Hobe isilik?

Oihana Zulaika taldekideak Garbiñe Ubedaren “Hobe isilik” eleberria irakurri ostean, galdera ikur bat gehitu dio izenburuari. Hona, liburuak eragin dizkion gogoetak.

Bai, ados, hobe isilik.

Gehiegi ikertzea, gehiegi galdetzea, muturra barruraino sartzea…, kalterako gerta daiteke batzuetan edo askotan. Gauzak bere horretan uztea izan daiteke hautua, errespetuagatik, min gehiegi ez emateagatik, hautsak alferrik ez harrotzeagatik.

Zer gertatzen da, ordea, isilik egotearen ondorioz, ezkutuan geratzen diren hainbat eta hainbat kontu bizitzan aurrera jarraitzeko oztopo bilakatzen direnean?

Isilik hobe?

Ezta pentsatu ere.

Galdetu, galdetu eta galdetu. Horixe izan da aspaldian gurasoei egin diedana. Agian, ez da izan ezkutuan gorde nahi izan dituztelako, besterik gabe gertatu da. Arbasoen kontu asko aditu izan dizkiet urte guzti hauetan (aitortu behar dut, hainbeste errepikatu izan diren batzuk astunak ere egin zaizkidala zenbaitetan), baina galdetu arte esan izan ez dizkidaten beste kontu asko eta asko izan zaizkit baliagarriak azkenaldian. Seguruenik inkontzienteki, baina sentimentalki blokeoak sortu izan ditut nigan kontu hauek sortzen zidaten ezinegona zela eta. Momentu batzuetan alferrikako datuak iruditu arren, pixkanaka-pixkanaka asimilatzen joan eta bizitzari aurre egiteko oso baliagarriak suertatu zaizkidalakoan nago.

Oso garrantzitsua da muga non dagoen jakitea, alegia, hautsak gehiegi harrotu gabe, zikina itsatsita geratuko ez den egoera bat bilatzea. Isilik edo isildu ezinik, norberak aurkitu beharreko oreka!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude