Irati

Aurreko igandean, hilak 27, Ziordiara joan ginen Lope eta biok. Lo egiteko ordubete gehiago izanda, goizeko zazpietan jaso ninduen txintxo-txintxo.

Bide erraza da, Ziordiako espoloi ospetsuaren babesean dagoena. Paraje aparta, Sakana eta Beriain ikusteko talaia zoragarria.

Autoa harrobiaren sarrerako hesiaren aurrean utzi genuenerako, bazeuden beste bi han aparkatuta. Lehen autoan ez zegoen inor, eta bigarrenekoak arnesa soinean jarrita zeuden, trasteak prestatzen.

Guk motxila hartu eta bideari ekin genion.

Lehen ere eginda daukagu biok Irati bidea. Gainera, Lopek ez zuen argazkirik atera, eta nik oso gutxi. Ezusteko handia izan genuen, hala ere.

Lope aspaldian batere ibili gabe omen zegoen. Ni, berriz, Peloia adina. Ia-ia korapiloa (korapil sendo hau) nola egiten den ahaztuta.

Ekin nion lehen luzeari, eta lur piloa zegoela konturatu nintzen.

-Ze arraroa -esan nion Loperi- Ematen dik goitik lurra erori dala.

Bigarren luzean, horrez gain, beste zerbait ere aurkitu nuen.

-Aibadios! Zer da hau? Gatza ematen dik.

Eta gatza zen, bai. Pentsatu nuen belarra ez hazteko edo botako zutela. Baina erabat harrituta negoen.

-Harrigarria, Xabier!

Hirugarren luzea amaitu nuenean, berriz, bilgunetik zuzen-zuzen bi parabolt zeudela ohartu nintzen. Harrituta, berirro ere. Bide berri bat ote da? Ez al zen trabesia tokatzen ezkerrera? Krokisa begiratu gero, erraz ikusten da bideak ezkerrera jarraitzen duela. Baina, ezin izan nuen krokisa mobilean ikusi. Harrigarria hori ere. Lehen ez nuen arazorik izaten.

Lope iritsi zenean azaldu nion nire zalantza, baina berak ere ez zeukan argi.

Beraz, laugarren luzeari zuzen ekin nion. Lehen parabolta txapatu, eta behera begiratu nuenean, berehala ohartu nintzen hura ez zela betiko bidea. Txapa kendu, eta destrepatu egin nuen kontu handiz.

Trabesian, berriz, sasi dezente zegoen. Oraindik eskuan dauzkat arrastak. Bilgunera iritsi nintzenean, goian norbait zebilela ikusi nuen. Ordura arte ez genuen inor ikusi.

Berriro ere harrituta: “Bakarrik eskalatzen ari ote da? Gorago beste norbait egongo ote da?”. Arraroa zen, soka jasotzen ari zela zirudien eta.

Lope iritsi zenean, hurrengo bilgunera jo nuen, eta hantxe egin nuen topo eguneko pertsonaia sekretuarekin. Hizketan hasi ginen, baina berak gaztelaniaz egiten zuen. Bidea garbitzen ari omen zen. Eta hurrengo bilgunean parabolt bat sartu omen zuen, bilgunea indartzeko.

-Ez zara ba Antxon Gorrotxategi izango?

Berak baietz. Galdetu zidan ea ezagutzen genuen bidea, edo lehen aldia genuen. Nik erantzun nion bere bide guztiak edo ia guztiak egin ditugula, eta asko zor diogula.

Gustura zegoen gizona bere bideak jendeak atsegin dituela eta eskalatzen dituela jakinda. Eta gu zer esanik ez. Eskertu nion, berriro ere, bide horiek sortzea. Lope iritsi zenean, beste pixka bat egon ginen berriketan. Tartean, esan zigun egin berri genuen luzearen bariante bat sortu zuela. Ni sartu (eta atera) nintzen huraxe, hain zuzen.

Hurrengoan hortik joan beharko dugu, erraz samarra omen da (IV+). Baina, nik, non sartzen nintzen jakin gabe, atzera egiten erabaki nuen. Beraz, bariante berri hori eginez gero, ezkerrera eta pixka bat behera jo behar da ondoren, hurrengo bilgunera joateko.

Jarraitu nuen nik gorantz, eta Antxonek beherantz jo zuen, bariante horren bilgunea eta inguruak garbitzera, aitzur txikia eskutan.

Gorako bidean argazki bat atera nion Antxoni.

Lope bilgunean egon zen adi-adi, nik abisua eman nion arte.

Badator.

Leku ederrean egon ginen.

Lope bilgunera iritsi zenean, esan zidan argazki bat atera behar genuela Antxonekin. Arrazoia zeukan, baina ez genuen garaiz erreakzionatu.

Beste luze labur bat eginda, goian geunden. Eskua eman, “ez gatxuk makalak” esan, trasteak jaso, eta behera, harrobian barrena.

Behera iristen ari ginela, hormara begiratu eta han jarraitzen zuen Antxonek bakar-bakarrik lanean. Ez da makala!

Ea hurrengorako Peloia animatzen den. Eta eskatzen hasita, ea Larregi ere animatzen den.

Gortu!