“Ez nuen nahi inork esatea zeri buruz idatz nezakeen”

Otsailaren 11an mintzagai izango dugun ipuin-liburuarentzat ahoa egiten hasteko, hemen duzue 2008an Beñat Sarasola literatur kritikariak Eider Rodriguez idazleari egin zion elkarrizkeka, denboraren igaroak zimurrik atera ez dion solasaldia, alajaina.


Argazkiak.org | Eider Rodriguez, Baiona © cc-by-sa: bsarasola

Urte bete beteko da laster Haragia liburua argitaratu zenuenetik. Zer nolako harrera izan du liburuak orain arte?

Tira, ez dakit oso ongi. Badakit, ongi xamar saldu dela, baina egun zaila da neurtzen horrek zer esan nahi duen. Bestela, liburuak bere bide propioari ekin zionetik aparte xamar nabil ni, ez zait gustatzen liburua defendatzen ibili beharra, ipuin errudunez beterik egongo balitz bezala, ez dakit. Lehen liburua plazaratu ondoren beldur pixka bat sentitzen nuen. Akaso lehen liburua suerte hutsa izan zen, pentsatzen nuen tarteka, eta, beraz, orain seguridade apur bat irabazi dut, arintasun sentimendu bitxi bat, jendeak, orohar, “Haragia” gustura leitu duela esan baitit. Bestetik, hedabideek ondo tratatu naute, eta esango nuke, zentzu horretan, pribilegiatua naizela.

Oker ez banago, irakurle kluberen batean izan zara. Distantzia handia sumatzen al duzu zure jatorrizko intentzio eta irakurleen harreraren artean?

Gauza batzuetan bai, besteetan ez hainbeste. Adibidez, nik egin nahi nuena, edo niri iruditzen zaidana baino ilunagoa iruditu zaio jende gehienari liburua. Horrek harritu egin nau. Nire ustez umorea ere badago “Haragia”n, baina behin irakurle klub batean esan eta kasik ostikoka atera ninduten…

Haragia idazteko prozesuari dagokionean, zertan bereizten da zure aurreko liburuaz, Eta handik gutxira gaur-z?

Prozesua pixka bat diferentea izan da: lehen liburu hartako ipuin asko ez ziren bilduma baten egoteko bokazioarekin jaio, askoz ere modu libreagoan baizik. “Haragia”n bildutakoak ordea bai. Osotasun baten parte izateko idatzi nituen, eta horrek, gauza batzuk diferente izatea dakar: batetik, tonu aldetik batuago daude; bestetik, estilo ariketa gutxiago dago. Bestela, idazketa soilari dagokionez, antzerakoak izan dira prozesuak: bi infernu gozo.

Idazketa ez da plazer hutsa zuretzat…

Ez, ez da plazer hutsa, baina ez nuke jakingo esaten zer den, epiko eta transzendental jarri gabe, eta epiko eta transzendental jarrita ere, nekez aurkituko nuke idazketari buruzko azalpen arrazoizko bat… Misterio bat da niretzat ere.

Liburu haren gainean seinalatu zen gauzetako bat Euskal Gatazka delakoaren presentzia izan zen. Haragian, ordea, nekez topatu daiteke gatazka honen itzalik (T’est très belle salbu). Aurrez pentsatutako aldaketa izan da, ala berez atera zaizun zerbait?

Oso ezerosoa izaten da, normalean, besteek zuk idatzitakoari buruz idazten dutena irakurtzea. Bada, beti, literaturatik haratagoko bizitzan ere bai, etiketajerako joera, zeinari esker, guztia egiten zaigun ulergarrriago, zeinaren erruz, guztia egiten zaigun aurrejuzkagarriago. Bigarren liburua izango zenari ekin nionean, beldur nion etiketa haiek (gatazka, emakumeak…etb) nigan izan zezaketen eraginari. Beldur nuen, ea beldur hark ez zituen nire idazteko pultsioak bideratuko. Nahasten ari naiz: ez nuen nahi inork esatea zeri buruz idatz nezakeen. Oso erabaki intimoa da hori, irrazionala eta arrazionala biak batera, eta ez, inolaz ere, besteek ikusten edo nahi dutenaren arabera hartu beharrekoa.

Hala ere, ezin esan liburuak zama politikorik ez duenik.

Ez nuke politika alderdietara eta erakunde armatura mugatzea nahi. Politikak gure egunerokotasunaren parte ikaragarria hartzen du, medioek markatu nahi duten konpasa gorabehera. Norbaitek, “nik ez dut politikagintzan sinesten” esaten duenean, halako lepoko min bat jartzen naiz, “nik ez dut autoetan sinesten” edota “nik ez dut itsasoan” sinesten esatea bezalakoa iruditzen zait. Sintaktikoki korrektoa den baina errealitatearekin inolako zerikusirik ez duen esaldi bat. Postmodernitatearen tranpa bat da agian, esaldi hori zilegitasun etiko, teoriko, retoriko eta estetikoz jantzea. Baina, esaten dizut, niretzako, tranpa da. Gogoan dut, lehen aldiz teoria postmodernoak entzun nituenean, unibertsitatean, sorgindu eta liluratu egin nindutela. Uste dut, teoria postmodernoek bizitza erosoago eta magikoago egiteko ahalmena dutela, norberaren kontraesanetan gustura aurkitzeko marko teoriko ederra eskaintzen dutela, eta hortik, sortzen duten lilura.

Hain zuzen ere, uste dut Haragia-ri buruz oro har azpimarratu daitekeen gauzetako bat bertan azaltzen den gure gizartearen kritika zorrotz eta gupidagabea dela; autokonplazientzia gutxi dago bertan.

Nik ez dut autokonplazientzia literaturan bilatzen, ez behintzat nik idatzitako horretan. Nahita ere, ezingo nuke. Hobeto pentsatuta, zorion betea litzateke modu autokonplazientean idatzi ahal izatea, munduarekin haurridetza hori lortu ahal izatea. Baina ni ez naiz horretarako gai.

Ipuinetako askotan (Salgai, Golf ondoko etxea) aberaskumeen eta Bobo (Bourgeois & Boheme) delakoen kritika zorrotza topatu dut adibidez.

Oso dibertigarriak zaizkit, eta oraindik dibertigarriagoak aberats edo bobo izatera iritsi nahi duten horiek… Zer egiteko gai diren, pose eternal hori, bizitza film bat izango balitz bezala, beraientzat domestikotasunik esistituko ez balitz bezala, berezi izateko behar arraro hori, berezi baina gorago dagoenaren ahalik eta antzekoen…

Imajinatu dezagun horiek Haragia irakurtzen dutela. Pentsatu al duzu nola erreakzionatuko luketeen? Gustatuko litzaieke? Liburuko kritika ulertuko lukete?

Imajinatu egin beharko dut, bai, ez baitut uste jende horrek Haragia esku artean izatera iritsiko liratekeenik, hain dira bihurriak euskarazko liburuen zirkuituak…

Ez dakit, ulermenaren eta identifikazioaren kontu hori oso bitxia da. Houellebecquek, bere azken liburuaren 300000 ale saldu omen zituen Frantzian. Islamofobotzat eta misoginotzat daukate, baina ze jende klasek irakurtzen ditu bere liburuak? Misoginoek ala feministek? Islamofoboek ala aurrerakoiek? Horri erantzuten jakin nahiko nuke. Nik badakit Houllebecquen zale asko ez direla ez islamofobo eta ez misogino, baina 300000 kopia asko dira, ez? Pentsatu nahi dut, norberaren burua letretan ikusteak halako botere baltsamiko edo katartikoa izan dezakeela, eta nolabait ere, gustatu egiten zaigula gure burua beste izen-abizen batzuekin ikusi ahal izatea, eta baita barre egitea ere.

Beste zenbait ipuinetan, bikote harremanen akidura eta inkomunikazioa (Ez du katu bat balio; Usainak) , satirikoa dena batzuetan kasik (Tekla bat)

Esango nuke, inkomunikazioagatik hartzen direla mundua mugiarazten duten erabakien erdiak. Eta beste erdiak, publizitate eta promozio kanpainengatik. Exajerazio bat esan dut, ados, frogatu ezin daitekeen zerbait, konforme. Baina, horixe sentitzen dut. Bikote harremanetan ere ez al dute garrantzia handiagoa esan gabekoak (edo gaizki esandakoak) esandakoak baino? Zerk gidatzen ditu bikote harremanak, susmoek eta desirek ala egitateek? Ez dakit zeinek esan zuen: “eszitanteena ez egitea da”. Inkomunikazioak berebiziko garrantzia dauka, eta bikote harremana mugitzen duten erabaki askoren detonantea, esango nuke.

Nolanahi dela, liburua aberatsa iruditzen zait, malgua, badaude ipuinak liburuaren ildo nagusitik-edo aldentzen direnak. Horietako bat da Nahiago nuke gezurrik ez esan, zientzia-fikziozko ukitua duena (agian ez hain fikziozkoa), ia osoki elkarrizketa soilaz osatua…

Bai, agian hori eta “Hiru opariak” dira liburuaren tonu nagusitik gehien aldentzen direnak. Zalantza izan nuen, sartu ez sartu, baina azkenean, pentsatu genuen liburuari haize pixka bat emango ziola, guztiz dialogatua den ipuin bat sartzeak… Batzuetan gertatzen da, ipuin batzuk beste batzuen ondoan edertu edo zatartu egiten direla (jendeari ere gertatzen zaio: badira bereziki ederrak ez diren jendeak, jende ederragoaren ondoan edertu egiten direnak). “Nahiago nuke gezurrik ez esan” ipuinak zorte hori izan duela uste dut, besteekin nahastuta, hobeto funtzionatzen du bakarka baino.

Beste batzuetan lehenengo pertsonatik hirugarren pertsonarako (Golf ondoko etxea; Errautsa) jauziak topatu daitezke. Zer uste duzu lortu daitekeela baliabide narratibo hauen bidez?

Ipuin baten egiturak tramak adina konta dezakeela uste dut. Asko interesatzen zait idazketaren alderdi hori. Gainera, ordenagailuz idazteak, erraztu egiten du egiturekin jolastea. Muntaia, azken batean.

Estiloari dagokionez, hasteko, esan daiteke malaletxe handiz idatzitako ipuinak direla gehienak. Horren adibide behinena agian Ez du katu bat balio da; imajinatzen dut irakurle bat baino gehiago sentituko dela Joanarekin identifikaturik…

Badira, idazterakoan bortitz jarri ninduten ipuinak, eta ez alderantziz. Esan nahi dut, ez nituela ipuinak jenio txar egoeran idatzi, haiek okertu zidaten aldartea! Zenbat jendek gorroto du nagusia? Zenbat afaloste bukatzen dira nagusien kontrako lintxamendutan? Agian, nagusiak dira munduan gorroto gehien sortzen duen kolektiboa. Nagusien aldarteek gidatzen dituzten, hein handi batean, enplegatuon bizitzak. Eta aldiz, zenbat nagusi akabatzen dira? Emazteak bai, eskukadaka, baina nagusiak? Zergatik akabatu emazteak eta ez nagusiak? Uste dut, erailtzeko desioaren inguruan tabu asko dagoela. Esan nahi dut, emaztea ez beste edonor akabatzeko gogoa edo desioa ezin da hitzetan jarri. Aldiz, etsaia (kasu honetan nagusia) akabatzeko gogoa naturala eta humanoa da. Gero, beste gauza bat da, zer egiten den gogo horrekin, nola bideratzen den. Pultsio bat da. Nire ustez, bizitza baten buruan, norbanako batek behin baino gehiagotan duen pultsio bat. Aldiz, zure gertukoenei ere ezin diezu pultsio honen berri eman. Nire ardura da, nora doaz pultsio horiek? Zertan bilakatzen dira? Zergatik ezin diozu zure lagun minenari edo zure bikotekideari esan pultsio hori daukazula, benetan nagusia akabatuko zenukeela ondorioak hain larriak izango ez balira? Nola da posible inori ezin esatea egia? Zer da gezur hau?

Oro har, nagusi autoritarioaren figura egun ez da sobera eramaten, ordea; Joanari nagusiak ez dio sekulako errietarik egiten, post-itak jartzen dizkio bere ordenagailuan, jatorra da berarekin.

Autoritarismoa zentzu klasikoan demode dago, orain demokrazia dago modan. Baina autoritarismoak bere horretan jarraitzen du. Muturrean daudenek baino ez dute garbi hitz egiten, galtzeko ezer ez dutenek eta eroek. Beste guztiok, sibilinotasunean erori gara eta ipuineko nagusi hori adibide bat besterik ez da.

Haatik, idazkera bortitza izanagatik, ez da erortzen inolaz ere panfleto eta manikerismoan. Ez duzu behar baino esplikazio gehiago emateko ohiturarik, zenbaitetan atzera jo behar izan dut hitz egiten ari zen pertsonaia nor zen jakiteko, istorioaren segida ondo lotzeko, esaldia narratzaileak edo pertsonaiak esaten duen ikusteko eta abar. Ez dira hasiera batean diruditen bezain eroso eta irakurterrazak ipuinok.

Ipuin bati heltzen diodan guztietan gertatzen zait: oso modu sentzilloan nahi dut istorio bat kontatu, eta gutxika, konplikatuz joaten zait: hasteko, pertsonaien izenak hamaika aldiz aldatu behar izaten ditut (nire ustez egoki doakien batekin eman arte); ondoren, giro bat, usain bat, musika bat eman (horretarako ere denetarik probatzen dut); azkenik, perspektiba definitu (honek ematen dit lan gehien). Orduan, nire buruari esaten diot, “Eider, idatzi kontatu nahi duzun istorio hori, buelta gehiagorik gabe”. Eta hasieran, lehen lerroetan, lortu egiten dut, baina orrialde bat betetzerako hasten zait narrazioa konplikatzen: hau soberan dago, hau ere bai, hau jada esan dut… Ez dakit, uste dut genetikoa dela, mundua ikusteko manera bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude