Denok gara Nora

Poza hartu genuen Estitxu Aranbarri berriro taldera bildu zela ikusi genuenean. Haurdunaldiaren ondoren, lanak ugaldu eta irakurketarako tarteak urritu zaizkio. Baina “Nora”rekin itzuli da pasio zaharrera, eta baita Irakurri Matte taldera ere. Ongi etorria, Estitxu, eta ongi etorria Irati Jimenezen “Nora ez dakizun hori” eleberriari buruzko zure iruzkina ere.

Lo hartu du, oraintxe da momentua, azken hilabeteetan une preziatuen bila nabil… “Nora ez dakizun hori” izan da, bai, une preziatuetan nirekin egon dena. Lanerako bidean, autobusean… izan ohi da nire momentua, eta gustura hartzen dut, bai horixe. Norbaiti entzun diot bukaera jakina zela eleberri honetan, niri ez zait horrela iruditu, azken momentu arte gozatu dut. Bada ia bi aste liburua bukatu nuela eta hala ere buruan ditut pasarte asko eta asko. Hasiera hasieratik liluratu ninduen mila argazkitan azaltzen zen emakumearen ideiak, beti emakume bera. Denok izango dugu, emakume hura, Nora, gure argazkietan; geu ere egongo gara beste herrialdeetako turisten argazkietan: denok gara Nora. Gogoan dut Irlandan bidaiatzen geundela, Dublinetik Galwayrako bidean, autobusez gindoazela, etxe batzuen alboan gelditu ginela une batez. Han zen bost bat urteko neskatoa leihotik guri eskuarekin agur egiten. Askotan etortzen zait irudi hori burura, neskatoa haziko zen dagoeneko… Zertan ibiliko ote da? Gaur ote da bere urtebetetzea? Argazki bat ateratzea bakarrik falta izan zitzaidan, hura nire Nora izateko. Esnatu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude