihoan bidean gora, totem flamanteekin aseguratuz.

Zumaiatik atera ginenean, giro goxoa eta epela geneukan. Baina, barrualde horretan, hego haizea hotza izaten da.

Halako batean, mutiko bat agertu zen.

-Kaixo! Bakarrik al hator? -galdetu nion.

-Ez, ez. Oraintxe iritsiko dituk beste bi lagun.

Berriketan hasi eta Oreretakoak zirela esan zidan. Hiru zirenez, pentsatu nuen ez geniela traba handirik egingo. Baina bi izango balira bezain azkar mugitzen ziren.

Peloiak sokarekin abisua eman zidanean, han abiatu nintzen ni ere.

Lehen bilgunera iritsi, trasteak hartu eta bigarren luzeari ekin nion. Bigarrena ere erraza da eta azkar egiten da.

Bigarren bilgunetik argazki hau atera nion Peloiari.

Kamiseta gorria eta kaso zuria duena da Peloia. Oreretako lehenengoa ere ikus daiteke atzerago. Eta behean, basoaren udazkeneko kolore ederrak.

Pixka bat hurbilago.

Iritsi zen Peloia, hirugarren luzeari ekiteko prest.

Krokisik ez geneukan, baina aurreko egunean Interneten irakurritakoaren arabera, ezkerraldera jo behar zuela esan nion Peloiari.

Geroago, krokisari begiratuta, konturatu naiz bariante gorria egin genuela. Berdea hobeto ekipatuta dago, baina zailxeagoa da. Hurrengorako.

Abiatu zen.

Argazkiaren goiko aldean, ezkerrean, ikusten den ipurura iritsi arte, ez dago asegururik. Dena dela, desplometxora iritsi arteko bidea erraza da, eta ondo babesten da. Friendak sartzeko aukera ugari dago.

Erraz iritsi zen desplometxoraino. Ezkerretik pasatu behar da.

Argazkian ikusten den lekuan, friend bat sartu zuen, eta zentimetro gutxira, beste bat sartu zuen.

-Ze? Amerikanuak bezela? Lasai, ipurura heltzen haizenean, parabolt bat aurkituko dek.

Baina, pauso arraroa dago hor. Hormak ezkerrera botatzen zaitu, eta pauso delikatua geratzen da. Hori bai, behin gaindituta, parabolta sudurraren parean geratzen zaizu.

-Hemen, pixka bat beherago, parabolt bat falta dek! -esan zidan Peloiak- Hau ez dek Gorrotxategiren estiloa. Crowfunding bat egin beharko diagu.

Kontua da, jakin gabe, bariante gorria egin genuela, eta ez dagoela berdea bezain ekipatuta.

Iritsi zen bilgunera, eta abisatutakoan, ni abiatu nintzen. Kostatu zitzaidan pausoa gainditzea. Gainera, haizeak gogor jotzen zuen leku horretan, bazirudien hormaren barrutik ateratzen zela.

Laugarren luzeari bilgunearen ezkerretik ekin nion. Bariante berdetik, alegia. Ez dago argazkirik, Peloiak ez baitzeukan ez mobilik ez argazki-kamerarik.

Laugarren luzea ere ederra da. Oso bertikal hasten da, baina helduleku onekin, eta parabolt bat dago hasi eta metro gutxira. Gorago beste parabolt batera iritsi nintzen, eta handik ertzean sartu behar da bete-betean. Haize fina zegoen, baina luze ederra iruditu zitzaidan. Bukaera aldera, totem handi bat sartu nuen, eta berehala, bilgunera iritsi nintzen.

“Alferrik sartu diat hau” pentsatu nuen nere artean.

Iritsi zen Peloia ere halako batean.

Peloia bilgunetik oinez atera zen, 4-bis bilgunera. Ni ere hara joan nintzen, eta bosgarren eta azken luzeari ekin zion Peloiak.

Hemen, lehen atxiperrea sartzen.

Sartu, eta aurrera!

Pixka bat eskuinera joan nintzen, Peloia bistatik ez galtzeko, eta beste argazkiren bat ateratzeko aukera izateko.

Tontor horretara iritsi ondoren, eskuinera jarraitzen du bideak.

Orain, krokisari begiratuta, konturatu naiz Peloia dagoen tokitik zuzen gora jotzen duen bariante bat ere badagoela. Hori ere hurrengorako.

Bilgunera iristen.

Iritsi zen bilgunera

Laugarren bilgunetik bista ederra dago mendebalderantz. Ederki ikusten nituen Gorbeia eta Entziako parke eolikoa, besteak beste.

Argazki bat atera nuen, baina oraindik ere ez zait garbi geratzen zerbait bereizteko modurik badagoen.

Luze polita bosgarrena ere. Aurreko biak baino errazagoa, baina oso polita. Bista ederrekin gainera. Nik baino bista hobea beharko duzue argazki horretan zerbait antzemateko.

Abiatu nintzen, eta laster iritsi nintzen bidearen amaierara.

-Bide hau askotan egin behar diagu -esan nion Peloiari.

-Bai, horixe iruditzen zatak!

-Izena ere aproposa dek guretzat!

Bidearen amaieratik ederki ikusten da nondik etorri garen. Oreretako eskalatzaileetako bat ere hortxe dago.

Trasteak jaso genituen, soka behar bezala jaso eta soinean jarri nuen.

Beherako bidean, gure horma sekretuari begira geratu ginen, liluratuta.

-Ikusten al dek hori? Hor hiru bide eder irekitzeko aukera ziok.

Pena ez nuela argazkirik atera. Beno, pena ez. Horrelak gure hormak sekretua izaten jarraituko du.

Lezera jaitsi, autoan sartu eta Zumaiara.

-Gaur ez diagu tragoa hartzeko astirik izango, ezta?

-Ba, ez.

-Lastima! Hurrengorako hori ere!

Gortu!

Eginon

Larunbatean, hillaren 23an, Eginora joan ginen Peloia eta biok. Aurreko astean Aiako harrian ibili ondoren, zenbait luzeko bide bat egitea geneukan buruan. Hasiera batean, Atxarteko Urresteiko ertza egitea pentsatu genuen, baina, azkenean, Eginora joatea erabaki genuen.

Arista de los caracoles bidea aukeratu genuen. Lehendik ere ezaguna, urtea amaitzeko egiten genuen bide erraz eta luzea. Erraza, baina oso polita. Azkenerako, altuera sentsazioa ematen duen bidea.

Bezperan, Peloiak:

-Bihar ze ordutan? Onen orduan, e! Gaur afaria zeukat eta!

Zortziretan abiatu ginen, eta Eginora iritsi ginenean, 4ºC-ko tenperatura zegoen.

-Ez ziok hotza pasatzeko beldurrik! Aurrenengo aldapen gora ederki berotuko gaituk.

Hormara iristeko, aldapa ederra dago azken tartean.

Hemen Peloia aldapan gora.

Ikusten den moduan, giroa zoragarria zen. Ederki egoten zen eguzkitan.

Peloiak esaten zuen moduan, guk hezurrak berotzeko beharra daukagu, eta horregatik ibiltzen gara orain lehen baino beranduxeago.

Halako batean iritsi ginen bidea hasten den lekura. Beno, egia esan, ez da erraza bidea non hasten den jakitea.

Motxilak kendu eta trasteak soinean jartzeko leku justu samarra zegoen toki batean geratu ginen, eta handik ekin genion bideari.

-Nik uste diat, azken aldian, hortik eskuinera eta pixka bat gorago joan ginela, eskalatzen hasi baino lehen -esan nion Peloiari.

Baina, hala ere, geunden lekutik hastea erabaki genuen.

Peloiak ekin zion bideari, beti bezala.

Lehen luzea zikin samarra da. Baina gustura egin zuen Peloiak, han eta hemen totemcamak sartuz. Traste ederrak dira gero!

Iritsi zenean, abisua eman, eta han abiatu nintzen ni ere. Sorbalda askoz hobeto igartzen dut, eta gustura igo nintzen ni ere.

Bilgunean trasteak hartu, eta bigarren luzeari ekin nion.

Konturatu gabe, nahi baino gorago joan nintzen, ezkerrera sartu baino lehen. Eta espoloiaren beste aldera begiratu nuenean, parabolta eta ez dakit zenbat urte daramatzan fisureroa ni baino beherago zeudela konturatu nintzen.

Maniobra batzuk egin, eta laster heldu nintzen bigarren bilgunera.

Badator Peloia ere bigarren bilgunera.

Zerua urdin-urdin zegoen. Baina, une batean, mendebaldeko haize fin bat sentitu genuen, eta hodei batzuk ere azaldu ziren. Ez zuen asko iraun hala ere. Etorri bezala joan ziren hodei eskas haiek.

Gustura zebilen “katxarreatzen”, atxiperreak sartzen. Horretarako bide aproposa da.

Egin zuen hirugarren luzea, eta abiatu nintzen ni ere. Ordurako alde egin zuten hodeiek.

Iritsi bezain pronto, laugarren luzeari ekin nion.

Hemen Peloia hirugarren bilgunean goitik ikusita.

Denbora dezente joan da bide hau azkena egin genuenetik, eta ez genekien seguru bi luze edo hiru faltako ziren.

Baina kalkuluak egiten ari ginen ordurako.

-Uste diat, Peloi, azken luzea, eleganteena, niri tokatuko zaidala.

-Kabroia! Bigarrena ere hiri tokatu zaik! Eta niri luze eskas danak!

Bukatu nuen laugarren luzea, eta Peloia ere bizkor etorri zen. Trasteak eman, eta bosgarren luzeari ekin zion.

Ikus daiteke ordurako zerua berriro ere urdindu zela.

Eskuinean ikusten den zulotik pasatu, eta metro gutxira dago bilgunea. Erosoa gainera.

Iritsi nintzen eta seigarren eta azken luzeari ekin nion.

Metro batzuk igotakoan, argazkia atera nion Peloiari.

Peloiak ere atera zizkidan argazki batzuk. Kamera eta guzti joan zen eta. Eskertzekoa da, kronikea egiteko.

Amaierako plaka ederrean.

Pena eta guzti ematen du plakaren amaierara iristeak. Gozatu ederra hartu nuen.

Bilgunea prestatu, arkaitz-zubi bat aprobetxatuz eta bi totem sartuta, eta Peloiari hasteko abisua eman nion.

Badator.

Iritsi zen Peloia ere. Berehala bota zidan berediktoa.

-Orain gradua egiten hasi behar diagu. Hurrengoan Atxartera, deportibea egitera.

-Bai, jauna. Sorbalda honek ematen dik ez daukala kuidadorik.

-Orain, burua egin behar diagu -Peloiak-. Paretean ohitura hartu behar diagu.

-Ze esaten dek buruari buruz? Edozeinek adituta ere…

Eta horrelaxe, txorakeri artean, gauzak motxiletan sartu eta mendiaren gailurrerako geratzen diren metro eskasak bete genituen.

Eta han zer aurkituko…

-Hara! Hemen ere mugarrie!

-Larregi ez dek urruti ibiliko.

Hurbilagotik ere atera nion argazkia.

Olano mendia ere handik oso hurbil dago. Aratz ere ez da urrun ikusten. Eta Egino aldera begira jartzen bagara, eskuinean (mendebaldean) Agurain ikusten da, eta ezkerrean (ekialdean), sakana, Beriain nagusi dela.

Betiko bidetik jaitsi, betiko komentarioak eginez (teleferikoa noizko den eta abar), eta laster iritsi ginen herrira. Autoa hartu eta Zumaiara.

Inpernupen zerbeza bat hartzen ari ginela, Erki hurbildu zen, eta ea eskalatzen egon ginen galdetu zigun. Eta zer diren gauzak: hura ere Arista de los caracoles egitera joan zen. Baina ez genuen elkar ikusi. Izan ere, bidea hasten den lekura iritsi zirenean, haren laguna ohartu zen arnesa etxean utzi zuela. Ez dut pentsatu nahi zer gertatuko zen nik Peloiari hori esango banio.

Ba, esandakoa. Hurrengoan, gradua egitera joan beharko dugu Atxartera. Bitartean, Gortu!

Basurde-burua eta basurdea buruz

Dagoeneko joan dira sei hilabete luze azkena eskalatzera joan nintzenetik.

Peloiari esaten nion txabalilloren batekin joateko. Baina, ordutegiak ez omen dituzte oso bateragarriak, eta iruditzen zait alabarekin behin edo behin joan bada ere, rokodromotik kanpo ez duela denbora askorik aprobetxatu.

Niri martxoaren bukaeran sorbaldak krak hura egin zidanetik, eskalatzeko aukerak erabat murriztu zaizkit. Uztailaren erdialdean Zarauzko Matian hasi nintzen errehabilitazioan, eta oraindik han jarraitzen dut. Orain sorbalda askoz ere gehiago mugitzen dut, eta txori txiki batek esan zidan eskalatzen hasi beharrean nengoela. Kontu handiz, hori bai. Beste krakateko batek ez lidake mesederik egingo.

Basurde-burua

Larunbatean, hilak 16, Mugarrien buelta erdi klandestinoa egin genuen. Eta ohitura zaharrari jarraituz, Peloiak eramandako basurdeburua jan genuen San Lorenten, hamaiketakoan.

Ohi bezala, egun ederra pasatu genuen. Eta, egunaren bukaeran, Peloia burua jaten hasi zitzaidan Aiako Harriko Basurdeen begiratokia egitera joateko biharamunean.

Basurdea buruz edo basurdeak beti basurde

Basurdeen bidea buruz dakigu honezkero. Horrelaxe, bada, igandean Aritxulegi aldera abiatu ginen. Hasieran zalantzan nengoen, bezperako nekeagatik eta abar, baina laster eman nuen amore:

-Bale! Baina oso goiz ez, e!

Iritsi ginenerako hiru lagun lehen bilgunean zeuden. Harrituta geratu ginen. Nola zitekeen norbait gu baino lehenago sartzea horman. Horrelakoetara ez gaude ohituta.

Autoa Aritxulegiko aterpean utzi, trasteak hartu, eta hormara abiatu ginen, artean bezperako nekea oinetatik kendu ezinik.

Eskalada hori askotan deskribatu dut, eta ez naiz berriro hasiko. Luze bakoitiak Peloiak egin zituen aurretik, eta bikoitiak, nik. Eta zer egoeratan nagoen ikusita, konforme geratu nintzen. Ez dago aitzakiari hemendik aurrera.

Argazkirik ez nuen atera (Peloiak ere ez, noski), azken luzera iritsi arte. Han, postureo pixka bata egiteko eskatu nion Peloiari. Ez neukan kronikarik idazteko gogorik, baina banekien batek behintzat irakurri nahiko zuela. Eta, horretarako, argazki pare bat behar nituen, behintzat.

Postureoan nagusi!

Eta bidea amaitzen

Gero, Aritxulegiko aterpera joan ginen. Mokadutxo bat jan eta Zumaiara bueltan.

Hemendik aurrera ea lata pixka bat ematen dugun.

Gortu!

Kontrasteak Hego Untzillaitzen

KU-KU!

Aurreko asteburuan Atxarten izan ginen Peloia eta biok. Hego Untzillaitzen. Larunbatean, eguraldi ilun samarrarekin, Gatzaieta baserriaren ondoko aparkalekuan autoa utzi, eta Hego Untzillaitzera abiatu ginen.

Baina, oraingoan, sektore berri bat probatzeko asmoarekin. Elosuko harrobian eta Labarganetan askotan izan gara. Larunbatean, berriz, Saukuko behekoa behekaldea sektorera jotzea erabaki genuen.

Autoa utzi eta oinez bost minutu egin baino lehenago:

-Ostia! Krokisak ez dizkiat hartu!-Peloiak.

-Juan Olvidos memoria de grillo! Guantxe jungo nauk kotxea bila. Eon hai pixka bat!

Motxila Peloiarekin laga, eta autora itzuli nintzen krokisen bila. Horiek gabe nahiko lan izaten dugu!

Peloiak berriro ere:

-Uste diat kukua aitu detela!

Eta berehala entzun genuen argi eta garbi. Ku-ku! Ku-ku!

-Hik ba al dakak diruik karteran?

-Askoik ez, baina zeozer bai.

-Aurten ere salbatu diagu urtia!

Kukua ez zen isildu ere egin goiz osoan. Hala ere, giroa, ilun samar zegoen.

Tarraka-tarraka, iritsi ginen gure sektorera.

Lehenengo hiru bideak egin genituen.

Hasteko, lehenaren lehen luzea, 5c-koa.

Gure hormaren eta goian ikusten den horma beldurgarri horren artean, Untzillaitzera igotzeko diagonal txikia izeneko bidea pasatzen da. Eta asteburuetan, batik bat, jende ugari pasatzen da hortik gora eta behera. Batzuetan beldur pixka bat ere ematen du, harriak botatzeko arriskua hor dagoelako. Eta kaskoak ez dira guk nahi bezain gogorrak.

Peloia bigarren bidean

Egin nuen nik ere bigarren bidea, eta bilgunera iritsi nintzenean, hiru tipo goitik behera.

Eta nik neure artean:

-Nik hau ezagutzean diat ba. Baleiken ere agertu dek dala gutxi.

-Iepa!- esan nion.

Eta ezagutu ninduen Landerrek:

-Joño! Nik tarteka irakurtzen diat hire bloga. Idatzi gutxi, baina jardun bazibiltzate, ezta?

-Bai. Saiatzen gaituk.

Agurtu eta goitik behera jarraitu zuten hirurek. Nik ere beherako bidea hartu nuen. Baina kontzientzia atximurka hasi zitzaidan:

-Zeozer idatzi beharko dek, ezta?

-Idatzi? Ze pereza. Eta zertarako? Kattanek ere ez zidak irakurriko eta.

Kafetxo bat hartu, bizkotxo pixka bat jan, eta hirugarren bideari ekin genion.

Ze sibarita bihurtu garen! Mendira kafiakin, txorrostakin… Barritak eta letxiak!

Laugarrn bidea gogortxoa ikusi genuen, eta bosgarrenari ekin genion. Eguneko errazena izan arren (5b zailtasunekoa) hartan ibili nintzen okerren.

Beherako bidean, Elosuko harrobitik pasatu ginen. Bagenuen susmoa rokodromoko pare bat lagun han egongo zirela, eta hantxe zeuden. Pena ez niela argazki bat atera.

Hala ere, Peloiak berehala bota zien perla:

-Oyes! De primero eskalatu bihar dek, e! Horrela ez.

Ainhoa eta Mante agurtu eta beherako bidea hartu genuen.

Orain, Peloiak esaten duen moduan slow mountain egiten dugun honetan, presak alde batera utzita, eta maskarilla jantzita, Mañarian trago bat hartzera geratu ginen, etxera itzuli aurretik. Bista ederra terrazan, Mugarrari begira.

-Ez dek leku txarra beraneatzeko! Jende gutxi eta haitza lepo!

KA-KA!

Horixe pentsatu nuen krakatekoa sentitu nuenean.

Astelehenean, martxoak 29, Atxartera joan ginen, berriro ere. Giro hobearekin, baina kukuaren arrastorik gabe. 29 ez dut uste egunik aproposena denik niretzat. Eskaladako istripurik larriena 2007ko uztailaren 29an izan nuen. Ederki deskribatu zuen Larregik gortuko sarrera batean. Zoritxarrez, uste dut galduta dagoela. Nik behintzat ezin izan dut aurkitu.

Astelehenean giroa askoz ere hobea zen. Gorbeia parez pare geratzen da Untzillaitzen hegoaldetik.

Eguraldi garbia izan arren, haize zakarra zebilen.

Labarganetara joan ginen, eta eskubiko aldera jo genuen, bide erraz batekin hasteko.

Motxila kendu eta gauzak ateratzen hasi nintzenean, konturatu nintzen zerbait lurrean uzten banuen hegan joango zela Mañariaraino.

-Hi, Peloi! Goazen beste nonbaitea. Haiziak hegan eramango gaitu bestela.

Berehala alde egin genuen handik. Betiere Nostradamus bideari begiratu eta gero:

-6c! Eta gainera, krokis zaharrean mantenido jartzen dik.

-Hori in beharra ziok jubilatu baino lehen!

Haizeak bidalita, gora jo genuen, Koberretape izeneko sektorera.

Han ere ez zen giro haizearekin, baina, hala ere, pixka bat erosoago egon zitekeen.

Lehendabizi, erlatiz honetara igo ginen.

Bideek izugarrizko itxura zuten, baina merkeena 6a+ zailtasunekoa da.

Berotzeko, beste zerbait bilatzea pentsatu genuen, eta berriro ere beheko aldera abiatu ginen. Erlaitzetik beherako tartea aprobetxatuz, bi eta hiru luzeko bide batzuk daude, ikastaroetarako eta prestatuta, eta haietatik hastea pentsatu genuen.

Peloiak geroago esan zuen moduan beheko luze horiek preszindibleak dira. Eta ni ere iritzi berekoa naiz.

Egin zituen Peloiak 11. bidearen lehen bi luzeak (4a eta 5c), eta gero nik egin nituen.

Ondoren, 10. bidearen lehen biak (5a eta 5b) egin zituen, luze bakar batean, aurrekoa bezala.

Esan bezala, lehen luzeak errazak dira, baina seguruak ez daude oso hurbil, eta hasiera etzana denez, hautsa zegoen haitzean itsatsita.

Halaxe, nik bigarren bideari ekin nionean, irrist egin eta ezkerreko besotik zintzilik geratu nintzen. Sekulako krakatekoa sentitu nuen, baina ez nuen eskua askatu. Hasieran, sorbalda atera nuela pentsatu nuen. Gero, tendinitisa egin ote nuen pentsatu nuen.

-Erosi txak katu hanka berriak! Mythosak!

-Marrua aituta ere, hi adarra jotzen! Kraboia!

Ez dakit zer daukadan, baina sorbalda oraindik ez dago behar bezala, eta indar falta sumatzen dut. Dana dala, bihar ere proban jarri beharko dugu, ea zer dioen.

Esan nion Peloiari jaisteko, eta berriro ere bide bera eskalatu behar izan zuen, materiala errekuperatzeko.

Nik, bihotz onekoa izanda, esan nion Peloiari:

-Nik gaur ezin diat eskalatu. Auskalo noiz egongo naizen berriz eskalatzeko moduan. Baina, nahi badek, in zak hor goiko bia bat. Nik aseguratuko.

Bi aldiz pentsatu gabe, goiko erlaitzera jo genuen berriro ere.

Zulotik zulora bidea aukeratu zuen, 6a+ zailtasunekoa. Beno, aukeratu zuen edo aukeratu nion:

-In zak hau! Itxura ederra zeukak!

Bai egin ere. Erraz eta ondo egin zuen. Sobrao y eso.

Eta ni inbiditan, probatzeko aukerarik gabe. Eskalada ez da leihaketa, baina Peloiak egiten badu, nik zergatik ez? Hor geratu da erronka ahal denerako.

Zorte pixka batekin, bihar bertan izango dut arantza ateratzeko aukera. Ea zer dioten nire sorbaldak eta Peloiak.

Gortu!