Zorion handiegia

Alice Munro idazle kanadiarraren (Ontario, 1931) “Zorion handiegia” ipuin-liburuarekin hasiko dugu aurtengo ikasturtea irailaren 12an, ostegunez, arratsaldeko 18:00etan (salbuespena da egun aldaketa: normalean hilabeteko 2. astearteetan elkartuko gara).

Kritikak eta irakurleek gaur egungo ipuingilerik puntakoentzat dutela kontuan hartuta, ez da batere hasiera txarra.

Meettok argitaletxearen eta lau itzultzaileren eskutik (Nagore Tolosa, Aiora Jaka, Itziar Otegi, Naroa Zubillaga) iritsi zaigu Munro euskaraz irakurtzeko aukera. Eider Rodriguez idazleak eta Nagore Tolosa itzultzaileak hitz egin zuten aurkezpenean.

Hemen aurkituko dituzue liburuari egindako kritikak.

Idazlearen facebook-eko orrialdea bisitatu nahi baduzue, klikatu hemen.

Ingelesez dakizuenontzat, Munro solasean ikus dezakezue bideo honetan, International Festival of Authors jaialdian.

Udara euritsurako, aterkia baino konpainia hobea, zinez.

2 thoughts on “Zorion handiegia

  1. Abuztuko hamabosten bat egunetan Zorion handiegia izan dut bide lagun; hondartza-lagun batzuetan, butaka-lagun beste noizbait eta baita ohelagun ere noiz edo noiz. Eta t Alice Munrok zoriontsuago egin dizkit abuztuko egun horiek. Lehenengo ipuina, Dimentsioak, lehenengo aldiz irakurri nuenean, harridurak hartu ninduen. Gertakizun gogorra, pertsonaia hotzak eta ia sentimendu gabeak… Berriro ere irakurri nuen. Askotan gertatzen zait liburu berri bati aurre egin behar diodanean. Ez nion, beharbada, behar adinako arretarik eskeiniko …Baina bigarren horretan asetu ninduen. Pelikuletan bezala pasa zitzaizkidan irudiak. Ameriketako pelikuletako pertsonaiak, barnean nolabaiteko errua edo damua duten pertsonaiak. Anekdota batetik abiatu eta istorio osoa eraikitzen du Alicek. Bikoteen arteko harreman hautsiak, ama eta seme-alaben arteko harremanak, amak semeak babestu nahaian , emakumeen egoera …Gertakizun txiki arrunt ugariz betetako istorioak.
    Narratiba paregabea. Zer gertatuko ote den zain uzten zaitu une oro.
    Ipuin guztiak gustatu zaizkit, baina gozatu egin dut Erradikal Libreak ipuinean. Gaizkile eta amona gaixo baten arteko joko paregabea, norgehiagoka. Nor gaiztoago lehian. Amonak, Zherezadek mila eta bat gauetan bezala, bere bizitza luzatzeko hainbat kontu kontatzen dizkio gaizkileari eta azkenean bizirik ateratzen da.
    Entzuna nuen merezi zuela liburuak eta horrela dela iruditzen zait.

Utzi erantzuna antton(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude