Irati Jimenezi elkarrizketa

“Nora ez dakizun hori” eleberriak 2009ko Beterriko liburua saria jaso ostean 111 Akadamemiak egindako elkarrizketa ekarri dugu Irakurrimatteren blogera, taldean landuko dugun hurrengo liburua hobeto zukutzen lagunduko digulakoan. On egin!
Mundakan jaio zen 1977an. Bilbon bizi da egun. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen, eta orain gutxiNabarra aldizkariaren ardura hartu du; ilusioz, erronka berriak gustura hartzen baititu. 2009ko Beterriko Liburua jaso duen Nora ez dakizun hori (Elkar) idatzi ondoren “hustuta” geratu omen zen, baina ez da luzaroan geldirik egon, bere hurrengo lanak urtea amaitzerako ikusiko baitu argia Txalaparta argitaletxearekin eskutik.

 

Nora ez dakizun hori. Saria jaso ondoren adierazi zenuenez, liburua idazten ari zinenean une latzak biz izanak izan omen zuen eraginik izenburu horren aukeraketan. Liburuan bertan, ordea, titulu horri keinu egiten dioten pasarte asko aurki daitezke…

Bitxia da: behin titulua jarri diozunean esaten duzu, “jakina, hau zen titulua, honek behar zuen”. Hau da, irakurtzen duzunean, esaldi horrek jauzi egiten du orrietatik eta esaten dizu, “ni naiz titulua”. Bada, hasieran ez genuen ikusi, nik behintzat ez. Xabierrek ikusi zuen nik baino lehenago eta asko eskertzen diot, orain oso gustura bainago tituluarekin, eta nobelakn pentsatzen dudanean izenburu horrekin pentsatzen baitut, argi. Baina asko kosta zitzaidan. Nobela bukatu nuenean Nora ez zen nobela, oso kontinente zabala zen, nire bizipenetatik oso hurbil zegoen; gainera, sariketan esan nuen bezala, oso momentu latzean idatzi nuen azken parte osoa, eta horrek ere bazuen bere eragina. Prozesu terapeutikoa izan zen nobela idaztea, baina, era berean, horrek ere itsutu egiten ninduen neurri batean. oso modu inkontzientean idazten dut, pentsa litekeena baino askoz gehiago. Beraz, bukatu eta irakurtzen hasi arte ez naiz gauza askorekin jabetzen. Beharbada nire izateko modua da gauzak egitea eta aurrera jotzea, eta gero nire hausnarketa beranduago heltzen da, ni aurretik nabil eta nire kontzientea han atzean dabil saltoka-saltoka. Hori gertatu zitzaidan. Mila titulu nituen zerrendan eta momentu batean Xabierrek Nora ez dakizun hori proposatu zuen. Hark esan ondoren ere zalantza nuen, Nora baita nobelako protagonista baina ez nora soilik, eta ez nekien zein neurritaraino zen hori justua. Norak bere ez du erabateko protagonismorik, baina egia da beste maila batean bera dela protagonista, berak egiten baitu biderik luzeena, eboluziorik luzeena, eta zentzu horretak izan liteke protaonista. Horrez gain, nobela irakurtzerakoan bakarrik ulertzen den hitz joko bat da, eta horrek grazia egiten dit, neurri batean irakurlearen konplizitatea bilatzen baitu tituluak. Eufonia bat ere badauka, eta itzuli ezin da, erabat ezberdina den beste zerbait bilatu beharko litzateke; hizkuntza batean bakarrik du zentzua, eta hori gustatzen zait. Alde on asko zituen izenburuak.

Gure literaturan gutxitan irakur daitekeen istorio mota idatzi duzu. Nondik nora ibili zinen?

Noraren hazia-edo oso anitza da eta alde askotatik dator. Elementu fantastikoak nire oso interesekoak izan dira beti, eta asko miresten ditut fantasiarekin edo errealitatearen mugekin jolasean ibiltzen diren egilebatzuk, idazle hegoamerikarrak bereziki, eta Julio Cortázar bereziki. Batzuetan ez da ezer fantastikorik gertatzen bere liburuetan, baina halako zerbait gertatzea posible dela ematen du. Cortazarrek esaten du errealitatearen marra ez dela uste dugun bezain arteza, gauzak gardenagoak direla,  umeek pentsatzen dituztenak bezalakoak, malguagoak. Beti izan dut fantasiaren zera hori. Askotan erreflexionatu dut horren inguruan, mitoaren inguruan, alegia, nola balio izan dion mitoak gizateriari gauzak kontatzeko, gure artean komunikatzeko. Beti egon izan da deabruaren edo gaizkiaren mitoa, berdin da deabruaren itxuran zein beste modu batzuetan banpiroarenean. Era berean, deabrua gaizkiaren haragitzea izan da, baina ez hori bakarrik, sexualitateaz hitz egiteko ere balio izan digu, eta emakumeaz, eta batzuetan emakumea kondenatzeko, eta beste batzuetan norbait erakargarri bihurtzeko… Mitoak hainbat aurpegi ditu, eta nor zaren eta non zauden, zerbait adierazi nahi du zuretzat. Banpirismoak mito bezala izan duen bilakaera oso interesgarria iruditzen zait, edo likantropiak izan duena. Asko irakurri dut horretaz. Likantropiaren historiari buruzko liburu bat oparitu zidaten, likantropiaren mitoak zibilizazio ezberdinetan esanahi ezberdinak dituela azaltzen duena, baita gaur egun ere. Ez du esanahi berbera, esaterako, Astuariasen (mito hori oso bizi esistitzen da), zein Txilen zein Grezia klasikoan. Oso erakargarria egiten zitzidan, eta askotan pentsatu izan dut amerikarrek oso modu naturalean egiten dutela hori. Mitoa hartu eta gaur egunera ekartzen dute, edo banpiro ehiztaria institutu batera eramaten dute, eta esaten dute, “Kalifornian bizi da, Los Angelesen, eta Los Angelesen aingeruak daude”. Eta guk ez, ez dugu hori egiten, oso banatuak ditugu bata eta bestea: lamiak badaude, baina aintzina batean bezala, ez daude hemen eta orain. Eta ni zerk zirikatzen nau, eta beraz, zirikatzen nauena idatzi nahi dut? Pentsatzea, “taberna honetan gaude, eta tabernaria lamia balitz?” Politena hori da, “tabernari horrek ahatearen hankak balitu?” Joko hori egin nahi izan nuen, ustez urrun dagoena guregana ekartzearena, literaturan edo narrazioetan urruntasunak ematen baitio beti errealismoa kontatzen duzunari. Amumarekin gertatzen zen bezala:“Hau eta bestea pasatu da, amuma”, eta amumak erantzun “baina Ameriketan izango zen”, eta “bai bai, amuma, Ameriketan”. Gizon batek bere semea jatea Ameriketan gerta liteke, baina hemen? Amuma eskandalizatu egiten zen hemen zerbait oso bortitza gertatzen zenean, baina Ameriketan zenean, libre. Neurri batean literaturan ere hori egiten dugu. Proba egiteko gogoa nuen eta neure buruari baimena eman nion, jakinda neurri batean arrotza zela, baina pentsatuta era berean merezi duela arrotza eta ezberdina dena egitea. Niretzat oso ariketa zintzoa zen, eta uste dut zintzo aritzen zarenean beti aurkituko duzula irakurleren bat, edo behintzat askatuko duzu barruan daukazun gogo hori. Zintzotasunez egin nuen eta dibertitu nintzen, baina kontzienteki egin nuen eta nire buruari baimena eman nion. Liburu honetan agertuko al dira banpiroak eta likantropoak? Bai, eta are gehiago, pentsatu nuen beharbada behin bakarrik egingo dudala halako zerbait, eta beraz, okurritzen zitzaizkidan ideia arraro guztiak sartuko nituela.

Lehen aipatu duzu idazle hegoamerikarrek oso modu errazean sartzen dituztela elementu fantastikoak errealiatean. Zuretzat erraza izan al da?

Bai, behin baimen hori emanda, bai. Liburuaren lehen zatia, igartzara aurkeztu nuena, azkar idatzi nuen. hori oso nirea da: bueltak eta bueltak ematen dizkiot zerbaiti, momentu batean elur bola hori asko hazten da, eta behin asko hazi denean bota egiten dut paperan, oso  azkar bota gainera; astiro egin behar diren gauzak kostatzen zaizkit, editatzea eta horiek. Behin neure buruari baimena eman nionean erraz ateratzen zen bata likantropo ehiztaria izatea, bestea irrati lokutore eta banpiroa izatea, eta hango hura mudnan zehar arimak erosten dabilen aingerua izatea. Helburua modu naturalean kontatzea zen; niretzat nobela errealista da honako hau, pertsonaiei buru hitz egiteko mito haek erabili, eguneratu eta hona ekartzen dituena. modu naturalean egiten dut, gertatzen ari denari garrantzirik eman gabe, pentsatuz ni neu ez banaiz harritzen irakurlea ere ez dela harrituko eta nirekin etorriko dela. Azkenean joko bat da eta “zatoz” esaten diozu irakurleari, jakinda hasieran beharbada “buf!” pentsatuko duela. Grazia handia egiten dit nobela irakurri ez duten irakurle helduei ‘banpiroa’ hitza esaten diezunean jartzen duten aurpegi arraroak, “baina zergatik banpiroak?” esanez bezala. Nerabe eta gaztetxoekin, aldiz, aurkakoa gertatzen da, eta berehala esan behar diet, “baina ez du Crepúsculoren antzik”. Mito horrek berezko erakarpena edo berezko atzerakada sortzen du normalean, kasuren batean edo bestea neutraltasuna ere bai, bain oso gutxitan. Literatura fantastikoak baditu bere zaleak, kodigo hori nahi dutenak, eta zale ez direnek esaten dute kodigo hori ez dela euren gustukoa. Generoa beti kodigo bat da, irakurlearekin egiten duzun tratu bat. Irakurleari western baten aurrean dagoela esaten diozunean badaki zer aurkituko duen, edo berdin liburu fantastiko bat ematen diozunean. Eta nobela honek kodigo hori hautsi egiten du, errealismoaren kodigoan sartzen du fantastikoarena eta alderantziz. Eta gerta zitekeen ez gustatzea ez batzuei eta ez besteei. Arrisku bat zen.

Nebraska, Bilbo, Sukarrieta, Bagdad. Zergatik?

Beste behin ere, egiten duen jokoa niri interesatzen zaidana da. Sukarrieta zergatik? Hitza polita da, asko idazten dut eufonia hutsagatik, sua eta harria, polita da. Momentu baten aukera polita ematen zion Eliasi hitz joko bat egiteko. Sukarrieta, Bilbo, Altubeko geralekua zein aipatzen diren beste hemengo tokiek ‘hau’, ‘hemen’, ‘gu’esan nahi dute, nobela honek gutaz hitz egiten duela, bizi dugun garai honetaz; eta nolabait esatearren, nitaz, beraz, zutaz ere hitz egitea espero dut. Eta gero fantastikoak diren bi leku agertzen dira. Nobela honetan azaltzen diren leku guztietan egon naiz bitan ezik: Nebraskan eta Bagdaden. Nahita aukeratu nituen egon ez naizen bi leku, nobelan nolabaiteko esanahi mitikoa baitute, pertsonaien iraganeko gauzak kontatzen dituzte eta neurri batean ez dira hain leku erreala k, eta bai ipuinetakoak. Txikitan Eliasek eta Sarak ezagutu zuten Nebraskan beraiek ziren euskaldun bakarrak, amak ipuinak kontatzen zizkien gauean, euren harremanean ez zen inor sartzen, beraiena soilik zen… Ipuinetako umezaro arraro edo bitxi bat bizi zuten. Eta Nebraskako haurtzaro horretan Bagdad zegoen, ipuinen bidez soilik ezagutzen zuten toki hura. Momentu batean, ordea, ipuinetako paisaia hautsi egiten zaie, eta mina, bizitza errealaren mina sartzen da paisaia horretan. Amerika eta Bagdad aurrez aurre jartzearen ideia hori polita iruditzen zitzaidan, niri ere halako zerbait gertatu baitzitzaidan. Txikitan Mila gau eta bat gehiagoren oso zalea nintzen. Niretzat BagdadBagdadeko lapurra pelikulako paisaia mitiko bat zen, existitzen ez zena, bere zaldi hegalari eta guzti. 13-14 urte nituenean Lehen Golkoko Gerran amerikarrek Bagdad bonbardatu zutenean Macondo edo Obaba bonbardatu izan balute bezala izan zen niretzat, benetan existitzen ez zen leku bat. Pelikuletako irudi berbera zen, minareteak-eta, baina ez zegoen zaldirik, eztanda berde haiek baizik. Irudi hori oso grabatuta geratu zitzaidan eta askotan agertu izan zait gero idatzi ditudan gauzetan, baina inoiz ez nuen borobildu Norara iritsi arte.

Zer dira ipuin inposibleak? Zer dute haietako baten truke arima saldu behar izateko?

Umetan askotan alde egiten nuen fantasiara, nire barne mundura, errealitatetik babesteko. Asko imajinatu duen umea izan naiz, asko idatzi duena, oso ipuinlaria izan dena, ipuinak entzutea zein kontatzea gustatu zaiona… Halako ume bat nintzen, eta halakoak dira nire pertsonaiak. Eta, neurri batean, nire bizitza osoa horrekin bakea egitea izan dela sentitzen dut, mundu imajinario horiek eta nire bizitza erreala partekatzen eta biak bizitzen jakitea. Askotan literaturak hurbildu nau mundu errealera, eta mundu errealetik gauzak atera ditut eta literaturari jaten eman dizkiot. Harreman hori oso garrantzitsua da nire bizitzan, bitxia, denborarekin aldatzen doana. Zaila da horretaz hitz egitea, ez baitut dena argi, bide horretan nago baina hortik datorrela uste dut… Nire pertsonaiek, neurri batean, oraindik ez dute bizitza errealarekin bakea egin, faltan botatzen dute umezaroko beraien barruko ametsezko mundu hori, eta hori aurkitzeko euren kalterako izango diren gauzak egiteko ere prest daude neurri batean. Hortxe dago Martinen pertsonaia; hasieran esaten da bere arima saldu zuela ipuinen truke, txikitako ipuinaren fikzioaren gorakada horren truke. Bizitza baino nahiago du beste leku hori, bere irudimenaren boterearekin ezinezko gauzak egin zitzakeen toki hori, deseginda zegoen bere familia konpondu zezakeen bere buruan, eta errealitatearen zauri guztiak senda zitzakeen bere irudimenarekin. Eta hori faltan botatzen du, baita beste pertsonaiek ere, neurri batean, eta horrekin bakea egin behar dute nobelan zehar.

Elias eta Sara ezinezko ipuin bateko seme-alabak dira, ezinezko ipuin bateko anai-arrebak. Maitasun istorio bat dago bien artean, eta aurreko elkarrizketan aipatzen zenigun zuretzat John Irving-en misterioetako bat zera zela, nola lortzen duen intzestuari buruz modu natural batean hitz egitea, batere morborik gabe, oso moral argiarekin eta lezio inportanteak emanez.

Kuriosoa da, zuekin berriz egotekoa nintzela eta akordatu naiz horrekin. Nobelan ez da intzestua esaten. Oso gainetik aipatzen da badaudela maiteminduta dauden anai-arreba batzuk, eta badagoela maitasunaren tabu bat. Nire bizitzan, irakurle bezala, harreman bitxia izan dut gai horrekin. Nerabezaroan Virginia C. Andrews-en best-seller bat irakurri nuen, Flores en el ático. Intzestu baten istorioa kontatzen du, eta oso gogorra egin zitzaidan, mina eman zidan. John irving-en El Hotel New Hampshire irakurri nuenean bakea egin nuen kontu horrekin, eta konturatu nintzen gauza ez dela zer kontatzen duzun, nola kontatzen duzun baizik; hori da irakurleak izango duen sentsazioa, hori bakarrik. Mila gau eta bat gehiagon ere bada intzestuari buruzko ipuin bat, nire lagun Belenen gustukoena dena Kalifaren seme-alabak maitemindu egiten dira eta kalifak ez daki zer egin, oraindik maite ditu baina egiten duten hori gaizki dago eta… Nire laguna horrekin zegoen. Belen da Rosaren oinarrian dagoen pertsona, eta beraz, neurri batean hari keinu bat ere egin nahi izan diot istorio hori berriz hartuta. Horrez gain, aitzakia narratibo bat ere bazen, arrazoiren bat behar nuen Eliasek etxetik alde egin zezan.

Istorioa kontatu duzun modua da, zalantzarik gabe, liburuaren punturik indartsuenetako bat. Irakurtzeko gozamen hutsa da, baina hori horrela idaztea…

Arin idatzi nuelako izan zen posible modu horretara idaztea. Urteetan zehar idazten duzun nobela izan balitz, askoz ordenatuagoa izan beharko nukeen; ez nintzen batere ordenatua izan, kaos bat izan zen idazketa. Kaos ederra, baina kaosa. Banekien momentu batean hau gertatu behar zuela baina ez nekien nola gertatuko zen, banekien nobela non bukatuko zen, baina tarteko gauzen erdiak ez nekizkien… Intuizioz mugitzen nintzen, bi gauza soilik jakinda: batetik, bukaeran denak zentzua izan behar zuela, ez baitzait justua iruditzen irakurleari etengabe amua bota eta gero erantzunik gabe uztea, eta beraz, goiz ala berandu galderak erantzuten joan behar nuela; eta bestetik, etengabe atzera eta aurrera egiten duen egitura izango zuela, denboran zein espazioan zein pertsonaien ikuspuntuen artean. Horren zergatirik ez dut, oso dibertigarria da niretzat, ondo pasatzen dut, zoroa da, baina dibertigarria.  Gero, beti daukat kontatzen ari naizenarekin irakurlea aspertuko dudan sentsazioa, eta iruditzen zait etengabe amua bota behar diodala, etengabe esan behar diodala “orain gertatzen ari dena.. baina hemendik gutxira itxoin, e…”. Neurosi horrek kontatzeko modu hori sortzen du. Momentu batzuetan badakit zer kontatu nahi dudan, badakit zein diren sekuentzia onenak, eta aurreratu egin nahi ditut, irakurleari “ez dakizu zer pasako den…” esateko. Arin idatzita dago liburua, ez egun bitan, baina jarri eta idatzi, datu guztiak buruan izanda.

Eta liburuan agertzen diren hurrenkeran idatzi al zenituen zatiak?

Normalean bai, baina ez den-denak. Beharbada, nobelan dauden gauza guztietan kontatzeko gogo gehien nuena Elias eta Nora batzen diren momentua zen. Ez da oso luzea, ezta kontatzeko zaila ere, baina hori kontatzeko gogoa nuen, eta bere garaian idatzi nituen oharrak irakurtzen ditudanean elkarrizketa hori askotan ikusten dut errepikatua, modu ezberdinetara. Behin idaztera jartzen naizenean ez ditut ohar horiek beti begiratzen, esan behar dudana argi baitaukat buruan, eta oharrek gehiago balio didate digestio hori egiteko eta sekuentziak probatzeko, gero modu horretan idazteko baino. Normalean nahiko modu jarraian idazten dut eta hain justu uste dut hurrengoa kontatzeko gogoa daukadanez esaten dudala  “hau arin bezala kontatuko dut eta hurrengora joango naiz”. Literaturak horretarako aukera uzten dizu, zeuk erabakitzen duzu non geratu, non luzatu eta non gozatu, eta nondik pasa arin antzean. Rosaren senarraren istorioa, oso bitxia eta luzea denboran, orrialde eta erdian kontatzen da. Zergatik? Arin kontatu nahi nuelako eta horretarako oso erritmo bizia sortu nahi nuelako, ia-ia nobela beltzarena. Gero beste momentu batzuetan sentimendu bat deskribatzen da eta tarte luzeagoa hartzen da horretarako. Hori da literaturan plazera, zeuk erabakitzen duzula dena.

Argi zenuen hasieratik gauza bakoitzak noiz eta nola kontatuko zenuen?

Batzuetan bai eta besteetan ez. Atal bakoitzean zer kontatu behar zen erabakitzen nuen:  kontatu behar da Eliasek zergatik utzi zuen kazetaritza, pertsonaia hau eta hura nola batzen diren eta halako beste pertsonaiak nola jasotzen duen geratzen den informazioaren azken paketea. Gutxi gora-behera,  halako hiruzpalau puntu bai. Batzuetan mugitu egiten ziren, baina oso lerro zabalak ziren. Horiek normalean mantentzen saiatzen nintzen, neure burua erabat ez zoratzearren, ingernieritza lan horretan eraikinaren habe nagusiak finkatzen saiatzen nintzen. Gertatzen dena da askotan idazten ari zarenean ideiak okurritzen zaizkizula eta buruan zenituenak baino hobeak direla. Idaztean sentitzen dudan intuizioari kasu gehiago egiten diot aurrez pentsatuta daukadanari baino, idaztearen prozesuan sinesten baitut. Baina badakit idazle batzuek ez dutela horrela egiten. Behin Iriving-i petsonaia batzuk hiltzeak penarik ematen ez al zion galdetu zioten. “Ez”, erantzun zuen, “hasieratik baitakit hilko direla”. Eta pentsatu nuen, “jo, ba nik ez…”. Batzuetan bai, baina besteetan ez. Nobela honetan bi pertsonaia nagusi hiltzen dira; bat hasieratik banekien, eta bestea idazterakoan deskubritu nuen.

Akademiakide baten iritzia: “Zer gehiago erantsiko? Ona iduritu zaidala niri ere kontakizuna; ederra, heldua, fantastikoa, txokolatezkoa…”.

Hunkitu egiten nau, niretzat laudorio izugarria da. Pentsatzen dut, beharbada, norberak txokolatea ez duela bereziki elikatzen duelako jaten, gustatzen zaiolako baizik… Nobelak, irakurtzearen plazera sortu nahiko luke irakurlearengan. Nik idazten dudanean hainbesteraino sentitzen dut idaztearen plazera, beti baitaukat buruan irakurtzearena. Idazten dudana irakurtzen saiatzen naiz, normalean ahots goran, esaldiek zer erritmo eta zer eufonia duten jakiteko. Momentu batzuetan lengoaiaren zirrikituetan ere disfrutatu dut, esaldiak sortzen, metaforak egiten, denbora pasa dut horretan. Agian, hor denbora pasa dudanez eta dibertitu naizenez, irakurle batzuk ere hor denbora pasa dute eta dibertitu dira, eta akaso pertsona horrek hori esan nahi du txokolatezkoa esaten duenean. Ikaragarri pozten naiz.

Beste akademiakide batek zioen bezala, azpimarratzeko esaldi eta pasarte ugari ditu liburu honek.

Askotan zerbait irakurri eta esaten duzu, “hara, hori askotan pentsatu dut eta irakurri arte ez dut artikulatzen jakin, ez dizkiot sentsazio horri hitzak jarri”. Mila aldiz gertatu zait hori, eta askotan pentsatu dut liburuengatik ez balitz ez dakidala nola pentsatuko nukeen. Pentsamendu asko hortik hartu ditut; nolabait nireak ziren hor irakurri baino lehen. Elkarrizketa hori oso polita da, eta literaturaren irakurle bezala izan dudan plazeretariko bat, dudarik gabe. Eta orain norbaitek nire esaldiei buruz hori esaten badit, zer esango diot!

Aitari eskaini diozu bereziki liburua: ipuin bihotz, ipuin fededun, ipuin egile eta ipuin aztiari.

Momentu gogorra bizitzen ari nintzen nobela entregatzeko epea iritsi zenean. Oraindik idazten ari nintzen, gauza asko batu zitzaizkidan, denak gaizki… Oso itoa sentitzen nintzen eta aitari aipatu nion, “itotasun hauek guztiak eta gainera nobela madarikatua”. Eta aurrera jarraitzeko bidea argitu zidan, esanez, ez zela nobela madarikatua, baizik eta nobela idazteak beste madarikazio horietatik guztietatik libratzeko modu bat izan behar zuela. Eta literaturaz beti sentitu izan dudana gogorarazi zidan, alegia,  ez naizela aktorea, ez dudala ondoan beste aktore bat behar elkarrizketa nirekin esateko… Ni idazlea naiz soilik, eta idazleak ez du ezer behar bere jardun horretan aritzeko, ordenagailua  badu ondo, eta bestela boligrafoa, arkatza, papera edo dena delakoa. Beraz, hori zurea da, eta zurea den neurrian disfrutatu behar da, edo nik behintzat ikaragarri disfrutatzen dut. Hori guztia gogorarazi zidan, eta neurri horretan nobelaren bukaera osoa idazteko bidea zabaldu zidan; beste modu batera hartu nuen, jada ez zen hau eta hau eta hau eta gainera nobela madarikatua. Jakina, bazegoen amaitu beharraren kontu hori, antsietatearena, baina bereziki plazerarena zegoen. “Elias eta Nora batzen direnekoa idatz dezaket, Lisboan pentsatu dudan sekuentzia, aingeruak esaten duen zera hau”, eta esaten nuen, “ze ondo, idatziko dut”.

Aitaren eta bion arteko harremana oso lotua dago literaturari eta ipuinei. Bera zentzu sakonean da idazle, horretaz ari da, horretaz hitz egiten du, gustatzen zaio eta asko bizi du idazten duena. Eta beraz, nik ere asko bizi izan dut, eta hori aitarekin egoteko modu bat izan da. Lotura hori argia da nire bizitzan, aita-ipuina, ipuina-aita. Gero nire bidea egin dut, berak berea, batzuetan gurutzatzen dira, besteetan banatzen dira, eta asko pozten naiz nobela honek aitagandik duena, polita iruditzen zait.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude