Irrintzi

Gaur, ekainak 19, Aiztondon egon gara Peloia eta biok. Arratsaldeko 5etan bukatu du gaurko lana, eta Zarauzko Itxas Mendi auzoan. Hantxe jaso dut eta Uharte-Arakil aldera abiatu gara.

Giro eskasa gure inguru honetan, baina askoz ere hobea Lekunberritik aurrera.

Gortuko bi gazteok jo ta fuego gabiltza azkenaldian. Bueno, jardun baino gehiago, jardun nahian. Baina eguraldia kontra izaten dugu normalean.

Beste bi zaharrak Gortutik bota ezinik gabiltzanez, gaur bidean pentsatu dugu zatiketa egin beharko dugula, eta gure kontura jardun behar dugula. Ikusiko dugu.

Iritsi gara seiak jota hormaren azpira. Peloiak motxila handia hartu du bizkarrean, materialarekin eta bi sokekin. Nik, berriz, nire atakeko motxila txikia.

-Gidaria eta bezeroa ematen diagu, Peloi! -egin diot burla.

-Eskerrak hurbilketa ez den oso luzea!

Eta, halaxe, berehala iritsi gara hormaren azpira. Bero zegoen, eta bi bikote eskalatzen hasteko prest zeuden. Zer bide hartu dituzten ikusi zain geratu gara, besteetako bat aukeratzeko. Bikote bat Esto si es Chamonix bidean sartu da, eta bestea, Clásica Sur bidean.

Panorama ikusita, Irrintzi bidea aukeratu dugu.

-Hi hasiko haiz edo ni neu? -galdetu diot Peloiari.

-Ni hasiko nauk -animatu da Peloia.

Lehen luzea oso erraza da, eta gustura egin du Peloiak. Betiko esaldia:

-Horrelako 30 luze behar dizkiagu! Biba konforta!

Peloiak motxila handia behean utzi du, baina nik nere motxila txikia bizkarrean eraman dut, ura behintzat eskura izateko.

Bigarren luzea. Nire txanda. Ezagutzen nuen bidea lehendik (duela dozena bat urte edo eginda), eta banekien plakako pauso finak dituela luzeak. Gainera, eguzkitan haitzaren itsasgarritasuna ez da hain ona izaten, eta sufritzen ikusi dut nire burua. Bai sufritu ere. Luzearen azken parabolta txapatu gabe eskuinetik “ihes” eginda iritsi naiz bilgunera. Eskerrak arte eder baten itzalpean dagoela. Izerditan blai: beroa, nerbioak… Ura edan eta Peloiari igotzeko agindu diot.

Hari ere kostatu zaio, baina ederki iritsi da bilgunera.

-Hurrengo luzea nondik deu? -galdetu dit.

-Hiru bide zeudek: ezkerrekoa, Clásica sur; erdikoa, Irrintzi; eta eskuinekoa, Fliparax.

Beraz, erditik jo du, txintxo-txintxo. Bilgunean esan duen moduan, asko igartzen da horman aurten ordu gutxi pasatu ditugula. Konfiantzaz eta  nahiko flojo gabiltza.

-Larunbatian berriro ere gortzea jun behar diu, e! -bota dit.

-Atxartera, lehen ere han ederki ikasi genuen eta! -jarraitu du.

Hirugarren luze horren bukaeran, iruditzen ari zitzaidan Fliparax bidearen aldera jo nahi zuela, eta ezkerretik joateko esan diot.

Iritsi da bilgunera, eta joan naiz ni ere. Luze hau askoz ere hobeto igo dut, baina burua hurrengo luzean neukan eta ez nengoen batere lasai.

Bilgunera iritsi naizenean, esan dit luzearen bukaera eskuineko pitzaduratik egin behar dela, nik egin dudan moduan, eta ez ezkerretik, nik Peloiari agindutako moduan.

Urduri nengoen. Luzeari ekiteko beldurrez.

-Ingo al dek hik, Pelon? Eske no me encuentro… -esan diot.

Hastera zihoanean, berriz:

-Ze ostia! Gortu in behar diu! Ingo diat nik, gaizki bada ere.

Eta abiatu naiz. Eta eskerrak. Luze horretan gozatu dut gehiena. Pitzadura eder batetik hasten da. Gozada hutsa. Plaka bat pasatu ondoren, inurritegi bat zapaldu dut eskuineko eskuarekin, eta inurriak besoan gora etortzen hasi dira.

Laster alde egin dut handik.

Bilgunera iritsi naizenean, pozik zoratzen nengoen. “Eskerrak gortu degun” esaten nion nere buruari. Gauza ederra da, niretzat behintzat, astegun batean horrelako aukera izatea.

Prestatu dut bilgunea, eta hasi da Peloia ere gorantz.

Giro mundiala zegoen, baina mendebaldean lainotuago ikusten zen.

“Bideo” bat:

Luzea bukatzen.

Rapela prestatu eta bigarren bilguneraino jaitsi gara, bi sokak elkartuta. Handik beste rapel bat, eta lurreraino. Barritatxoa jan, trasteak jaso eta poz-pozik autora.

Autora iritsi garenean, Peloia konturatu da beste auto baten kristal hautsi bat zegoela, justu gure autoaren ondoan. Han bertan hautsitakoa, beraz.

-Hemen ere lapurretan ibiltzen al dira?

-Fiatu hadi!

Eta horrela joan da gure gaurko kontua. Larunbatean, Berta egitera, malloia errekuperatzera.

Gortu!

Aiztondora, siestarik gabe

Ostiralean kuadrilako afaria egin genuen. Ondoren, mus partida, nola ez. Eta Klaudio eta biok berriro ere arrasatu egin genuen, nola ez!

Larunbat goizean, ohea utzi ezinik, pentsatzen ari nintzen zer kristotarako joan behar dugun eskalatzera ajea izango dugula jakinda. Hala ere, hitza emandakoan bete egin behar denez, larunbat arratsaldean Aiztondora joan ginen Peloia, Lope eta hirurok.

Arratsaldeko lauretan atera ginen Zumaiatik. Giro fresko samarra zegoen Zumaian ordu horretan. Arranplan jaso nituen biak (Lope minutu bat berandu iritsi zen), autobidea hartu eta Leitzarango autobidean barrena, Irurtzun pasatu eta hango horma tzarrei begira flipatzen egon ginen.

-Daon siesta giruakin ze egiten diagu guk hemen? -Peloiak, bidean gindoazela.

Eta ni amorratuta:

-Gustora egingo nikek siesta nik ere!

Baina, gortu behar denean, gortu egin behar!

Uharte Arakilen, salgai zioen letrero bat ikusi genuen etxe batean, eta Peloiak berehala bota zuen:

-Hara! Larregiri esan beharko zioagu etxea erosteko Uharte Arakilen!

Aralarrera igotzeko zementuzko pistan gora abiatu eta berehala utzi genuen autoa bide bazterrean. Beste auto bat eta furgoneta bat behintzat bazeuden, seinale horman norbait aurkituko genuela.

-Krokisa ekarri al dek? -Peloiak.

-Bai. Mobilean zeukat -nik.

-Mobila ta ostiyak! Antiejoik gabe ez ziok ezer ikusterik! Lehen paperean ekartzen genian.

Iritsi ginen hormaren azpira. Ezkerreko aldean, Clásica Sur inguru horretan bikote bat ari zen eskalatzen. Gure asmoa Iñaki Goñi egitea zen, baina han inguruan bi neska eta gizon bat ari ziren eskalatzen. Krokisean X letraz markatuta dagoen bidea ari ziren egiten.

Gu iritsi ginenean, gizona bidea amaitzen ari zen. Ajeak aje, gustura geratu ginen Peloia eta biok gizona gutxienez gu baino hamar urte zaharragoa zela pentsatuta.

Elkarri begiratu eta:

-Ño! Oraindik urte batzuk bazeuzkeagu eskalatzeko!

Ondoren, neska bat hasi zen igotzen. Iñaki Goñi bidea libre zegoela ikusita, hari ekitea erabaki genuen. Peloiak espedizioetako motxila handia eraman zuen, eta hantxe utzi zuen.

Peloiak lehen bi luzeak eta nik azken biak egingo nituela erabaki genuen. Oraingoan ez naiz gogoratzen Peloiak hala agindu zuen edo nik neuk proposatu nuen.

Han hasi zen behintza gizona goraka, poliki-poliki. Ajea ez da ona izaten eskalatzeko, eta Peloiak duda dezente zeukan, ez zen asko fio nirekin:

-Seguru al hago hau dala?

-Bai, motel. Arranka!

Peloia eskalatzen, ni aseguratzen, eta nire mobila motxilan. Eskerrak Lopek argazkiren bat atera zuen.

Lehen bilgunea bainuontzi antzeko batean egiten da. Iritsi zen Peloia, bilgunea prestatu eta sokak jaso zituen.

-Hasi hadi heu -esan zidan Lopek- hartara espresak jasoko dituk, eta niretzako lan gutxiago.

-Hik gaur ez dek espresik bota nahi, ezta?

Eta halaxe, abiatu nintzen. Berehala etorri zen Lope atzetik.

Nahiko baldar aurkitu nuen nire burua, baina pentsatzen nuen aurrera egin ahala gero eta hobeto ibilitzeko nintzela. Iritsi ginen Lope eta biok bilgunera, eta Peloiak bigarren luzeari ekin zion. Ez da luze zailegia, baina pare bat pauso baditu, ongi begiratu beharrekoak.

Bigarren luze horretan ere lanak izan nituen, eta hori bidea ezagutzen nuela. Peloiak esan zuen bilgunea ez zela erosoa hirurentzat.

Horixe ezetz, pentsatu nuen nik, baina horrelakoak askotan gertatzen dira, eta berehala aurkitu nuen konponbidea. Bilgunera iritsi nintzenean, Loperi zegoen lekuan geratzeko esan nion. Peloiak soka bat askatu, nik soka hura lotu, eta berriro ere Loperi jarraitzeko esan genion. Bilgunera iritsi zenean, hirugarren luzeari ekin nion.

Aurten iaz baino askoz gutxiago ibili gara horman, eta hori asko igartzen da. Rokodromora joaten gara, eta akaso indar pixka bat hartuko genuen (nik gutxi, Peloiak dezente), baina buruak horman ohituta egon behar du, lasai ibiltzeko eta gozatzeko.

Ederki sufritu nuen bilgunera iristeko. Baina, tartearen maisuaren esanak gogoratuz, txapatzen sufrituz, iritsi nintzen bilgunera.

Hasi zen Peloia eskalatzen, eta Lope atzetik zintzo-zintzo. Hemen ederki igarri zuen Lopek horman geundela, sekula ez zen eta horrelako horma batean egon.

Argazkian ondo ikusten ez bada ere, luzearen amaieran desplometxoa dago, plakara irten aurretik. Eta hortxe dago luzearen kakoa, kruxa.

Elegante samar iritsi zen Peloia ere bilgunera. Eta, ondoren, Lope igo zen. Lanak eman zizkion luzearen amaierak, baina txukun atera zen.

Azken luze erraza egin eta oinez abiatu ginen beherantz.

Ni nindoan aurretik eta basurde bide batetik jaisten amaitu genuen.

Autora iritsi baino lehen, Lope Peloiaren motxilaren bila joan zen hormaren oinera (hau bai mutila!), eta Zumaiara itzuli ginen.

Frontonean tragoa hartu eta espedizio buruak esan zuen askoz gehiago joan behar dugula horman eskalatzera, rokodromoan ez dela ikasten, horman oinekin eta buruarekin eskalatu behar dela, eta bla bla, eta fiu fiu.

Hurrengoan gehiago eta hobeto.

Ahal bada behintzat.

Gortu!

 

 

Aiztondo. Esto si es Chamonix

Ez, ez, ez daukat gaztelaniaz idazteko asmorik. Esto si es Chamonix Aiztondoko eskalada bide baten izena da.

Igandean, hilak 9, Aiztondora joan ginen hiruko konpletoa.

Goizeko zazpietan han azaldu ziren Larregi eta Peloia nire bila, zintzo asko. Eguraldi ederra geneukan. Pagozelain geldialdirik egin gabe, zuzenean Uharte-Arakilera joan, Aralarrera igotzen den zementuzko pistaren hasieran autoa utzi, eta Aiztondoko hormara abiatu ginen.

Motxila galanta eraman zuen Peloiak. Esan izan diogu horrelako motxila gazteekin joateko bakarrik erabili behar dela, eta betiere haien bizkarrean joan behar duela. Ez pentsatu, hala ere, motxila handi horretan hamaiketakorik zegoenik.

Eskerrak bidea motza den. Berehala iritsi ginen hormaren azpira. Ederra ikusten da handik Beriain, parez pare.

Esto si es Chamonix bidea egitea pentsatu genuen. Baina, aldaketa bat egitea bururatu zitzaigun: Iñaki Goñi bidearen lehen luzea egin eta Esto si es Chamonix bidetik jarraitzea erabaki genuen. Hemen ikus daiteke krokisa. Beraz, gradua gortuz joango zen, luzez luze: 5a, 5b, 5c eta 6a+.

Lehen bi luzeak batean egin genituen. Peloiak ekin zion lanari. Hortxe dago, hasteko prest.

Larregik aseguratu zuen, eta nik, bitartean, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu nuen. Beno, eta aharrausi egiteko ere bai. Logure galanta neukan eta goizeko freskurarekin gorputzaren erreakzioa aharrausi egitea izan zen. Ondo entzuteko moduan, gainera.

Bitartean, Peloia gorantz tirriki-tarraka.

Gazteagoak eta gaiztoagoak ginenean, norbaiti presa sartzeko aharrausika hasten ginen.

Eta hartan hasi nintzenean, Peloiak uste zuen adarra jotzen ari nintzaiola. Purrustada ederra bota zidan bilgunera iritsi nintzenean.

Baina, ikus dezagun Peloiaren goranzko bilakaera.

Hor dagoeneko lehen bilgunearen parean zegoen.

Eta Larregi aseguratzen, ni aharrausika ari nintzen artean.

Konturatzerako amaitu zuen luzea (bi kolpe batean) eta bilgunea prestatzen hasi zen.

Ondoren, ni hasi nintzen eskalatzen. Eta pixka bat geroago, Larregi.

Hemen dator nire atzetik. Iruditzen zait lehen bilgunearen sarrera dela argazkikoa.

Eta hemen, berriz, bigarren bilgunera iristen (gure lehenengora).

Nik ekin nion hirugarren luzeari. Bidearen bigarren eta hirugarren luzeek tutu formako harrizko egitura bat zeharkatzen dute behetik gora. Ederrak dira, gozatzekoak.

Abiatu nintzenean, Peloia aharrausika hasi zen bilgunean, nire lehengo ustezko adar jotzea bueltatu nahian edo.

-Herratsua eta gainera mendekatia! -bota zion Larregik. Ez dakit zehazki hitz horiek erabili zituen, baina hori esan nahi zion.

Oraingoan, bi luze batean egin beharrean, Esto si es Chamonix bidearen hirugarren bilgunean geratu nintzen. Bilgunea prestatu eta igotzeko abisua eman nien.

Udaberria, bigarren bilgunean.

Badatoz, isil-isilik.

Heldu da Larregi eta hemen dator Peloia.

Larregik Peloiari ateratako argazkia, hirugarren luze horretan.

Bilgunean, berriro ere, trufarako txanda.

-Hemen ziok bideko kruxa -Larregik.

-Krux? Zer dek hori?

-Idoiakua! No te jode…

Laugarren eta azken luzeari ere nik ekin nion.

Hortik aurrera hasten ziren zailtasunak. Plaka tentetu egiten da, heldulekuak txikiak dira eta eskalada nahiko teknikoa bihurtzen da. Gainera, plakari ekin orduko eguzkiak begietan jotzen du eta lehen lan gutxi baneukan, bat gehiago. Eskerrak Larregik bilgunetik etengabe animatzen ninduela. Bestela, buruari lan gehiegi eman eta malloia ateratzeko tentazioa izan nezakeen.

Izerdi ederrak bota eta atsedenen bat hartuta, lortu nuen bilgunera iristea.

Peloia etorri zen ondoren. Ederki zetorren, poliki-poliki, eta ni, badaezpada ere, aharrausirik egin gabe. Hemen Peloia, beheko bilgunetik ikusita.

-Hori dek eta, Peloi! -animatzen nuen nik.

Baina, kruxean hanka batek ihen egin zion. Lastima. Arantza txiki hori sartuta dauka hurrengorako.

Larregiren txanda.

Larregik ere atseden pare bat hartu behar izan zuen azken luze horretan. Teknikoki pausoak hirurok egin genituen, baina Mutuak ez luke “enkadenatutzat” emango.

Sokak lotu eta nik ekin nion rapelatzeari. Bigarren bilguneraino joan nintzen eta beste biak iritsi zirenean, beste rapel batean lurreraino.

Bidea gehiegitxo izan zela esaten zuen Peloiak: “guretzat gogorregia”. Baina uste dut pixkanaka gortzen joan behar dugula eta gorputzari (eta buruari) pixka bat gehiago eskatzen. Ura edan (zerbezik ez zegoen) eta barritaren bat jan genuen, indarberritzeko.

Goizean hasi ginenean giro freskoa zegoen, baina bidea amaitzerako eguzkia berotzen hasita zegoen. Gure kamiseta flamanteak erakusteko ordua.

Artean asti pixka bat bagenuela eta, kimikoekin ekipatutako luze bateko bide bat eskalatzea pentsatu genuen. Krokisean X izena dauka (originala) eta ez du ez luzerarik ez graduaziorik jartzen. 30 bat metro izango ditu eta zailtasuna, asko jota, 5a, gure ustez.

Larregik ekin zion. Peloiak argazkiak atera zituen.

Eta ni aseguratzen egon nintzen, isil-isilik. Bideoa grabatzen bazuen, nire txorakeriak ez entzuteko.

Han doa.

Beti esaten dut eskalatzen (eta bizitzan, oro har) burua galdu gabe ibili behar dela. Baina ez didate kasu handirik egiten.

Erakutsi beso horiek!

Di-da egin zuen. Bilgunera iritsi, soka deskuelgetik pasatu eta lurreraino ekarri nuen bueltan.

Ondoren, Peloiaren txanda. Hori da abaila! Ia-ia argazkitik atera da!

Azkenik, nik egin nuen bide bera.

Harrituta geratu ginen, gu joateko unean ere ez zegoelako inor Aiztondon. Harrezkero pentsatu dut debekuren bat oten dagoen edo. Baina ez dut horrelakorik aurkitu. Beste eskalada eskola batzuetan izaten dira eskalatzeko debekuak garai jakin batzuetan. Baina, nik dakidala, Aiztondon ez dago horrelakorik.

Nahikoa ideia eta proiektu baditugu, eta batzar bat prestatu beharko dugu, gauzak behar bezala planifikatzeko. Bitartean, pazko astean zerbait eskalatzeko aukera izango dugu Euskal Herrian bertan.

Gortu!

Berriro ere Aiztondon

Atzo, larunbata, Aiztondon izan ginen, berriro ere. Oraingoan, Peloia ere bai. Estreinatu da Aiztondon, azkenean.

Goizeko zazpiretan abiatu ginen arranplatik, eta Pagozelain kafea hartu ondoren, Aiztondoko hormaren azpira iritsi ginen.

Hirurok ginen, eta beraz, aspertzeko aukerarik ez.

Hasteko Clásica sur izeneko bidea egin genuen. Lau luzekoa.

Larregi pentsatzen hasi zen.

Eta handik pixka batera bota zuen:

-Lehenengo largua, Peloiak; bigarrena eta hirugarrena, nik. Baina, laugarrena ez, e!

Laugarrena nik egingo nuela esan eta konforme geratu ginen.

Peloia hasi zen. Lehen aldia zuen Aiztondon, baina ez zegoen kikiltzeko mutila.

Iritsi zen Peloia, eta nik jarraitu nion.

Ari naiz bilgunera iristen.

Lehen bilgunetik hauxe ikusten zuen Peloiak.

Larregi lehen luzea amaitzen.

Bilgunean, ezkerrerantz jarraitzen du gure bideak. Baina beste bide bat zuzen ateratzen da, eta hirugarren bat, eskuinerantz.

Kakoa da zuzen hasi behar dela, eta gero, ezkerrera hartu. Nik Larregi ezkerreko kanalera bidali nuen zuzen, baina ez zen hura bide egokia. Dena dela, ederki moldatu zen.

Bideo-bloka.

Larregik bilgunetik abisua eman zuenean, ni atera nintzen harantz.

Ondoren, Peloia etorri zen. Hemen Peloiaren luze amaieraren bideo-bloka.

Peloia bigarren luzean.

Hirugarren luzea ere Larregirentzat.

-Hortik, hortik!!!

Baina, burua galdu gabe…

Eta nola ez, bideo-bloka!!

Zenbat lan! Bideoak, argazkiak, albokoaren txorakeria guztiak entzun beharra…

Iritsi zen Larregi hirugarren bilgunera. Eta, ohiturari jarraituz, ni atera nintzen ondoren, eta azkenik Peloia. Hemen dugu Peloia luze horretan bertan, niri segika.

Hirugarren bilgunetik bigarrenera ateratako argazkia.

Iritsi nintzen eta berehala heldu zen Peloia ere.

Laugarren luzea, nire txanda azkenean.

Bideo-blok eta guzti.

 

Luzearen kakoa amaierako tetxo txiki batean dago. Han goian ikusten den zomorro hura naiz ni.

Egun baldar samarra neukan, eta lehenago bidean atzera ere egin behar izan nuen, okertzen ari nintzela konturatuta. Iritsi nintzen behintzat, eta Peloia izan zen behetik gora etortzen hurrengoa. Biak ikusten dira argazki honetan.

Ez ginen gu bertako putre bakarrak. Hau laster aspertuko da gurekin.

Luzeraren amaieran, Peloia tetxotik dotore ateratzen.

Peloia bilgunera iritsi zenean, pixka bat gorago joan zen, eserita lasai egotera. Ordurako ederki berotzen zuen eguzkiak.

Iritsi zen Larregi ere, tetxotik berak uste baino hobeto atera ondoren.

Ondoren, jaitsi egin behar. 60 m-ko bi sokarekin, lehenengo rapelean bigarren bilguneraino jaitsi ginen, eta hurrengoan, lurreraino. Nahiko rapel deserosoak dira, eskuinerantz joan behar delako etengabe.

Behean, lehenengo eta behin arropa pixka bat kendu soinetik, barritaren bat jan, ura edan eta orduari begiratu ondoren, Esto es Chamonix bidearen lehen bi luzeak egitea erabaki genuen (5c eta 5b zailtasunekoak). Eta gainera, bi luzeak batean.

Larregi  pletoriko zegoen eta berak ekingo ziola erabaki zuen.

Peloiak bitartean bideo-blokerako lan pixka bat egin zuen.

Pasatu zuen lehen bilgunea, geratu ere egin gabe. Putreak ere hurbildu ziren.

Gero, ni hasi nintzen eskalatzen. Eta pixka bat geroago, Peloia.

Argazkian ni lehen bilgunearen parean nago, eta Peloia pixka bat beheraxeago.

Bilgunera iritsi naizenean, grabatzera.

Sokak elkarri lotu eta behera. Beste behin ere, lehen bidea oso-osorik egin arte ez zen inor agertu. Baina, horrelako lekuetan beti ibiltzen da jendea giro atzokoa bezain ona denean.

Bi lagun azaldu dira orduan, eta bigarren bidea amaitzen ari ginela, neska bat eta mutil bat. Bakoitza motxila eder batekin. Material pila batekin.

Zer gehiago behar genuen guk? Hori ibili gara marmarrean, Yosemiteko bide luzeren batera ote doazen hainbeste trasterekin. Gu Yosemitera ez, Uharte-Arakileko taberna zulo batean sartu eta merezitako garagardoarekin freskatu gara.

Oso gustura, beste behin ere. Aurten eskalatu nahi ditugun bideen planifikazio txiki bat egitea falta zaigu orain. Gortu!

 

 

 

 

 

 

Gozatu galanta Aiztondon

Garai batean idatzi zuen Larregik Aiztondo ze ondo! izeneko sarrera bat. Egin du euri pixka bat harrezkero. Baina uste dut sarrera hura dagoeneko ez dagoela blog honetan. Pena da. Nire kalkuluen arabera, hamaika urte pasatu dira (hamaika zehazki, ez makina bat), Aiztondon azken aldiz egon ginenetik. Atera kontuak! Kronikatxo hau idazteko ere etiketa berria sortu behar izan dut.

Han izan gara gaur Larregi eta biok.

Goizeko zazpi terdietan arranplan nengoen txintxo-txintxo Larregiren zain. Gaupasero batzuk geratzen ziren.

Abiatu gara, 10º C inguruko tenperaturarekin eta zerua goibel antzera zegoela.

Berastegi paretik aurrera, zerua askoz ere garbiagoa zegoen, eta Lekunberritik aurrera, giro ederra. Kafea hartu dugu Pagozelain, autobidearen aldapa bukatzen den lekuan. Baina, oraingoan, ez dut komuneko bueltarik egin. Garai batean, ez nuen barkatzen. Larregik izen berria ere jarri zion Pagozelairi: Kakazelai.

Gaurkoan kaka txoriren batek egin digu. Bagindoazen autopistan eta Zarautzera iritsi baino lehen txori batek kaka egin digu autoaren haizetakoan. A zer pajarua!

Iritsi gara, utzi dugu autoa Aiztondo azpian eta gradu bateko tenperatura geneukan. Hala ere, eguzkitan eta haizerik gabe ondo egoten zen. Esan diot Larregiri:

-Hi! Gure bidea itzalian ziok!

-Badakik, gortu!

Hala da. Aiztondoko hormaren eskuineko aldean geratzen da Iñaki Goñi bidea. Eguzkia ezkerretik eskuinera sartzen denez, eskuinean gehiago irauten du itzalak. Gure horma baino lehen, beste hau ikusten da.

Hor ere eskalatu izan genuen. Gogoan dut bagenituela lainopean eskalatzen jardun genuen egun bateko argazki batzuk. Horma ederra hori ere.

Egia esan, autotik hormara arteko bidea oso laburra da. Bidean baso polit bat pasatu eta berehala iritsi gara.

Hemen gaude.

Uste dut, azken aldiz 2006an egon ginela Uharte-Arakileko horma eder horretan. Eta orduan ere buelta dezente egin genituen. Esango nuke horma horretako bide guztiak egin genituela garai hartan.

Larregik krokisari begiratu dio, eta berehala esan du:

-Hik lehen luzea eta hirugarrena, eta nik, bigarrena eta laugarrena.

Logistikari ere eman dio errepasoa.

-Motxila batekin nahikua. Bestea hemen lagako diagu eta gero etorriko gaituk bila.

Ederki. Ni hasi naiz, beraz. Motxilarik gabe. Sentsazio ederra.

Pixka bat gorago.

Bidean, geldialdia beherantz argazki bat ateratzeko.

Lehenengo luzea normalean kosta egiten da pixka bat, gorputza ohitu arte. Gainera, haitza hotza zegoen, eta hatz puntak berotu ezinik ibili naiz. Bilgunea jarri eta sokari tiraka hasi orduko etorri dira hatzak bere onera.

Badator Larregi.

Gero eta hurbilago.

Hemen da.

Hala nolako bideo  bat.

Orain, Larregiren txanda. Ekin dio bigarren luzeari.

Bilgune horretatik bi bide ateratzen dira: eskuinera gurea eta ezkerrera Esto si es Chamonix izeneko bat. Hasieran ez geneukan garbi noiz hartu behar genuen eskuinera, baina asmatu du Larregik.

Luze horretan, hankak non jarri da garrantzitsuena. Pauso askotan haitzaren itsasgarritasunaz fidatu behar da aurrera egiteko.

Ederki joan da, aspaldian gutxi eskalatu badu ere.

Ordu horretan hasi dira putreak haize korronte beroak aprobetxatzen gora egiteko. Gu ere gorantz gindoazen, baina korronte berorik gabe, hatz puntak berotu ezinik baizik.

Ni lehen bilgunean, aseguratzen serio-serio.

Iritsi da bilgunera, eta abisua eman didanean, igotzen hasi naiz.

Ondo kostatu zait, hatz puntak berriro hoztu egin zaizkit eta. Hemen bilgunera iristen.

Bilgunean, hormaren ezkerreko aldeari begira egon naiz, eguzki goxotan hobeto egongo ginela pentsatzen. Baina hara joan ezkero, rapelatzen jaitsi behar da, eta guk nahiago dugu oinez jaitsi. Adinaren ajeak.

Galdetu dit Larregik:

-Zenbat express ekarri txuk?

-Hamabi.

-Ba krokisak jartzen dik luze honetan hamalau behar diala.

-Hamalau? Bueno, egingo diagu txapuzaren bat.

Ekion diot hirugarren luzeari.

Ordurako hatz puntak behar bezala neuzkan, eta gozatzen hasi naiz.

Pixka bat gorago.

Eguzkia ere ari zen gure aldera iristen poliki-poliki. Hirugarren luze horren amaieran dago bideko pausorik zailena. Tetxo txiki bat eskuinetik ezkerrera pasatu eta handik irtetean dago koxka. Helduleku onak ditu, baina mugitu beharra dago, bestela besoak harria bezain gogor jartzen dira eta. Huraxe pasatu eta gustura geratu naiz.

Han dago Larregi, bigarren bilgunean. Berehala harrapatuko du eguzkiak.

Eta ekin dio hirugarren luzeari.

Eta hemen, luzea amaitzen. Hortxe dago bidearen kakoa.

Sokaren eskuinean ikusten den helduleku horretara iritsi behar zen. Horixe zen zailtasuna.

Kostatu zaio pixka bat Larregiri, baina iritsi da azkenean.

Bideo pare bat.

Bat.

Eta bi.

Eta amaitzeko, azken luzea: besteak baino dezente errazagoa eta eguzki goxotan gainera.

Badoa Larregi berriro ere.

Larregiren atzean iristen den lepo hartara heldu denean topatu du bilgunea.

Nire txanda.

Aipatu dut duela hamaika urte asko ibiltzen ginela Aiztondon. Baina sekula ez ginen oinez jaitsi. Oraingoan ere ikasi dugu zerbait.

Gainera, lehen, bide hau egiten genuenean, azken luzea ez genuen eskalatzen eta hirugarren bilgunetik zuzenean jaisten ginen.

Bilgunera iritsi bezain azkar Irañetako haitza ikusten da parez pare. Ongi-etorri paregabea.

Eskua eman diogu elkarri eta hain geurea dugun ez gattuk makalak esanda, trasteak hartu eta beherantz abiatu gara.

Beherako bidea ez dago markatuta, baina intuizioz erraz aurkitzen da.

Halako batean:

-Oi! Zer da hori?

Hasieran txakur bat zela pentsatu dut. Baina azeria zen. Larregik ere ikusi du. Seinale bat izango zen: aurrena, txoriak kaka autoaren kristalean, eta gero, azeria dantzan mendian. Seinalea bai, baina zeren seinalea, ez dakit.

Beherako bidean.

-Badakik, beti ezkerraldera jo, bestela salto base egingo diagu eta!

Eguraldi bikaina.

Surrealista bezain ederra da Irañetako haitz handia.

Goitik behera, giro ederrarekin.

Errepidera iritsitakoan, berriro ere hormaren azpira doan bidea hartu dugu. Hormaren azpira iritsi garenean, goizeko bederatzietan baino giro hobea geneukan.

Han zegoen Larregiren motxila. Hamaika eta erdiak edo izango ziren. Zerbezatxo bana edan, trasteak jaso eta autora.

Ederki ibili gara. Hainbeste urte pasatu ondoren, ez genekien nola ibiliko ginen Aiztondon. Eta gustura geratu gara. Pena bakarra daukat: Peloia falta zela. Beti Peloiari burua berotzen Aiztondorekin, eta falta zaigun lehen asteburuan nora joango eta Aiztondora. Gaizki pentsatzen hasita egongo da honezkero.

Erremedioa erraza da. Aiztondo ezagutzen hasi beharko du. Gainera, esan dit txori txiki batek express flamante-flamanteak erosi dituela. Estreinatu beharko ditugu.

Bueltan ez gara Pagozelain geratu. Baina bai Irurtzungo Bihaizpetan.

Txikiari begira egin dugu amets aurrena. Hori ere hor dago zain.

Txemi bidearen azken luzeko babaresari begira ez naiz inoiz aspertzen. Gogoan dut Larregik, Luismi donostiarrak (goraintziak eta besarkada bat!) eta hirurok egin genuenekoa, baita Mutuak eta biok egin genuenekoa ere.

Handian, eskalatzaileak zeuden Gora gu ta gutarrak bidean. Pixka bat begira egon, eta Zumaiara bueltatu gara. Pletoriko iritsi naiz ni behintzat. Pozez kabitu ezinik.

Nire hurrengo erronka hirurok batera eskalatzea da. Hartara, bideo erdi txukunen bat edo grabatzeko aukera izango dugu eta.

Gortu!