Santa Eufemi

Gaur goizean, eskalatzera joan gara Peloia eta biok.

Eguraldi txarra iragartzen zuten edonon asteburu osorako. Interneten zenbait webgunetan begiratu nuen, eta euria ematen zuten; baita Pancorbon ere.

Atzo, Watsappa bidali nion Peloiari, gaur goizeko zazpi terdietan jasoko nuela esanez. Eginora joango ginela, eta eskalatzea ezinezkoa izanez gero, perretxikotan behintzat saiatuko ginela. Baiezkoa erantzun zidan, baina zalantzan geratu zen adarra jotzen ari nintzaion edo ez.

Bizkaian, Markinatik Aulestira goazela, Santa Eufemi izeneko ermita bat dago mendian, eta aterpetxe bat ere bai, ermita baino beherago. Atzo, azken orduan pentsatu nuen gaur joateko moduko lekua zela. Eguraldi txarra eginez gero, ingurua ezagutuko genuela behintzat. Izan ere, ez dago hain urruti, baina ez genuen batere ezagutzen.

Peloia zazpi terditan Larretxon jaso, autobidea hartu eta Elgoibarrera joan gara, handik Markinara joateko. Ondoren, Aulestiko bidea hartu eta Atxagarai aterpetxearen kanpoan utzi dugu autoa.

Basoan, mahai eta banku ugari daude. Leku ederra bertan bazkaltzeko. Ikatza eramanez gero, parrilla ugri daude sua egiteko.

Facebooken aurkitu nuen informazioa, Sorgin erreka eskalada taldearen kontuan. Merezi duten gauzak ere aurkitzen dira tarteka.

Argazkian ikusten den moduan, hurbilketa oso laburra du. Ezkerreko aldetik iritsi gara.

Motxila ireki orduko konturatu naiz katu-oinak autoan utzi ditudala.

-Gaur hurbilketa motzegia. Beste buelta bat egingo diat, Peloi- esan diot.

-Nora hua?

-Kantu-hankak kotxian laga dizkiat.

Bueltan etorri naizenerako, Peloia hozten hasita zegoen.

Bi zati ditu Larruz izeneko sektoreak: goikoa eta behekoa.

Goikoan izan gara gaur. Ezkerreko bideari ekin diogu hasteko, 1 zenbakia duenari: Burokraziaz blai! (IV). Peloia hasi da, aspaldian bezala.

Haizea zegoen arren, ez zegoen aurreko astean Labarganetan egiten zuen hotz hura.

Deskuelgera iritsi eta behera. Ondoren, nik egin dut. Haitz ederra iruditu zait, itsasgarritasun onekoa. Pena bakarra da horma ez dela batere altua. Ingurunea, berriz, ederra eta lasaia.

Bigarren bideari ekin dio ondoren Peloiak: Presoak kalera (V+).

Bide horretan hasi dira fedezko pausoak, berriro ere. Itsasgarritasuneko pauso ederrak. Kostatu zaigu, baina ederki egin ere bai. Egin dut nik ere, eta eskuinerantz jarraitu dugu.

Ondoren, 4. bidea egin dugu: Amets (V). Peloia hasi da, beti bezala.

Egin dut nik ere, eta behera nentorrela, zabalik eduki behar ez nuen patrikan eduki behar ez nuen mobila erori egin zait. Eskerrak katua bezain ondo erori dela. Sastraka batzuk jo, eta plantxan iritsi da lurrera, garai bateko futbolariak bezala. Marka txiki bat ere ez zaio geratu.

-Hori bai dala ondo eroitzia! -Peloiak.

Ondoren, 3. bideari ekin diogu: Malen (6a+). Mobilik gabe, noski. Une batean, ezkerreko hankarekin bakarrik igo behar da plaka fin batera. Baina, ederki moldatu gara soka goitik genuela.

-Puntu gorria jarriko al diogu?

-Ez. Horrela hurrengo batean ere etorri egin beharko diagu.

-Konprome. Hartara, baten batek zerbait edukiko dik guri aurpegira botatzeko.

Ondoren, 5. bidera: PNVko eta bere morroiak (V).

Nik ere egin dut, eta eguneko azken bidean sartu gara: Alimotxuelo (V+).

Artean, hamaikak edo ziren. Sei bide egin, eta gustura geratu gara. Mendebaldetik laino beltzak ere hasi dira agertzen. Une batean bazirudien botako zuela, baina horretan geratu da.

Atzoko patata-tortilla atera, jan, trasteak jaso eta autora. Zalantzan geratu gara aterpetxean sartu edo ez, baina, azkenean, hori ere hurrengorako utzi dugu.

Markinara bueltatu eta Ondarroan barrena Zumaiara itzuli gara.

Frontonean tragoa hartu dugu gustura, gaur eskalatzeko itxaropenik gabe joan arren, goiz ederra pasatu dugulako.

Hurrengoan gehiago.

GORTU!