“Nahi eta ezin”

Irakurrimatte taldeko Karmelo Arroiabek Mariasun Landaren “Festa aldameneko gelan” liburuaz egindako iruzkina duzue hau:

“Gustura sentitu naiz eleberria irakurri ondoren Mariasun Landarekin  izan dugun solasaldian. Liburua eskuratu baino lehenago uste nuen 1968ko maitzaren ondorengo Pariseko giro iraultzailea izango zela gai nagusia, baina laster konturatu naiz, garai horretan kokatua baldin badago ere, iraultza,  protagonistaren baitan dagoela: Parisen bere txokoa aurkitu nahi duen  20 urteko euskal neska gazte ausartaren ahaleginetan.  Amestutako Parisek eskaintzen zituen esparru edo eremu ugari, zabal eta zoragarrietatik, atzerritar bati “legez” dagozkion hauetara  mugatuko zaizkio: Moja Egoitza-Madame-Chambre-Allliance Française-Euskal Etxea-Rue de la Pompe… Eguneko lanak bete ondoren teilatupeko bere gelatxoan irakurtzera eta idaztera esertzen denean, orduan sentituko da aske eta zoriontsu. Chambrea  da bere amets leku eta bere Paradisutxoa.  Barnean daraman idazteko grinak arinduko dio egunerokotasunaren zama.

Urruntasunak eta atzerriak sortzen duten deserrotze sentimendua, Mariasunek aitortu bezala, lagungarri gertatu zitzaion hizkuntza ikasi eta geroago euskal literaturan mugildu ahal izateko. Askotan gertatzen da: urrunetik begiratu behar etxean gertatzen direnak ikusi eta ulertzeko.

Bestalde, zeharka baldin bada ere, nobelak oso ongi adierazten du frankismo garaiko egoera  iluna eta haren eragina. Protagonistak familiarekin duen harremana, eliza, erlijioa,  sexualitatea… Guzti hau kontuan hartu gabe, irakurle gazte batek (frankismoa ezagutu ez duenak) ezingo luke ongi ulertu, gure 20 urteko neskatoak  mutilekin harremantzeko orduan  erabiltzen duen asmamen, ekuazio matematiko  eta abarreko tresneria.  Intelektualki  Simone de Beauvoirren  miresle eta jarraitzaile sutsua izatea ez da aski. Autokontrol (edo autoerrepresio?) honi gure garaian “nahi ta ezin” deitzen genion.  Pentsamendua eta ideia gure buruetan garbi egon arren ez ginen kapaz aurrera egiteko. Berdin zioen mutila ala neska izan, bazegoen “beste zerbait” aurrera egitea galerazten zuena. Beste zerbait horretan, frankismoak, elizak, erlijioak eta familiak zerikusi handia zutelakoan nago. Eta protagonista, nola ez, garaiko produktu eta ondorioa  da.

Eskertzekoa da Mariasunek irakurlegoari eskeini digun zintzotasuna. Berak dioen bezala, nobela  autobiografikoa da, ez dago fikzioaren arrastorik, pertsonaien izenak ere mantendu egin ditu. Egunerokoan jasotako ohar eta idazkinetatik sortutako nobela da. Dudarik gabe guzti honek plus bat eransten dio irakurlearen arretari”.

Karmelo Arroiabe

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude