Asanblada, San Fauston

Olarro egunean, irailak 16, Gortuko lau kideok elkartu ginen. Kostatu zaigu, baina lortu dugu. Beti falta izaten da norbait.

Bueno, egia esanda, kontu hori pixka bat argitu beharra dago. Gortun karguak dauzkagun bakarrak Peloia, Larregi eta hirurok gara. Baina, orain, figura berri bat sortu dugu: kide ebentuala (epe luzeko ebentuala).

Peloiak esaten du proba gogor bat gainditu behar duela horretarako: motxila astunak eramatea? Gazta eta ardoa eta horrelakoak eramatea? Ez. Hori baino zailagoa: urte bukaeran Arista de los caracoles egin gurekin, eta gora satisfazio aurpegiarekin iristea.

Bitartean, nahikoa lan izaten dugu nora joan erabakitzeko.

Mutuak beti goitik jotzen du, eta Larregik eta Peloia, behetik. Nik, berriz, apunteak hartu eta ahoa itxi.

Abiatu ginen, eguraldiaren gaineko zalantza askorekin, eta lehenik eta behin Aiztondon geratu ginen. Larregi gustura. Baina laster kendu genion karameloa ahotik.

-Hotza egiten dik hemen! Eta laino horiekin laster Mordor emango dik… Goazen San Faustora -Peloiak eta biok.

Mordor edo marmar, baina azkenean, behintzat, San Faustora.

Eraul herrira iritsi orduko:

-Aiba dios! Ze iten dezue zuek hemen?

Ander eta Ainhize (ez dakit seguru horrela idazten den) ziren, eskaladako ikastaro batean izena eman omen zuten, eta Eginora joan ordez San Faustora eraman zituzten, bestean eguraldiak ez zuelako itxura onik.

Autoa parkinean utzi eta Pikutxis sektorera abiatu ginen. Ia gurekin batera iritsi zein bi errioxar ere sektore berera joan ziren, eta ikastaroa egiten ari zirenak ere bai, Ander eta Ainhize barne. Kontatu beharko digute zer moduz ibili ziren.

Hasieran, zaharrek kordada bat egin zuten eta gazteok beste bat.

Larregi eta Mutua alde batetik, eta Peloia eta biok bestetik, hiru edo launa bide egin genituen, 4c-ren bat 5b, 5c…

Larregi eta Mutua argia ikusten.

Ondoren, Mutuak La fábula de la raposa (6a+, 17m) izeneko bati eman behar zion, baina Larregik aurrea hartu zion:

-Nik probatuko diat lehenengo, inporta ez badik.

-Aurrera, aurrera! -Mutuak.

Baina, bidea gogor gogorra zen, desplomatua eta nahi baino helduleku gutxiagokoa.

 

Ez zen urrunegi joan. Atzetik Mutuak elegante egin zuen, baina esan zuen 6a+ baino gehiago iruditu zitzaiola.

Peloia ere saiatu zen, baina ezin. Ni sartu nintzen ondoren, eta gehiago ezin nuenean sokari tiraka eta horrelako trikimailu batzuekin goraino igo nintzen. Hori bai, oraindik agujetak dauzkat.

Ondoren, Larregi eta Mutua beste 6a+ sartu ziren, Aquí te espero izenekoa.

Geroago Peloiak ere egin zuen. Nik ordurako ez neukan indarrik, eta bide errazago bati ekin genion Larregi eta biok, El señor del bosque izeneko 5b bat zen.

Mutuak ez zuen nahikoa, eta azken bidearen ezkerrean dagoen 6b+ bati ekin zion.

 

Normalean ez dugu egiten, baina asanblada gauza serioa denez, hamaiketakoa ere eraman genuen. Gazta, urdaiazpikoa eta zerbeza.

Ia gurekin batera iritsi ziren bi errioxarrak pixka bat lehenago joan ziren, eta halako batean konturatu ginen kaskoa ahaztuta utzi zutela.

-Hartu egin beharko diagu, ea oraindik parkinean dauden.

Baina parkinera iristerako haien autoa falta zen. Kaskoa han utzita itzuli ziren Logroñora. Hau irakurtzen badute, edo noizbait nonbait haiekin topo egiten badugu, itzuliko diet kaskoa. Bitartean, niretzat. Aurreko astean (gauzak nola diren) Ziordiako espoloian egin genuen saiakera hutsal triste batean, nire kaskoa hautsi egin zen eta. Oraingoz gastu bat aurreztu didate.

Autora gindoazela, euria ere hasi zuen. Amaitzeko ordua ondo aukeratu genuen seinale!

Eta handik Lizarrara. Pote bat eta bazkaltzera. Pose yosemitero eta guzti.

Bazkaldu, eta nola ez, mus partida. Zaharrak gazteen aurka (zozketak horrela erabakita).

Ongi hasi ginen, klaro ke gero… baina ezin izan genuen. Zaharrei irabazten utzi behar izan genien azkenean. Igartzen da bai eskola zaharreko heziketa daukagula.

Azkenean, gauza seriori buruz ez genuen hitz egin. Zer egin behar dugun ikasturte honetan, Mutua proban noiz arte edukiko dugun…

Hurrengoan ere izango dugu liskarra nora joan erabakitzeko. Guk ere erreferendum bat edo zeozer beharko dugu.

Ondo segi eta gortu!