Santa Barbaran, balizatik kanpora

Aste gogorra izan da hau. Mutuarekin egoten nintzenean, alde batetik berotzen zidan belarria, suabe-suabe, tipula eta porrua potxatzen diren bezala. Peloiak harrapatzen baninduen, bestetik berotzen zidan.

Gauzak horrela, berehala bururatu zitzaidan ideia: “bi hauek kareo bat behar dute”.

Eta halaxe, kareoa prestatu nuen ostegunerako. Peloiarekin plafoian buelta txiki bat eman ondoren, Aitzuri tabernan elkartu ginen Mutuarekin. Hasi ziren biak berriketan.

-Santa Barbarara! -Mutuak.

-Ostiyak! Hori mierda bat dek, ez dik ezertako baliyo!

Garbi zegoen batak ez zuela bestea konbentzituko, eta are gutxiago besteak bata. Beraz, erabaki bat hartu beharra zegoen. Azkenean, Peloiaren gogoaren kontra (erabat kontra), Santa Barbara joango ginela erabaki genuen.

Eta horrelaxe, atzo, Mutua eta biok autoan sartu, Peloia Zarautzen jaso eta Santa Barbarara jo genuen zuzen-zuzen.

-Balizatik kanpoa guaztik! Guk ze ite yu hemen?! -purrustadaka gure Peloia.

Van Gaalekin gogoratu nintzen: “Por qué tu siempre negatifa?”.

Marmar eta marmar, negatifa eta negatifa arratsalde guztian. Indarra bai, baina erabiltzeko gogorik ez. Krokisari begiratu, eta Uno y medio (V+) izeneko bidea aukeratu genuen.

Peloiak marmarrean jarraitzen zuen, jakina. Egin zuen Mutuak, ondo, baina poliki, eta Peloiak berdin jarraitzen zuen: “Horri hainbeste kosta bazikok, gu zerta etorri gaituk honea?! Balizatik kanpoa gabiltzak!”. Ez zen nekatzen gainera.

Bukatu zuen Mutuak, deskolgatu, eta hurrena, Peloia. Ondo eskalatu arren, ez zebilen gustura. Ondoren nik egin nuen, eta bidea justu-justu amaitu nuen, besaurreak lehertu beharrean.

Orduan, zabaldu nuen nik ere ahoa: “Sponsor bat bilatu behar diat rokodromoa juten hasteko”.

Handik, ezkerrera mugitu ginen. Jose mari (6a) bideari bota genion begia. Mutuak jarri zituen zintak, berak esaten duen moduan; hau da, berak ekin zion bideari. Uste baino gehiago kostatu zitzaion, eta horrek Peloiaren negatibitatea elikatzen zuen: “Hori horrela bazebilek, guk hemen ez diu ezer pintatzen. Balizatik kanpoa gatxibek”. Marmarra ugari, baina, ondoren, bidea egin zuenean jaun eta jabe!

Mutua tarteka aritzen zen besaurreak soltatzen, eta ni, zer esanik ez; baina Peloiak keinu bat ere ez zuen egin. Plafoiko giltza kendu beharko diogu, kintoak bakarrik egin nahi ditu, baina berak uste baino askoz urrutiago dago. Burua gortzea bakarrik falta.

Mutuak, berriz, burua gortuta ekarri zuen. Ez dauka bueloen beldurrik eta horrelakorik. Baina, berak esan zuenez, “orain besoak gortu behar!”.

Nik soka goitik nuela egin nuen bidea. Lehenengoan besaurreetan hartu nuen berotuarekin, ez nuen uste Jose mari bidea amaituko nuenik, baina pare bat zintzilikaldiren ondoren, amaitu nuen.

Hurrengoa: Te pedes (6b). Gorago jarri dudan estekan 6c+ zailtasuna duela jartzen du, baina hori bariantearena da. Bidea 6b+ ere izango dela esaten zuen Mutuak. Handik zebilen beste batek ere esaten zuen bide asko dekotatuta daudela.

Hasi zen Mutua, bazihoan gora eta gora, eta halako batean hegan hasi zen. Nahiko lan izan zuen. Gorago, expresa kateatu eta eskuarekin heldu zuen! Ai, ai, ai… Non da “encadenar o morir” ospetsua?

Gero, Peloiaren txanda. Esan beharra dago, hain gogoz kontra eskalatzeko, ez zuela zalantza handirik egin 6b batean sartzeko. Harrigarria, Xabier.

Han ibili zen graduarekin borrokan CCCPko kamiseta elegantearekin.

Hemen, aseguratzailea eta biak.

Kateraino iritsi zen, deskolgatu, eta trasteak jasotzen hasi ginen, ordurako zortzi terdiak jota izango ziren eta.

Zumaiara iritsi, frontona tabernan (Aitzurin) kaña on bana hartu eta gaurko plana egin genuen.

Gaur ere bagoaz nonbaitera, beraz. Pista moduan esango dizuet gaur Peloiaren gustuko leku batera goazela, Larregik eta biok iaz egin genuela eta asko gustatu zitzaigula. Ea nork asmatzen duen. Mutua ere ados. Zer gehiago eskatu dezake Peloia? Gaur seguru positifa iritsiko dela bueltan.

Gortu!