Zuloa zapatetan

Martxoaren 11k Hamaika pausoren jiran elkartu gintuen. Saizarbitoriaren laneko hainbat alderdi miretsi genituen, tartean, hainbat pasartetan haurtzaroko babesgabetasuna heriotza aurreko agoniarekin alderatzeko modua. Daniel Zabalegiren umetako igandeak ditugu gogoan, nola txikiegi geratzen zitzaizkion zapatekin joaten zen zinemara, amak, kexarik adituz gero, mehatxu egiten baitzion zuloa egingo ziela zapatei, eta Danielek nahiago zuen mina jasan lotsa baino. Zinemako butakan zapatak erantzi eta filmaren amaiera noiz iritsiko kalkulatzen egoten zen Daniel, zapatak argiak piztu aurretik janzteko, inor ohartu ez zedin oinetako txikiegiekin zebilela. Filmaren amaiera noiz iritsiko zen kalkulatzea, igandearen amaiera noiz iritsiko zen kalkulatzea, biziaren amaiera noiz iritsiko zen kalkulatzea. “Hiltzeko eginak garela jakiteak bereizten gaitu gainontzeko animaliengandik”, irakurriko diogu Iñaki Abaituari, eta Daniel Zabalegiri filma amaitu zela jakiteak ez filma ez igandea ez haurtzaroa gozatzen uzten ez zion bezala, lapurtzen digu denoi biziaren aurreko tolesgabetasuna hiltzeko garela jakiteak. Eta bitartean, magnolia adar batean begirada finkatzeko eguna heldu bitartean, bizi egin behar, zapata txikiegiek eragindako minak, edo zuloak eragindako lotsak kudeatuz, gure hamaika pausoak emanez.

Taldeko Feli Uriak bidali digu argazki hau, neba bikia eta biak igandeko arropaz jantzita eta zapata zulatuekin ageri direnekoa. Feli txikiaren lehen urratsak eman zituzten oin horiek berek ekartzen dute hilero irakurle taldera. Irakurketaren plazera ere bai baita bizitzaren metafora, ez dago osorik irakurriz gero amaitzen ez den libururik. Nork ez du bizi izan liburu maite baten azken orrietan istorioaren amaierak (lau orrialde falta, hiru, bi…) eragindako agonia? Liburua itxi osteko hutsunea? Heriotzak dira, begirada galdu eta finkatzeko beste lekuren baten bila hasten zaigun uneak. Zorionez, beteta dauzkagu apalategiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude