Bi basurde haizetan

Gaur, martxoak 11, eskalatzera joan gara Peaso eta biok.

Atzo egun mugitua geneukan, baina ez nengoen prest beste asteburu bat eskalatu gabe geratzeko. Beraz, arratsaldean whatsappa bidali nion Peasori, ea gaur eskalatzera joan nahi zuen. Nahiko ez zuen ba! Zeukan plana albo batera utzi, eta han agertu da gaur goizean txintxo-txintxo.

Aritxulegira iritsi eta Basurdeen begiratokira jo dugu zuzen-zuzen. Haize galanta zegoen, espabilatzeko modukoa. Hantxe sendatu naiz.

Trasteak ateratzen hasi naizenean, Peasok hauxe esan du, sokari begira:

-Honek hitz egingo balu! Zenbat istorio kontatuko ote lituzke!

-Denetik entzun behar izan dik gizajo honek -erantzun diot.

Behin, galdetu zidaten ea zergatik ez nuen kolore amableagoko soka erosi. Daltonikoekin eskalatzeagatik gertatzen zait hori.

Bideari buruz, ez daukat ezer berririk esateko, askotan egin dut eta. Baina, gaur ere, gustura ibili naiz Peasorekin. Bera ere gustura geratu dela esango nuke, eta bueltatzeko gogoz.

Gainera, eskalatu bakarrik ez, bere kronika ere egin du. Ez da makala!

Orain arte paretean oso gutxi ibili denez, nik egin dut aurretik bide osoa. Peaso ederki moldatu da tirriki-tarraka. Lehen luzea bukatutakoan, hankak kargatuta zeuzkala esan dit.

-Hankak bakarrik badira, ez dek ezer. Burua kargatzea izaten dek txarra!

Baina, handik aurrera, ez du batere kexarik izan. Nik hotz pixka bat pasatu dut, tarteka. Haize bolada gogorrak etortzen ziren eta.

Zenbat eta gorago, orduan eta bista hobeak geneuzkan.

-Han Ernio eta Izarraitz -nik.

-Eta hura Anboto izango dek -Peasok.

Itsasoa, Pasaia, Donostia, Matxitxako arterako Bizkaiko Golkoko kosta… Bista gero eta txarragoa daukagun arren, zenbat gozatzen dugun begiratu hutsez.

Argazkiak ez errepikatzeagatik (Peasoren kronikan badaude), hona hemen bideo bat. Musika haizeak jarri du.

 

Arritxulo aterpetxean zerbeza eta txorixo pintxoa hartu, eta ederki geratu gara. Autoan sartu, eta gustura (baina ahozabalka) etxera. Goiza ederki aprobetxatu izanaren sentsazioarekin.

Ea Egino, Aiztondo eta horrelakoetan noiz hasten garen. Eguraldiak pixka bat onera egin beharko du, eta Peloiaren orkatilak ere bai.

Ea hurrengo astean ere zerbait egiten dugun!

Gortu!

 

 

Aritxulegin, hila bukatzen

Asteazkena dela aprobetxatuz, Aritxulegira joan gara gaur arratsaldean Peloia eta biok.

Astegun buruzurian eskalatzeak ematen duen plazerarekin puztu-puztu eginda, Aritxulegiko Tetxo sektorea izenekora jo dugu zuzenean. Izerditan iritsi gara. Hura zen giroa!

Hasteko, Detranki (5b, 25m) bidea aukeratu dugu. Larregirekin joaten nintzenean, normalean bera hasten zen eskalatzen. Hori izaten zen inertzia. Eta Peloiarekin ere aspaldian kontu bera izaten genuen: Peloia hasi eta nik jarraitu.

Baina gaur:

-Hi hasiko al haiz?

-Nahi badek heu hasi.

-Nahekena.

Eta ilundu baino lehen, neuk ekitea erabaki dut. Hasieran sentsazio arraroak izan ditut, baina poliki-poliki iritsi naiz bilgunera.

-Hire esku, romanesku! -bota diot kontsigna Peloiari, ni jaisten hasteko moduan dagoela jakinarazteko.

Igo du ondoren Peloiak, eta pixka bat beherago dagoen Puka (5a, 20m) bidean sartu gara. Berriro ere nik egin dut lehendabizi, txandarekin jarraitzeagatik, eta ondoren, Peloiak.

Biok bakarrik geundenez, eta hasiera batena kronika egiteko asmorik ere ez nuenez, argazkirik ere ez dugu atera. Baina, bai bideo bat Puka bidearen amaierara iristen ari zela.

 

Handik Enarri sektorera jo dugu. Badago han Aialde (5c, 15m) izeneko bide bat, lehenago ere arazoak eman zizkiguna. Behin, Peloiak erortzean mina hartu zuen orkatilean. Beste batean, Mutuarekin izan ginen, eta orduan egin genuen, ondo kostata, hark zintak jarri ondoren.

-Bide hori madarikatuta ziok! Ondokua egingo diagu.

Eta, horrelaxe, Gure ametsak (5c, 15m) bideari ekin diot. Jaisterakoan ondoko bidearen lehen bi expresak jarrita utzi ditut. Peloiaren txanda. Peloiak ere arazorik gabe egin du. Eta jaitsi dudanean, bide madarikatuari ekin diot, baina ataskatuta geratu naiz berehala. Asegurua gerriaren parean neukanez, ezin esan buelorik egin dudanik ere. Baina han ibili naiz, postura egokia aurkitu ezinik.

Peloiari utzi diot, eta erraz samar atera du pausoa. Hala ere, handik irtendakoan jadanik eginda zeukala esaten nion, baina artean ez zebilen fin. Garbi pasatu da, hala ere. Jaitsi dut, eta nik ekin diot berriro ere.

Bigarren saioan, borroka dezente egin ondoren, pasatu ditut ditxosozko bi expresak eta helduleku onari heltzera nindoanean, ukalondoarekin irtengune bat jo eta behera. Baina asegurua bertan neukanez, metro eskas bat ere ez da izan.

Segi, berriro ere. Banindoan handik aurrera, jadanik lasaiago. Hirugarren asegurua txapatu, eta laugarren asegurua txapatu behar nuenean, heldulekua hautsi zait.

Peloiak harri zati bat ikusi omen du erortzen, eta atzetik Gortuko kamiseta bat gorputz kaskodun bati atxikita. Vueling.

Orduantxe altxatu da Peloia bere eserlekutik, eta ni ere nahiko gertu geratu naiz. Gainera, azken unean, soka hormatik kanpo aldera geratzen zenez, harekin kateatu eta buelta eman dut. Buruz behera geratu naiz pare bat segundo, salamancako txorizoak egoten diren moduan. Buelta eman, Peloiari begiratu, eta hark:

-Earra inbentua gri-gria! Ez nian espero hor erortzerik!

-Nik ere ez!

Heldulekua hautsi denean, une batez pentsatu dut non ote zegoen azken asegurua, baina pentsatzen bukatu baino lehen behean nengoen.

Berriro ekin, bidea bukatu eta behera jaitsi nau Peloiak. Orduantxe, mendebala sartu da eta asko freskatu du kolpetik.

-Bestela ere nahikoa eginda geunden, baina goazen Arritxulora zerbeza bana hartzera!

Eta horixe egin dugu. Zumaiara iritsitakoan, ohitura zaharrari jarraituz, Aitzuri frontonean kaña bana hartu eta kanpoan eseri gara.

Eta halako batean:

-Hara! Zer ari zarete, bertsotan? -Joanito Dorronsorok, adar joka.

-Hik jarri puntua, honek erantzungo dit, eta nik txalo joko -Peloiaren erantzuna.

Gaztetzen ari garela esan digu Joanitok, eta berak ere itxura ederra duela erantzun diogu, halakoxea du eta. Bejondeizula, Joanito!

Ea Larregi eta Mutua ere inguratzen zaizkigun halako batean. Gaur bertan Loperekin egin dut topo, eta berriro ere eskalatzera joan behar dugula aipatu dugu.

Gortu! Ez biundu!

 

 

 

Aritxulegin, urtea hasten

Kostata, baina egin dugu urteko lehen saioa. Benetako Eskual Herriya, Santa Krutz apaiza gau batian Azpeitiraño juten huan… Garbi dago Aritxulegin egon ginela atzo.

Esaten nion Peloiari ez nuela uste iganderako haitza lehortuko zenik, baina badaezpada ere, Aritxulegira joatea pentsatu genuen.

-Besterik ez bada, mendi buelta (vuelta de monte) egingo diagu- bota zidan Peloiak.

-Txabalitoik ez al dago prest gurekin etortzeko?

Bati eta besteari esan, eta atzo goizean, Axi eta Lope agertu ziren Peloiarekin batera.

Aritxulegira iristean, Basurdeen begiratokia bustita zegoela ikusi genuen. Autoa Arritxulo aterpetxean utzi eta Fuxina sektorera abiatu ginen. Goiz osoan, gu bakarrik egon gara eskalatzen. Jendea mendian bai, baina eskalatzen geu bakarrik.

Bide batzuk erabat blai zeuden, eta lurrean ere lokatza baino gehiago ura ikusten zen leku askotan. Krokisa begiratu eta Peloia eta Lope 1. bidera abiatu ziren (Urwtan 4b), eta Axi eta biok, 7. bidera (Mitxi, 4c).

Ondoren, gominolaren bat jan eta bideak trukatu genituen. Ordura arte, binaka eskalatu genuenez, ez genuen argazkiak ateratzeko tarterik hartu.

La pasada (5b, 20m) bidea aukeratu genuen ondoren. Koskatxo bat du hasi eta berehala eta horixe da bidearen zailtasun handiena.

Peloiak ekin zion. Hor dago koskaren azpian.

Rokodromoan zaildutako gizonarentzat, gauza erraza.

Eta konturatzerako, eginda.

Gero, Lopek ekin zion, soka goitik zuela.

-Hau dana bizkarrera altxatu behar al da?

-Ez, gainetik pasatzen bahaiz, nahikoa dek!

Bai pasatu ere.

Bukatu, eta behera.

Nire txanda, ondoren.

Koskak koska…

Aurrera.

Eta Peloia aseguratzen.

Bukatzeko, Axiren txanda.

Iritsi zen koskara, eta han ibili zen pixka batean borrokan.

Peloiak gauza bat esaten zion, nik beste bat, eta hark ahal edo nahi zuena egiten zuen. Eta ditxosozko pausoa pasatu ezin.

-Ez dek ezer, motel! Hurrengoan konturatu gabe egingo dek.

Ez zen oso gustura geratu, baina saiatu ginen animatzen, horrelakoak denoi gertatzen zaizkigu eta.

Orduak aurrera zihoazela eta, Arritxulora joan ginen zerbezatxoa hartzera.

-Gaur bai musika ederra! -Peloiak- Bertan bazkaltzen geratzeko gogoa ematen dik!

Baina Zumaiara bueltatu ginen, zintzo-zintzo. Bidean sagardotegiren batera joateko ideia ere atera genuen, etxean bazkaldu behar genuela jakin arren.

Axi eta Loperekin oso gustura. Esan genuen berriro ere elkartu behar dugula, gutxienez Basurdeen begiratokia eta Txindokiko ertza egiteko. Ea lehenbailehen den!

 

Gortu!

 

Urdaburu ertz herrikoia (Kopako harria)

Atzo, egunsenti ederrarekin hasi genuen eguna. Kopako harrian izan ginen Larregi eta biok.

Goizeko zazpietan jaso nuen moilan eta Oiartzun aldera jo genuen. Esan nion etxetik atera nintzenerako Azkoin baserria eguzkiaren argitan zegoela.

Pasatu ginen Aritxulegi gainetik, tunela zeharkatu eta Endarako urtegira iritsi ginen, Nafarroan, Lesakako bidean.

Errepidearen gainean ikusten den hori da Kopako harria (Kopakarri ere esaten zaio). Jatetxe baten ondotik pasatu, eta zementuzko pista batean gora joan ginen.

Hauxe gure parkinga.

Eta abiatu ginen Kopako harri aldera.

Lehen ere izan ginen paraje hartan, baina pasatuko ziren hamabi bat urte harrezkero.

Azkarregi joango ginen akaso, lehen bueltan ia mendiari buelta osoa eman genion eta. Iparraldeko aldera iritsi bezain pronto buelta hartu eta bigarrenean berehala bilatu genuen Urdaburu ertz herrikoia bidearen hasieran.

Bidearen hasieran, perretxiko bila.

Larregik ekin zion lehen luzeari.

Azkar abiatu zen, horregatik ikusten da argazkia mugituta. Hasi eta berehala pauso arraro samar bat dauka bideak. Asko pentsatuz gero besaurrea kargatzen duen horietakoa.

Hotz samar harrapatu gintuen, baina handik aurrera bideak ez zeukan misterio handirik, zailtasun aldetik.

Hemen ni lehen bilgunetik bigarren luzearen hasierara iristen. Parajea ikaragarria da.

Larregi inspiratuta zegoenez, bigarren luzea ere berari utzi nion.

Larregi gorantz eta ni aseguratzen.

Itzalek irudi ederrak erakutsi zizkiguten.

Bukatu genuen bigarren luzea ere. Eta azkenik, nik ekin nion hirugarren eta azken luzeari.

Larregik argazkian bi putre atera zituela esan zidan. Ez nuen ikusten zer edo nor neukan gainean, baina banekien zertaz ari zen.

Berehala iritsi zen Larregi bilgunera. Eguzkitan .eus-eko kamiseta zuri horrekin, kosta egiten da ikustea.

Elkarri eskua eman, urari trago bat jo, barritaren bat jan eta beherako bidea hartu genuen.

Artean goiz zenez, Eguzkilore sektoreko Bisben bidean sartu ginen. 5c-ko zailtasuna du eta ongo samar egingo genuela uste genuen. Ederki apaldu gintuen bideak.

Nik ekin nion.

Hortik gora horma oso bertikal jartzen da eta atzerantz ere botatzen du argazkian ikusten den ertzera iritsi bitartean. Hala ere, helduleku onak ditu eta ez da hain zaila horraino iristea.

Ondoren hasi ziren kontuak. Zuzenean, ezin. Eskuinetik, ezin. Azkenean, pixka bat ezkerrera jo nuen, eta pasatu nuen trantzea, nola edo hala.

Nire arrakasta ikusita, Larregik soka goitik zuela eskalatzea pentsatu zuen.

Oraingoan behintzat .eus-ekoak gustura egongo dira gurekin. Kasualidadez (egia da) Larregi eta biok .eus-eko kamisetarekin agertu ginen, eta etekina atera nahi diogu, hurrengoan beste kolore bateko kamisetaren bat jasotzeko asmoz. Izan ere, kamiseta zuria egokia izango da yatean ibiltzeko, baina mendirako…

Soka goitik izan arren, nahiko lan izan zuen Larregik ere. Baina ederki ikusten zaio sponsorraren propaganda.

Larregik amaitu zuenean, berotzen hasita zegoenez, goiz samar izan arren Zumaiarantz abiatu ginen. Abiatu, bai, baina Arritxulo aterpean geldialdia egin genuen lehenik. Hidratazio planaren lehen zatiari ekiteko.

.eus eguna amaitzeko, frontoiaren kanpoan hidratatzen ari ginela,

Gorkak esan zigun bera ere kamiseta berdin-berdinarekin ibili zela goizean lasterka. Ez dago kexatzeko moduan nik dakidan bat.

Gortu!

 

 

Eguraldi txarrari aurrea hartzen, Aritxulegin

Arratsaldean, etxean lanean ari nintzela, Peloiaren WathApp mezua.

Pintxo poteako izango dek, neure artean. Baina, ez. Eskalatzera joateko proposamena zen. Seietan amaitzen zuela Zarautzen eta ea handik zuzenean eskalatzera joango ginen.

Hauxe izan da nire hurrengo pentsamendua: Eguraldi txarra baino azkarragoak izan gaituk gaur.

Bien bitartean, krokisa hartu eta, denbora gehiegi izango ez genuela jakinda, zer sektoretara jo pentsatzen hasi naiz. Fuxinara joatea erabaki dut.

Zazpiak laurden gutxi aldera edo iritsi gara Arritxulo aterpera, eta neska-mutil pila bat zegoen han, naturaz gozatzen. Trasteak hartu eta hormara, tipi-tapa.

Iritsi gara Fuxina sektorearen ezkerreko aldera eta 2. bidetik hasi eta ezkerrerantz joatea erabaki dugu. Ni hasi naiz gaurkoan, normalean Peloiari uzten badiot ere.

Lehenengo bidea, Ez du (5b, 20 m), egin dut, baina ez oso sentsazio onekin. Deskuelgean segurtasuneko mosketoi pare bat jarri, eta behera.

Peloiak ekin dio ondoren.

Dotore aritu da, nirekin konparatuta. Aitortu behar dut pixka bat pikatu ere egin naizela.

Konfiantza handia hartu du gure Peloiak, eta asko igartzen da.

Pauso gogorra pasatu eta iritsi da bilgunera.

Jaitsi denean, bilgunetik elurtuta ikusten den mendia bere ustez Orhi dela esan dit.

Hala dela esango nuke nik ere.

Sektorera iritsi arte dezenteko beroa egiten zuen, baina eskalatzen hasterako galerna moduko haize freskoa sartu da, eta beldurrez genbiltzan hasieran, euria egingo ez ote zuen pentsatuta.

Nik ekin diot bigarren bideari ere, La pasada (5b, 20 m) izenekoari. Bidea aurreko bidearen bilgune berera doa, eta horregatik utzi ditugu segurasuneko mosketoiak bertan. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela deskuelgeak dauden lekuetan, behin baino gehiagotan igo behar denean, nork bere materiala jarri behar duela, horman finko dagoenari desgaste txikiagoa eragiteko.

Bigarren bidea eskalatu dut, baina ez oso txukun.

-Hi a vista ez habil oso fin! -botako lidake nik dakidan batek.

Peloiak, berriz, erraz eta ondo egin du.

Gustatzen zaigu adarra jotzea, baina horrela dabilenak aitortza ere merezi du. Gortuko kamiseta flamantearekin (ea hurrengoei atzean zerbait jartzen diegun. Sponsorrak ere onar daitezke).

Pixka bat gorago (eta ilunago…).

Jaitsi denean, ezkerrera beste pausotxo bat eman eta Intxalbe (5b, 20 m) bidearen azpian jarri gara.

-Nahi al dek hik hasi, Peloi?

-Ez, ez. Hoztu gabe. Segi hik berriz ere.

-Benga, ba.

Hasi naiz. Desplometxo eder bat hasteko, helduleku ederrekin… eta oraingoan, bai. Ederki pasa naiz. Gozatu egin dut. Gora iritsi, eta Peloiak berehala jaitsi nau.

Peloiaren txanda.

Ederki egin du, gaurko bide guztiak bezala.

-Ez zegok gaizki, Pelon! Ordubetean hiru bide egin dizkiagu!

-A vista, no? -Peloiak bueltan.

Arritxulon zerbezatxoa hartu, eta Zumaiara. Pintxo potea baino hobea. Guretzat bai behintzat.

Por tzierto: gaur Klaudioren urtebetetzea. Zorionak, Klaudio! (zeozer ordaindu beharko dek).

Bidean, aurtengo proiektuei buruz ere hitz egin dugu.

Herri baten sustraiak, Txemi, Gu ta gutarrak… Picu Urriellu…

Batzar bat egin beharko dugu, erabakiak hartzeko.

Gortu!