Lau egun Huescan

Honezkero konturatuko zineten astegun buruzurian gortzea gustatzen zaigula. Ia beti bakar-bakarrik egoten garelako, batez ere.

Oraingoan, Jacan izan gara Peloia eta biok. Aurreko asteko astelehen goizean joan eta ostiral goizean bueltatu ginen Zumaiara.

Astelehena, ekainak 3

Astelehen goizean Peloia jaso eta Jacara abiatu ginen autoz. Etxea bageneukan aste osorako, eta lehenik eta behin erosketa batzuk egin genituen.

Etxera joan, traste guztiak utzi, bokata bat jan eta Panticosara abiatu ginen. Giro ederra zegoen, baina bero egiten zuen.

Panticosa, hain leku ederra izanda, desastre hutsa da: hotel handi bat, hotel handiago bat, hotel erraldoi bat, abandonatutako eraikinak, amaitu gabeko aparkaleku ikaragarriak… Penagarria!

Casa de piedra izeneko aterpetxera joan eta haren atzeko aldeko bide bat aukeratu genuen: Via del Nano.

Hormaren azpira iritsi ginenean, ederki egoten zen basoaren itzalean.

Zuhaitzaren eskuinean hasten da bidea.

Peloiak ekin zion lehen luzeari, dagoeneko ohitura bihurtu denari jarraituz.



Hasiera oso bertikala da, pixka bat desplomatua ere bai.

Baina behin zati hori amaituta, horma asko etzaten da, eta itsasgarritasuneko pausoak hasten dira.

Hortik aurrera bistatik galdu nuen mutila, eta bilgunea prest zeukanean, hasteko abisua eman zidan.

Abiatu nintzen ni ere. Hasiera pixka bat arraroa egiten da, baina gero errazagoa da. Eguzkitan geunden, berotan, eta ez genbiltzan nahi bezain gustura.

Bigarren luzea egin eta bilgunera iritsi nintzenean, argazki hau atera nion Peloiari.

Berehala ekin zion bigarren luzeari.

Bilgunetik bista ederrak.

Baita Peloiaren atzean ere.

Esan zizkidan hango mendien izenak, Garmo Negro eta abarrak. Baita Panticosatik ateratzen den bide bakoitzak nora jotzen duen ere.

Hirugarren eta azken luzeari ekin zion Peloiak, bere txanda zen eta.

Bideko azken pausoak.

“Han goian hotza egingo du ba?” esaten zidan Joanita Kirikik txikitan, Larretxora bizitzera joan ginenean. Baina Panticosa alde hartan bero egiten zuen. Eskalatzeko bero handiegia guretzat.

Bidea bukatzen den tokitik pixka bat oinez ibilita, Espolón de Rebollón izeneko bidearen oinera iristen da. Baina, alde batetik, bero egiten zuelako, eta, bestetik, autoan hainbeste denbora pasatu ondoren nekatuta geundelako (ni bai, behintzat), jaistea erabaki genuen.

Leku horietatik jaistea ez da broma, aurrez bertan ibili ez bazara. Kostatu zitzaigun pixka bat, baina aurkitu genuen jaisteko bide “erraz samar” bat.

Casa de Piedrara iritsi, gauzak motxiletan sartu eta eskalatu ondoren hainbeste maite duguna egin genuen: zerbeza eder bana hartu, patxada ederrean.

Autoan sartu eta Jacara itzuli ginen.

-Bihar gutxiago ibili beharko diagu autoan, ezta?

-Bai -Peloiak- baina goiz ibilil beharra zegok, Tobazon eguzkiak gogor joko dik eta.

Jacako etxera iritsi eta kalera joan ginen, bueltatxo bat ematera. Etxera goiz bueltatu, afari pasa egin eta ohera.

Asteartea, ekainak 4

Aspalditik geneukan Tobazo mendiaren hegoaldeko horman dagoen Valle de Canfranc bide ederra egiteko gogoa. 450 metroko altuera du, luze zailenak 6a-ko zailtasuna du, eta guztira 14 luze dira. Krokisean 15 ageri badira ere, 11. luzean egin beharrako gauza bakarra eskuinera 25 metro ibiltzea da. Ez du inolako zailtasunik, baina aseguratuta egin behar da hala ere.

Krokisean jartzen du goiz ibiltzea komeni dela, bide luzea delako eta guztia eguzkitan eginez gero, sekulako paliza delako.

Beraz, iratzargailua bost eta erdietan jarri genuen. Txintxo-txintxo jaiki, gosaldu, komunetik pasatu (ezinbestekoa) eta motxila txikia, ura eta barrita batzuk hartuta, Canfranc aldera abiatu ginen. Herria atzean utzi ondoren, Candanchura doan errepidean kanpamentu militar abandonatu bat dago, Rioseta izeneko lekuan. Hantxe utzi genuen autoa.

Argazkian ikusten ez bada ere, ez aparkatzeko seinale bat dago ezkerreko aldean. Eskerrak Peloia konturatu zen. Autoa hartu eta errepidearen beste aldean dagoen aparkaleku txikiago batean utzi nuen. Hori bai, Peloiak harri batzuk jarri behar izan zituen lurrean, hara sartu ahal izateko, dezenteko koska zegoen eta. Orduan ulertu nuen zergatik jartzen duen krokisean autoa han utzi behar dela.

Abiatu ginen. Peloia ziztu bizian, eta ni, atzetik harnasestuka.

Lekua ikusgarria da, baina hala ere dezente sufritu nuen aldapa gora.

Hormaren parera iritsi ginenean, itxura hau zeukan.

Erdi-erdian duen enbutu antzeko horretatik igotzen da, bost luzetan. Seigarrenean horma bertikala da, eta horixe da bideko gakoa.

Bitartean, Peloiak aurrera jarraitzen zuen.

Argindar-zutoinak zenbakituta daude, eta zortzigarrenean, eskuinera hartu eta harritza batean gora igo behar da, bidearen hasieraraino.

Peloia zain neukan. Hauxe da bidearen hasiera adierazten duen plastiko xelebrea.

Luze bakoitiak Peloiarentzat ziren, eta bikoitiak, niretzat.

Ekin zion Peloiak. Goizeko 7ak eta hamar ziren. Giro ederra, ez hotz, ez bero, eta kareharri bikaineko horma.

Luze gehienak 30 metro ingurukoak dira. Ez dira bereziki luzeak, beraz.

Abisua eman zidanean, gustura abiatu nintzen ni ere. Bilgunera iritsi eta bigarren luzeari ekin nion. Horma nahiko etzana da, baina itsasgarritasuneko pauso ederrak ditu.

Bost luze horiek nahikoa antzekoak dira, eta di-da egin genituen. Hemen Peloia bigarren luzea amaitzen.

Eta hirugarren luzean. Bizi gindoazen.

Ni, laugarren luzearen hasieran.

Higadurak eragindako zimur ederrak ditu haitzak, eta horrek asko errazten du eskalada.

Laugarren luzearen amaierako bilgunean.

Hemen Peloia bosgarren luzean.

Iritsi zen seigarren luzea, baina ondo ari ginen. Ez zitzaigun iruditzen huts egingo genuenik.

Ekin nion seigarrenari.

Pauso luzeak ditu, baina ederki atera genuen. Zati bertikala bukatzen denean, harriz betetako gune etzan baten amaieran dago bilgunea. Handik ez dago laguna ikusteko aukerarik. Beraz, ezin argazkirik atera.

Iritsi zen Peloia seigarren bilgunera. Barritaren bat jan…

Eta berehala ekin zion zazpigarren luzeari.

Berehala iritsi zen bilgunera. Abisua eman zidan, eta Peloiaren parera iritsi nintzenean, hauxe bota zidan:

-Hi! Eta kaskoa?

-Ostia! Ba falta diat!

Eta horrela ekin nion zortzigarren luzeari, kaskorik gabe. Argituko al da misterioa?

Zailena eginda geneukan, eta argi ikusten genuen uste baino lehenago iritsiko ginela gailurrera. Eguzkiak harrapatu gintuen, baina ordurako izugarrizko haize-boladak iristen zitzaizkigun. Zenbat eta gorago orduan eta gogorrago jotzen zuen haizeak, hormaren babesa galtzen gindoazen heinean.

Peloia, bederatzigarren luzeari hasiera ematen dion bilgunean.

Badirudi “ke patio!” esaten ari dela.

Eta ni leku berean. Kaskoa galdu nuen, baina burua ez.

Ekin zion Peloiak bederatzigarren luzeari. El espejo izeneko plaka leun bat du, itsasgarritasuneko pauso ederrak dituena.

Pixka bat gorago dagoen plaka leun horri esaten diote El espejo.

Eta plakaren gordinean.

Eskuineko eskuarekin heltzen ari zen zulo ederra uztea zen gakoa, eta zuzen igo behar zen, erliebe txiki batean ezkerreko hanka jarrita. Fedezko pauso horietako bat da.

Hurrengo luzea, hamargarrena, babaresa eder batetik hasten da. Handik gora horma oso bertikal dagoela ikusten da. Hortik aurrera, horma gainditzeko biderik errazena bilatzen du bideak.

Hamargarren luzeko babaresa atzean utzi ondoren.

Hamargarren luzea amaitu baino lehen, argazki hau atera nion Peloiari.

Atzean, ezkerrean, kanpamentu militar abandonatua ikus daiteke. Autoa ere ikus daiteke, zoom eginez.

Bilgunea xelebrea da. Harri pila bat, aurreko aldean.

Eta desplome ederra atzean. Argazkian, Peloiak luzea amaituta zeukan, eta hamaikagarrenaren hasierara joan zen. Ikusten denez tarte erraza da, eta horregatik ez dugu luzetzat hartu.

Hurrengo luzeari Peloiak ekin zion. Haitzak itxura txarragoa dauka tarteka.

Hurrengo luzea, berriro ere, niretzat.

Eta Peloia luze berean.

Hamabi luze eginda geneuzkan ordurako. Bi bakarrik falta zitzaizkigun, baina haize zakarra zebilen.

Peloia hamahirugarren luzearen hasieran.

Amaitu zuen bere luzea, eta berehala iritsi nintzen ni ere.

Peloia bilgunean utzi, eta aurrera. Azken luzea ertz erraz batetik doa. Haizea zen zailtasun bakarra. Mendiaren gailurrera iritsi nintzenean, honela ikusten zen Peloia azken bilgunean.

Ederki ikusten da han behetik gailurreraino desnibel galanta dagoela.

-Jarri handi tentexeago! Ia ez haut ikusten eta!

Bai jarri ere!

Peloia iritsi zenean, han nengoen ni parrez-parrez.

Atzean, nire eskumuturraren parean Balaitous ikusten da.

Hemen Peloia kasko eta guzti

Gailurretik bista ederrak.

Jaisteko ezker aldera jo genuen, baina krokisak dioenari jarraitu ordez, La Tuca eski estazioraino joan ginen, eta handik Riosetara jaisten den bidea hartu genuen.

La Tucako eski estaziorako bidean.

Eta handik behera.

Iritsi ginen ibarraren beheko aldera. Autoara iritsi ginenean, Peloiari bonbilla piztu zitzaion:

-Goazen Somport gainean dagoen aterpera. Ederki egoten dek han zerbezatxo batekin.

Bidean gindoazela, talde handi bat ikusi genuen errepidearen eskuinean eskalatzen.

-Haitz horrek konglomeratua ematen dik, ezta? -galdetu nion Peloiari.

-Bai. Ikastaroren bat izango dek, hainbeste jende dagoenean. Eta denak kaskoarekin!

-Nik ere behar diat bat.

Somportera iritsi ginen, baina ez genuen zerbezarik hartu. Itxita zegoen.

-Handia da ba!

Atzera Jacara joan ginen. Dutxatu, bazkaldu eta siestatxoa egin genuen, kalera joan aurretik.

Hurrengo egunerako iragarpena txarra zen.

-Zer egin behar diagu bihar?

-Peña Ruebara joango gaituk, ostegunerako bidea ikastera.

Baina hori hurrengo atalean kontatuko dizuet.

Zer gertatu ote zen nire kaskoarekin? Haizeak eraman zuen? Bele batek lapurtu zidan? Peloiak bota zuen ostikoz jota?

Gortu!