0. Sarrera

Parrokia eta Paolaldea 1967an (argazkia: Zumaiako Udala)

Orain baino txikiagoa zen gure herria, alde askotatik begiratuta. Herriguneari dagokionez, Zubitxikia zen muga nagusia: basadietan (Estazio aldeko zaharretan eta orain Poligonoa deneko basadi berrietan) baratzeak eta labore-lurrak besterik ez zegoen, eta ia eraikin bakarrak sororako erremintak gordetzeko txabolak ziren, artean apenas zegoelako etxerik edo industrialderik. Errepidearen alboetan, berdin Arroa edo Donostia aldera, etxe bakan batzuk besterik ez, eta Zubiaunditik bakarrik bideratzen zen ibilgailu-trafiko guztia, Zubiberria artean eraiki gabe zegoelako. Zumaiar gehienak Zubitxikitik barrualdera bizi ziren, eta bizimodua Goiko kalearen (orain “Alze zaharra” ere esatenb diogunaren) edo Erribera kalearen bueltan egiten zuten: Goiko plazan zegoen eguneroko azoka, garai hartan jendetsua eta zaratatsua, eta zumaiarrek han edo haren inguruko dendetan erosten zituzten egunerokoak (ogia, esnea, barazkiak, arraina, haragia…), artean etxe gutxitan zeudelako hozkailuak.

1965 inguruan, zumaiarrak orain baino gutxiago ziren, apenas erdiak, baina oso tarte laburrean hazkunde handia izan zen: 1960an, 4.444 lagun ziren; 1970ean, berriz, 6.341; beraz, % 42 pasa hazi zen biztanleria hamar urtean. Biztanleria handitzeko arrazoi nagusia beste jatorri bateko zumaiarrak izan ziren, batez ere Espainiako hainbat bazterretatik, etorkizun oparoagoaren bila etorriak.

Ondorengo sarreretan, atal hauek datoz:

  1. Udala eta Udaleko kontuak
  2. Denda batzuk
  3. Lantegi eta lan batzuk
  4. Beste jatorri bateko zumaiarrak
  5. Garraiobideak
  6. Hedabideak
  7. Eliza eta inguruko zenbait elkarte
  8. Hotelak eta tabernak.
  9. Zaintzaileak
  10. Eskolak
  11. Euskara
  12. Kultura
  13. Osasuna
  14. Elkarteak, kirolak

1. Udala eta Udaleko kontuak

Zumaiako udaletxea 1963an (argazkia: Indalecio Ojanguren)

Zumaiako udaletxea oraingoa baino txikiagoa zen, eraikinak ez zuelako bereganatu Bonifazionekoa etxearen saila, ezta atzealdeko partea ere. Ardantzabide aldera, beste eraikin batzuk zeuden: garai batean mataderia izandakoa, solfeoa irakasteko lekua, Benito Manterola zapateroaren dendatxoa etxabean, udal-langileren baten bizilekua ondoan… Eraikin sailak behera jarraitu egiten zuen, Ardantzabidera arte, Intxaurtxoetako eskaileren segidan.

Manolo Antia (argazkia: Euskomedia)

1952tik 1967ra arte Manuel (Manolo) Antia Azkoitia izan zen alkate, bederatzi zinegotziren laguntzarekin. Garai hartan gutxi batzuek hautatzen zituzten herriko agintariak, demokraziaren arrastorik ez zegoelako Francok ukabil itxiaren barruan preso zeukan gizartean, eta zinegotzi izateko, ezinbesteko baldintza zen “erregimena”-ren aldekoa eta begikoa izatea. Zinegotziak, berriz, hiru “talde”-tako ordezkarien izenean hautatzen zituzten: “Grupo de cabezas de familia”, “Grupo de representación sindical” eta “Grupo representativo de entidades económicas, culturales y profesionales”. Zinegotziek honela zin egiten zuten kargua: “Juro servir a España con absoluta lealtad al Jefe del Estado, estricta fidelidad a los principios básicos del Movimiento Nacional y demás leyes fundamentales del Reino, poniendo el máximo celo y voluntad en el cumplimiento del cargo de concejal para el que he sido designado”. Zinegotzi izan ondoren, alkate izan ziren, Manoloren atzetik, Jose Ramon Zubia (1967an) eta Eugenio Arrizabalaga (1969an). Garai hartan, emakumezko zinegotzirik ez zen.

Orain baino langile gutxiago zeuden udaletxean, guztira 18 lagun 1962an: idazkaria eta hiru laguntzaile, kontu-hartzailetzako laguntzailea, zerga-biltzailea, kaboa eta hiru aguazil edo txapero, bi sereno, irakaslea (Oikiakoa), herri-lanen arduraduna eta bi peoi, barrenderoa eta Alondegiaren arduraduna. Horietatik, bakarra emakumezkoa: Oikiako maestra.

Zumaiako Udaletxea 1959an (argazkia: Indalecio Ojanguren)

Garai hartako udal-paperei (plenoetako aktei) begiratuta, Zumaiako bizimoduaren berri ematen duten hainbat kontu ageri dira, horietako asko bitxiak edo deigarriak:

  • Behin eta berriz azaltzen da Udalak bultzatutako “Plan General de Ordenación Urbana de la Villa”, gaur egungo Zumaia zehaztu eta hurrengo urteetan garatu zuena. Hirigintzako plan askok bezala, herriaren hazkundea bultzatzen zuen, batez ere etxegintzan oinarrituta, herrigunean eta batez ere basadietan; plan horren baitan, eraiki beharreko eremuei “poligono” izena eta zenbaki bat jartzen zieten; horietatik, batzuk bereziki ezagunak egin zaizkigu eta gaur egun ere izenari eusten diogu batzuek (adibidez, “Poligono siete”, gero Aita Mari auzategia izango zena).

Basadiberriak 1967an (argazkia: Zumaiako Udala)

Basadiberrian betelanak, gero “Poligono 7” egiteko, 1967ko abuztuan

  • Udan, herriko agintarien buruhauste eta arazo handienetako bat ur-eskasia zen, euri gutxi egiten zuelako ez ezik, biztanleriaren hazkundeak eta ugaritu egin ziren lantegiek eta etxeek uraren beharra areagotzea ekarri zutelako ere bai. Gabeziari aurre egiteko, hainbat konponbide bilatu zituzten: Usarroagatik (Anduzpetik, Itziartik) ura ekartzea, Karakas ingurutik eta Oikiatik (Artaditik barrena) ura ekartzeko martxan zegoen sistema hobetzea, hoditeria konpontzea…, baina guztiak hartuta ere ez ziren izan nahikoak, eta XX. mendearen amaiera aldera arte ez zen behar bezala konpondu arazoa, ura Nuarbeko Ibai-Ederretik ekartzen hasi ziren arte.
  • Orduan ere hondakinen kudeaketa arazo handia zen, urteekin areagotzen joan zena. Aldian behin Udalak hondakinak biltzeko zerbitzua lehiaketara ateratzen zuen, baina sarritan kostatu ere egiten zen baten batek hartzea (behin baino gehiagotan geratu zen eman gabe, inor ez zelako aurkeztu); 1965ean, hondakinak biltzeko, kamioia erosteko erabakia hartu zuen Udalak; baina hori nahikoa ez eta Udalak herritarrak behartu egin zituen zaborra poltsetan sartuta ateratzera (1968an), ordutegi jakin baten barruan; gero, ordea, hori guztia ere gutxi zela ikusita, zaborrak erretzeko labe edo errauskailuaren premia adierazi zuen Udalak behin eta berriz, batez ere oso nabarmen 1969tik aurrera; hasieran, Oikia aldean egiteko asmoa zeukaten, terreno batzuk begiz jota ere bazeuzkaten, baina azkenean Zestoarekin batera (Zumaiatik “urruti”) Agote aldean jarri zuten zabortegia, labe eta guztikoa.
  • 60ko hamarkadaren hasieran, Odieta frontoia estali gabe zegoen artean, eta egun berean inauguratu zituzten frontoiko estalkia eta Paoleko Puntako haitzako “Junta de Salvamento 15 de Noviembre”, 1963-04-21ean. Frontoia zen Zumaiako gune estali publikorik handiena, eta beste erabilera batzuetarako ere aprobetxatu zuten; adibidez, Club Athlético Zumayako kirolariek frontoia eskatu zuten astean zehar entrenatzeko; beste batzuek ere eskatu zuten, beste erabilera batzuetarako, baina baimenik ez zuen eman Udalak: frontoiko “anbigu” edo taberna zeukanak baimena eskatu zuen 1965eko azaroan, igande gauetan dantzaldiak egiteko, baina ezezkoa jaso zuen.
  • Ikastetxeetan mugimenduak sumatzen ziren, aldaketa handiak: 1964ko amaieran adierazi zuten mojek eskola (kolegio) berria egiteko asmoa zeukatela Forondako markesarenak izandako lurretan; Mertzedarioek Batxilergoa ikasteko eraikina egiteko nahia azaldu zutenean, Udalak lazaretoa izandako terrenoak (gaur egungo Uxategi inguruan) utzi zizkien, 1964an; urte berean, Taller Escuela Sindical “Vírgen de Arritoquieta”-ko zuzendariak lurrak eta diru-laguntza eskatu zituen eskola berria egiteko, ordukoa ez zelako nahikoa; 1965eko hasieran, berriz, “Asociación Católica de Padres de Familia”-k egoitza eta zinema-aretoa egiteko proiektua aurkeztu zuen udaletxean, hau da, gero Aita Mari izango zena… Garai hartan, ikastetxeek ez zituzten gaur egungo baliabideak; hauxe 1968-02-09ko akta batean jasotako berri bitxia: “Dotar de un aparato de televisión a cada grupo escolar, de acuerdo con la campaña que se está llevando a cabo en toda la provincia por iniciativa de la Cámara de Comercio y Navegación y patrocinada por el Exmo. Sr. Gobernador Civil de la Provincia, a fin de que nuestros niños puedan asistir a las magníficas clases que por este procedimientos ofrecen a las once de la mañana de cada día laborable”; Udalak zuzenean telebista bat ordaintzea erabaki zuen, eta kulturarekin zerikusia zeukaten elkarteei gutuna idatzi zien “para que aporten cuanto estuviese en su mano. Se pasarán circulares a todas las industrias y comercios de la localidad a fin de que contribuyan a esta campaña. Se distribuirán octavillas por las calles de la villa con indicación de la forma de hacer los donativos y se repartirán sobres a domicilio que asimismo serán retirados para que cada familia deposite en ellos un óbolo”; hainbesteko ahaleginak izan zuen ordaina, lortu baitzuten bigarren telebista ere ordaintzea.
  • Gero eta ibilgailu gehiago zebiltzan kalean, ohikoagoa zen autoak ikustea. Taxi-zerbitzua emateko baimenak ematen zituen Udalak, eta bi-hiru ibili ziren aldi berean, eta autoa txoferrik gabe alokatzeko zerbitzua ere bazegoen. Autoen joan-etorria areagotu egin zen seinale, beste adibide bat: 1970ean, N634 errepidea oinezkoen bidetik gurutzatzeko lekuan, Zubitxikian, bi semaforo jartzeko erabakia hartu zuen Udalak, eta 137.997 pezeta ordaindu zituen.

Zumaiako herrigunearen sarreran zegoen monumentua, 1963an (argazkia: Indalecio Ojanguren)

  • Zubitxikian, herriaren sarreran, monumentu bat zegoen, Gerra Zibilean hildako batzuen omenez. 1967ko urriaren 6an ETAk bonba bat leherrarazi eta kalteak eragin zizkion, eta Udalak gaitzetsi egin zuen, pleno batean: “(…) el único objeto de esta sesión urgentemente convocada era pulsar el sentir de la corporación por el vandálico acto ocurrido la noche anterior en el Monumento a los Caídos de esta Villa que sobre las dos de la madrugada fue objeto de una explosión causando diversos desperfectos en el conmemorativo monumento”.
  • Etxe askotan, etxabeetan, txerriak eta bestelako animaliak hazten zituzten, baita herrigunean bertan ere; adibidez, Mari kaleko etxabe batzuetan animaliak (tartean txerriak) zeuzkaten, eta ukuiluan haien azpiak garbitu bitartean, kalera ateratzen zituzten eta eliz atarian ibiltzen ziren. Etxeetan sobratutako hondakin organikoak animalientzat gordetzen zituzten, eta batzuk etxez etxe ere ibiltzen ziren jasotzen, txerri-janaren bila, baldea hartuta. Hori guztia ohikoa zen, baina oso urte gutxian lehen normala zena onartezin bihurtu zen, eta paperetan adierazita dago Udalak nola kargu hartu zion herritar bati San Telmo kalean txerriak hazteagatik, baita nola kenarazi zizkion; beste herritar bati, berriz, ez zion utzi etxabean txakurrak hazten.
  • 1965eko santelmotarako, orduko “barrakak” etortzeko eskaera egin zuten; Udalak baiezkoa eman zien, baina aurreko urtekoa baino % 25 gehiago ordainduta. Bost postu jarri zituzten: hiru “caseta de tiro” (tiropitxonak), “caseta de rifa” bat eta “babi infantil” bat. Beheko plazan jartzen zituzten orduan barrakak, gaur egun Hogarra eraikita dagoen horretan. Udako festei begira, berriz, trainerillen ligako estropada egiteko aukera zela eta, Udalak eskatu zien tabernariei gastuen % 50 beraien gain hartzeko, edo bestela bertan behera geratuko zela eta ez zela egingo.
  • Debekuek ez dute garairik, beti egon izan dira, baita gaur egungo begiekin ikusita ulergaitzak diruditenak ere, eta garai hartako debeku batzuk oso bitxiak dira: “Se acuerda prohibir tomar baños en la rampa de Arbustain a personas que hayan sobrepasado la edad escolar y que en este sentido se coloque un rótulo para el conocimiento del vecindario” (1962-06-12), “Se acuerda también interesar de los Agentes Municipales el mayor celo para impedir que las mujeres se bañen en el muelle del Urola, así como también para que los bañistas paseen en traje de baño por el Paseo del Conde de Vallellano [Paolbidea]” (1962-06-12), “Prohibir jugar al fútbol en las playas durante la temporada de verano después de las 10 de la mañana y facultar a los encargados de los servicios de las mismas para que como Agentes del Sr. Alcalde puedan imponer multas de hasta 25’00 pesetas contra los infractores” (1962-08-07)…
  • Turismoa indarra hartzen ari zen herrian, eta kanpotarrak hartzeko, Fielatoko eraikinean (Zubitxikian, itsasontzi-itxurakoan) postua jarri zuten 1965ean. Neska batzuk aritu ziren lanean, eta propio dago jasota akta batean hau: “Se acordó seguidamente abonar la suma de 5.000 pts. a las señoritas que durante este verano se han hecho cargo de la oficina instalada en el fielato, en pro del fomento del turismo en la Villa”.
  • 1966an Udalean eskaera bat jaso zen herrian paper-fabrika bat ezartzeko. Udalak ez zuen onartu; adierazi zuen horrek kaltea eragin zezakeela, batez ere turismoari begira, ibaiko urak zikinduko zituelako; gero, ordea, zer eta paper-fabrika hori Aizarnazabalen jarri zuten, eta alferrikakoak izan ziren Zumaiako Udalaren kexak eta protestak.
  • Orain bezala, Balenciaga ontziola martxan zegoen, baina orduan isiltasuna handiagoa izango zen edo batzuek zarata jasateko gaitasuna txikiagoa izango zuten. 1964-09-15ean, “El Sr. Alcalde da cuenta de que nuevamente se le han quejado los habitantes del chalet Santiago-echea [Zuloaga] por los insoportables ruidos producidos por la factoría Balenciaga S.A. dedicada a la construcción de barcos de chapa”.

2. Denda batzuk

Denda gehienak Goiko planaren inguruan eta Erribera kalean zeuden, zumaiarren bizilekuetatik gertu eta gehienak oso txikiak ziren. Zenbat eta nolakoak ziren aztertuta, erraz suma daiteke garai hartan zenbateko mugimendua izango zen Goiko kalean:

  • Komestible-dendak: Jangoikotxikienekoa, Maria Isabel Egañarena, “Comercio Maritxu” (Kanterakoarena), Markeskoarena, Sorazunekoa, Miren Senosianena (Casasbaratasen)…
  • Harategiak: Pepe Txintxuarena (Odriozola), Sasiainena (Artia), Jose Ramon Aizpuruarena (Buruzuri), Plazidorena, Larrañagarena (Txortena)…
  • Okindegiak: Narrondokoa (hango errotan ehotutako irinarekin egiten zuten ogia eta dendara ekarri), Elorriagarena (labearekin), Kooperatibarena (labearekin), Kortarena (Erriberan, labearekin)…
  • Pasteleriak, gozo-gauzak, letxarreriak…: Bonifazionekoa, Konfiterozarrenekoa, Alberdirena, Juanita Kirikirena…
  • Drogeriak: Urruzuno, Irene Azkuerena (gero Ajuria botika), Teresita Astigarragarena (erlojeria ere bazena), Foto Gar (argazkiak ere bai)…
  • Arropak, telak, hariak, jostunak…: Pasieruenekoa eta Joxeparena (Goiko plazan), Pakenekoa (Kale Nagusian), Añezko Klararena (Zunbillon), Pepatxorena (Aizpurua), Elenarena, Linterneroenekoa (prentsa ere saltzen zuen), Alberdirena, botoi-fabrika Erkibe etxean (Beheko plazan)…
  • Ontziak, etxerako tresnak, erremintak…: Xesterokoa, Barberokojua, Galdona…
  • Prentsa eta argazkiak: Jose Gutierrezena (Kartero beltza)…
  • Estankoa: Jokiñe Urbietarena (Goiko plazan).
  • Fruta, berdura…: Prantxiskarena (gero Karmen Balenciagak hartua), berastegitarrena Erribera kalean…
  • Oinetakoak: Bidasororena, Asensiok eta Benito Manterolak zapatak konpontzen zituzten, Xanti Alzibarren denda Kale Nagusian…
  • Barberiak: Iruretarena eta Mujikarena (Erriberan), Juanito Olaizolarena (Alondegiaren azpialdean, Mariko izkinan)…
  • Bizikletak: Zearreta Txantxullok bizikletak konpontzekoa eta alokatzeko zeukan Amaiako plazan.
  • Burdindegia: elektrizitate-lanak egiteaz gain, denda ere bazeukan Galdonak Erribera kalean.

Aparte aitatuko dugu, herriko denda nagusia zelako, Cooperativa Obrera de Consumo San Pedro Apostol (Kooperatiba), Sanjuaniturriren aurrealdean, Arangureneneko etxean, eta aurretik Kooperatiba Zaharra, gaur egun Zalla deneko horretan.

Garai hartan, etxe askotan artean ez zegoen hozkailurik. Egunean egunekoa erosten eta jaten zen, eta zerbait sobratuz gero, freskera izenekoan gordetzen zen, baina ez luzerako.

3. Lantegi eta lan batzuk

Urte askoan Zumaia itsasora begira bizi izan zen (arrantza, ontzigintza eta horien ekipamendua, porlanaren eta ikatzaren itsas garraioa…), baina Portuko jarduera aspaldian gainbehera zihoan eta gero ere gehiago ziren lehorreko lanetan aritzen ziren zumaiarrak, batzuk lantegi handi samarretan (Carmelo Unanue, Otto Holke, Yeregui, Julian Eguiguren, Balenciaga, Torreaga, Galvanizados Olaizola, Conservas Ortiz…), txikiagoetan (Egañaren ontziola, Beduako ontziola, Apestegiren fundizioa, Mendiaraiz…), aroztegi txikiak (Periko Ostolazarena, Agirrezabalagarena, Esteibar Izkiñarena…), tailer mekaniko txikiak (Urpe, Satesa, Urgain, Zumaia, AGEA, Bibiano Etxaberena, Uzgur, Aizpurua, Beal, Arritoquieta…) eta abar. Oraindik ez ziren sortu, baina bidean ziren urte batzuk geroago garrantzitsuak izango ziren beste lantegi batzuk: Lagun Artea, Egurko kooperatiba, Ayra Durex… Orain harrigarria irudituko zaigu, baina garai hartan ohikoa zen larunbatetan ere lan egitea (ordukoa da “sabado ingles” espresioa, alegia, larunbat arratsaldeetan jai egitea), eta lanaldiak oraingoak baino luzeagoak ziren. Sindikatuen arrastorik ez zen, zein eta ez zen bertikala, erregimenarena, frankistena.

Lantegi horietako gehien-gehienetan, gizonezkoak aritzen ziren lanean, eta emakumezkoek lanbide jakin batzuetan (lantegietako bulegoetan, kontserbagintzan, garbiketan, dendetan saltzaile…) egiten zuten soldatapeko lana eta betiere familiari lehentasuna emanda (ezkondu edo haurrak izan bitartean, gehienetan, eta gero utzi egiten zuten lan ordaindua, etxearen eta familiaren kargu egiteko).

1965ean, artean, nekazaritzak indar handia zeukan, batez ere Oikiako eta Estazio inguruetako lurretan, eta ibaiari kendutako erriberetan eta basadietan barazki- eta labore-sail handiak lantzen ziren. Orduantxe hasiak ziren ezartzen edo bidean ziren lantegi handiak Oikia aldean: Xey, Guascor, Modelo, Pollos Oiquina, Larra… Inguruko baserritar askok baserriko lana utzi eta lantegi horietan hasi ziren lanean.

 

Zenbait produkturen prezioak eta astebeteko soldata batzuk 1964an[1]

PRODUKTUA PEZETATAN EUROTAN
Autorako irratia 5.500 33,56
Sukaldea (sua) 5.500 33,56
Eguzkitako betaurrekoak 130-240 0,781-1,442
Eskumuturreko erlojua 2.590-9.500 15,566-57,096
New Yorkera bidaia (15 egunerako) 25.970 156,083
Disko-jogailu eramangarria 1.990-4.686 11,96-28,163
Argazkilaritza-ekipoa 1.660-2.180 9,977-13,102
Etxebizitza 105.000 631,63
Hozkailua 4.999-18.992 30,45-114,144
Autoa (SEAT 1500) 134.000-139.000 805,356-835,407
Detergentea 8,5 0,051
Alkandora 99 0,595
Blusa 265 1,593
Toalla 26 0,156
Garbigailua 5.800 34,859

 

LANBIDEA ASTEBETEAN, PEZETATAN ASTEBETEAN, EUROTAN
Elektrikaria. 1. mailako ofiziala 1.300-1.500 7,813-9,015
Industria-maisua 1.750-1.875 10,518-11,269
Industria-peritua 1.730-4.320 10,398-25,964
Saltzailea (biajantea) 2.300-2.884 13,823-17,333
Agente komertziala 3.230 19,413
Mekanografoa (emakumezkoa)* 788-1.150 4,736-6,912
Ingeniaria 5.769 34,672
Administraria 1.000-1.884 6,01-11,323
Inkestatzailea (emakumezkoa)* 875-1.500 5,259-9,015
Bulegarigaia 288 1,731
Banaketarako mutila 769 4,622
Zuzendaritza-idazkaria 1.730 10,398
Idazkaria (emakumezkoa)* 942-1.076 5,662-6,467
Exekutiboa 5.769 34,672
Gerentea 7.500 45,076

*Propio dago adierazita emakumezkoaren lanbidea zela, besteak ez bezala femeninoan jarrita; beraz, pentsatzekoa da gainerakoetan gizonezkoak zirela nagusi.

[1] Internetetik ateratako prezioak: http://el-tragaluz-teatro.blogspot.com.es/2009/03/precios-y-sueldos-anos-60.html

 

4. Beste jatorri bateko zumaiarrak

Lantegi berriek esku-lana behar zuten, eta asko izan ziren gurera etorritako beste jatorri bateko zumaiarrak. Arestian adierazi dugunez, Zumaiako biztanleria % 42 handitu zen hamar urtean.

Udaleko errolda aztertuta[1], 1963an etorri ziren lagun gehien:

Horietatik, gehienak gazteak ziren:

Azkenik, jatorriari dagokionez, nagusi ziren Badajoz aldetik etorritakoak:

Badajozetik etorritakoei dagokienez, bereziki nabarmendu ziren La Serena eskualdeko bi herri: Esparragosa de la Serena eta Zalamea de la Serena; biak batuta, guztira 197 lagun etorri ziren Zumaiara. Hango herri batzuk zenbateraino hustu ziren ikusteko, hona hemen datu bat: Esparragosa de la Serenan, 1960an, 1.903 lagun bizi ziren; 1970ean, berriz, 1.408; hau da, 495 biztanle gutxiago (% 26 inguru galdu zuen).

Zumaiar berri horiek etxeak behar zituzten bizitzeko, eta garai hartan hasi ziren eraikitzen etxe berriak zenbait auzotan: Arroakalean, Jadarren, Estazio inguruan…; eta geroago Aita Mari auzategian, Basadin, Alain… Horietako bizileku batzuk ghetto ere bihurtu ziren, gainerako Zumaiarekin alderatuta oso gune erdaldunak zirelako, eta belaunaldi hartako askori kostatu egin zitzaien auzoaren muga iragan eta Erribera kalean aurrera etortzea, edo herriak berezko edo gogoko zituen ospakizunetan beste zumaiarrek bezala parte hartzea. Orduan, eraikinak egin berriak ziren eta ez zuten bistan bekatu handirik, baina urte batzuk geroago nabarmen geratu ziren agerian, batez ere irisgarritasunarekin zerikusia zeukatenak (aldapa eta eskailera pikeak, igogailurik ez, etxepean garajerik ez, ekipamendurik ez…).

[1] Karreraren amaierako lana egin nuenean, garai hartako biztanleria-hazkundea eta garapen industriala parekatuta aztertu nituen, harremana ikusteko, eta lan hartako datuak dira, batez ere udal-erroldatik ateratakoak.

5. Garraiobideak

Garai hartan oso jende gutxik zeukan autoa, eta trena eta autobusa erabiltzen ziren, batez ere. Artean egiteko zegoen A8 autobidea, eta hiriburuetarako bidaia luzea eta pazientziaz hartzekoa izaten zen.

Zumaian bat egiten zuten bi trenek, Vascongadosek (Donostiatik Bilborakoak) eta Urolakoak (Zumarragatik Zumaiarakoak). Herrigunetik urrun edo aparte samar geratzen zen orduan tren-geltokia, Zubitxikitik aurrera etxe gutxi zeudelako eta bide ondokoa urbanizatu gabe zegoelako (ez zegoen espaloirik oinezkoentzat, adibidez) eta artean Moilaberria ez genuen geureganatu oinezkook, itsasontzi eta trenentzako eremua zen. Horregatik, distantzia laburtze aldera, autobus-zerbitzua (urbanoa) ezarri zuen Udalak, eta Pesa enpresak kudeatu zuen. Autobusa Errotako izkinatik (Alondegi ondotik) irteten zen, jendea geltokira eraman eta trenez etorri berriak herrigunera ekartzen zituen. Oikiarako zerbitzua, berriz, Bartolo Etxabe Lorek egiten zuen, beste autobus batekin. Horiez gain, arestian aipatu dugun bezala, taxi-zerbitzua ere bazegoen.

6. Hedabideak

Orduan kazetaritza eta hedabideak eskuak lotuta zeuden, kazetariek ezin zutelako nahi zutena idatzi eta ondo baino hobeto neurtu behar izaten zituztelako hitzak, erregimenak ezarritako mugak ez gainditzeko. Zentsura ohikoa zen; gai batzuk ezin ziren aipatu eta are gutxiago jorratu, eta beste gai batzuetan erregimenaren ikuspegi frankista zen nagusi, Gerra Zibilaren ondorengo bakea eta egindako lana goresteko.

Zumaian batez ere bi egunkari saltzen ziren: La Voz de España eta El Diario Vasco. Biek zeuzkaten berriemaileak Zumaian, herriko karta edo kronika egiten zutenak: Isaías Cañizal eta Luis Mari Aizpurua. Astelehenetan atsedenaldia izaten zuten, ez zen egunkaririk ateratzen, baizik eta La Hoja del Lunes izenekoa. Azkenik, bazegoen arratsaldeetan argitaratzen zen egunkari bat: Unidad.

Garai hartan, irratia zen nagusi etxeetan, eta ordurako hasiak ziren jartzen etxe batzuetan telebistak, handiak eta zuri-beltzean.

7. Eliza eta inguruko zenbait elkarte

Orduan Elizak pisu handia zeukan Zumaiako bizimoduan. Batzuetan agerian eta beste batzuetan ezkutuan, Elizaren zainak eta sustraiak Zumaiaren eta zumaiarren egunerokoan errotuta zeuden, oso presente: parrokiako kanpaiek markatzen zituzten astegunak eta jaiegunak, egutegia eta ordutegia, goizetik gauera, etengabe; ikastetxeetan, kristautasunez hazten eta hezten ziren gazteak; lau apaiz eta haien laguntzaile edo neskameak (denak emakumezkoak) bizi ziren San Pedro kaleko Apaizetxean, eta auzoetan (Artadin eta Oikian) apaiz bana ere bazegoen, etxe eta guztirekin. Eliza oso instituzio garrantzitsua zen herrian, eta herritar gehienek errespetu handia zioten.

Elizaren inguruko elkarteek indar eta presentzia handia zuten Zumaiaren egunerokoan: Luistarrena (Congregación de San Luis Gonzaga), Adoración Nocturna, Hijas de María, Mujeres de Acción Católica, Asociación Católica de Padres de Familia… Gazte eta guraso asko horietako kide ziren eta zuzenean parte hartzen zuten antolatzen zituzten ekitaldietan.

Garai hartan, Elizaren bilgune garrantzitsuenetako bat Zumaian Centro Parroquial (zentroa) izenekoa izan zen, Erribera kalean, gaur egun “Xirula” denda dagoen horretan. Berez, lokala Julio Beobide eskultorearen familiarena zen, baina Gerra Zibilaren aurretik batzokia izana zenez, Gerra Zibilarekin frankistek errekisatu egin zioten, eta ondoren Elizak eskuratu zuen. Besteak beste, Luistarren egoitza izan zen, eta han zeukan egoitza, halaber, garai hartan bereziki osasuntsu zegoen Oargui izeneko elkarteak (Organización Athlético Recreativa de Guipúzcoa). Elkarte horrek, mendizaletasuna bultzatzeaz gain (adibidez, Indamendiko gurutzea jarri zuten, baita Oristoko iturria egin ere, Elorriagarako bidean), euskal kultura ezagutzeko eta ezagutarazteko hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu zituen: Azkoitira eskurtsioa, hango zalduntxoen jauregia ezagutzera; Itziarko Urteaga leize-zulora irteera, Joxe Migel Barandiaranekin; Andoni Lekuona apaiz zigortuari bisita, Altzola auzora; omenaldiak herriko pertsona ospetsuei (Domingo Agirre, Julio Beobide, Aita Mari…); dantzari-taldea ere antolatu zuten; euskal kantarien jaialdiak antolatu zituzten… Ikastolaren sorreran ere paper garrantzitsua izan zuten oarguikideek, haietako asko guraso gazteak zirelako eta zuzenean inplikatu zirelako. Baina 70eko hamarkadan gainbehera hasi zuen eta desagertu egin zen.

8. Hotelak eta tabernak

Turismoa indar handia hartuta zegoen Zumaian, eta hor zeuden kanpotarrak hartzeko, adibidez, Uranga eta Zumaya hotelak; baina guztien errege zen, dudarik gabe, “Gran Hotel Amaya”, tenis-pista, igerileku eta zinema eta guztikoa; ordurako, ordea, onenak emanda zegoen hotela, eta hasia zuen gainbehera.

60ko hamarkadan hasiak ziren eibartarrak kostalderako bidea egiten, asko etxe partikularretara apopilo edo udako hilabeteetarako etxea propio alokatuta. Etxegintzaren indarraldiarekin batera, Eibarrek oparoaldi ekonomikoa bizi izan zuenean eta poltsikoetan txin-txin diruaren hotsa, ahal zutenek bigarren etxebizitza ere erosi zuten Zumaian (Larretxon, Paolaldean…).

Tabernak Erribera kalean eta Beheko plazaren inguruan zeuden: elkarrengandik gertu zeuden Patxirena (gaur egun Pulpo), Txikito Artadi (gaur egun Inpernupe), Justa (lehen “El ciervo”) eta Metro; Bar Cantábrico zegoen Sorazuneko aldaparen barrenean, magnolioaren aurrealdean, eta ondoan Goiko bodegoia eta Uxarruenekoa (edo Aginagalde, gaur egungo “Trapaia”); aurrerago zegoen Etxabe kuarto (edo Erreketa), Zumaiako tabernarik handienetako bat, Erriberatik eta Moilatik sarbidea zuena; eta, azkenik, Beheko plazan zeuden Larramendi eta Astonekoa (Elosua). Amaiako plazan zegoen Xarrenekoa, Ibarrarena Paolaldean eta herrigunetik aparteago geratzen ziren Jadarren Gautxori sagardotegia, bitartetarrena Txikierdiko errebueltan (gerora “Iriondo”), Oikian Txortena…

Txikiteorako ohitura zegoen, koadrilan; ahal zuenak eguerdian, bazkaldu aurretik, bueltaxka egiten zuen lagunekin, edo arratsaldean; baina batez ere asteburuetan ibiltzen zen jendea tabernetan, gizonezkoak; emakumezkoak festetan baino ez ziren sartzen tabernetan, oso gutxitan barrara eta gehienetan terrazan egonaldia egitera. Tabernetan orain baino ohitura handiagoa zegoen abesteko, eta normala zen kantatzea edan tantarekin poztuta. Hala ere, batez ere edadetuek, ohitura zeukaten mahaiaren bueltan eseri eta ardo-porroia konpartitzeko, egonean eta lasai.

9. Zaintzaileak

Aguazil edo txaperoez gain, herria zaintzeko hor zeuden guardia zibilak, herritarrek beste ezizen batzuekin ezagutzen zituztenak: sardinzarrak, txapelokerrak… Kuartela herriaren sarreran zegoen, Zubiandiaren alboan, gaur egungo itsas kiroldegiaren ondoan (Basusta erretegia dagoen horretan), Hotel Central hasieran eta karabineroen koartela gero izan zen eraikinean, Zumaiara iristen lehen etxea, eskuinaldera. Etxe hura, ordea, herrigunetik urruti samar geratzen zenez, “herrian” ere bazeukaten egoitza, Kale Nagusian, Arlabeta etxeko 1. solairuan (Arkupe okindegiaren gainean); halaber, itsasoa zaintzeko bazeukaten kaseta berezi bat Algorrigainean. Txapeloker haietakoren bat ezkondu ere egin zen zumaiar batekin, baina normalean ez ziren batere errotu herrian, ez zeukaten harremanik herritarrekin. Asko familia eta guzti iritsi ziren, eta etorri bezala joan ziren, denak batera. Txapeloker haietako batzuk oso ezagunak ziren, eta batzuek ezizena ere irabazi zuten: Napoleontxo, Billy El Niño…

Gaueko lanetan laguntzeko, hor zeuden serenoak, kanpotik etorritako funtzionarioak, pistola eta guzti ibiltzen zirenak. Gertakari tamalgarri bat ere izan zen 1961eko apirilean, Moilan, garai hartako bakea urratu zuena: itsasontzi baten barruan parrandan eta ardailan zebiltzan marinel batzuk; gerturatu zen serenoa eta isiltzeko eskatu zien, baina eztabaidan hasi, marinel asturiar bat berotu eta itsasontzitik jaisterako hil zuen tiroz serenoak marinela. Mutilaren amak kalte-ordaina eskatu zion Udalari, epaitegietako sententzia ere aldekoa izan zuen (300.000 pezeta eskatzen zituen amak), baina Udala legearen sasitzan kateatu eta ezkutatu egin zen, bilatu zituen gordelekuak eta luzamenduak, eta ama hark ez zuen kalte-ordainaren sosik ikusi.