Sumaj kawsay

“Ondo bizitzea” esan nahi du kitxuarren kosmobisioan. Jon Sarasuaren Ertzeko zatiak liburuaren harira, hainbat gairen inguruan eztabaidatu genuen irakurle taldean. Baina eztabaida guztien atzean zegoen galdera bat geratu zitzaidan taldekideei egiteke: zer da ondo bizitzea?

Emailez igorri nien galdera, eta hauxek dira jasotako erantzunak:

A irakurlea:

“Ondo bizitzea edo zoriontsu izatea, batez ere, barne orekatua edukitzean datzala uste dut, bizipoza izatean.  Horretarako, lagunartea, esku arteko proiektuak, aurrera egiteko gogoa, ikasteko eta hobetzeko gogoa… osagarri garrantzitsuak lirateke. Ondo bizitzea, barrutik datorren zerbait dela esango nuke. (Egia da, hala ere, ez dakidala zer den osasuna galtzea, minez edo gosez egotea)”.
B irakurlea:
“Zentzu subjetiboan: Egunero egindakoarekin gustora eta zoriontsu sentitzea.
Zentzu objetiboan: Gizakiaren azken helburua. Inoiz iritsiko ez den helmuga. Mugarik gabeko amets bat.”
C irakurlea:

“Badago formula edo errezeta zahar bat horretarako:
Ondo bizi nahi badek
bizi
lehendabizi.

Eta formula horren azpian hauxe dagoela esango nuke:

Gero gerokoak: gure doktrinak omen, amen eta hemen.

Norbere bizitzak hirukote bat osatzen omen du: gaurkoa, atzoa eta biharra. Biharra ez omen da ezer, gaurkotik eta atzotik eratorritako ilusioa baino ez. Norberak iraganean ala orainean bizitzeko duen joeratik ihes egin eta bien arteko oreka aurkitzea omen da ondo bizitzeko gakoetako bat. Iragana ahaztu gabe orainean bizi, ez batean ez bestean ito gabe, geroan murgildu”.

 

Etorkizunari omen, orainari hemen eta iraganari amen? Sumaj kawsay!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude