Jabi Eizagirren gogoeta Mussche irakurri ostean

“Atzo Goiko bodegoian eserita geundela ezagutzen dudan letradun edo abokatu baten izena ekarri genuen ahotara: Zelai. Bera Tikara elkarteko kidea da, eta ezagutzen dudanetik tinko eta sendo jardun du lanean administrazioan euskararen erabilera bultzatzeko ahaleginean.

Horren harira, gogora datorkit behin Zelairekin izandako elkarrizketa-eztabaida bat, izan ere, haren ustez, administrazioan “caducidad del procedimiento” adierazi nahi dugunean gaizki erabiltzen dugu euskarazko ordaina: UZEIk proposatutako  “iraungi”.

Haren esanetan, “caducidad” adierazteko “azkendu” erabili beharko genuke. Azkendutako prozedura, esaterako, eta ez iraungitako prozedura.

Nik ez dakit Zelaik arrazoia duen ala ez, baina nire iruditerian “kaduzitatea” zuhaitzen hostoekin lotuta egon izan da beti, udazkenarekin. Hoja caduca eta hoja perenne dira txiki-txikitatik entzun ditugun kontzeptuak, eta zer da udazkena, hosto erorien ikurra eta sinboloa ez bada.

Azkendutako hostoak ala iraungitako hostoak? Zer erantzungo luke Zelaik halako galdera baten aurrean? Batek daki.

Izali den sua. Inoiz garretan izandako suaren itzala: Musshe liburuan, Kirmenen lerroetan usaindu egiten da Aitzol adiskide minaren itzalari eginiko omenaldia. Inoiz Kirmenentzat su eta agian gar eta txinparta izandako norbaiten itzal, geriza eta oroimena.

Gogoan zaitut, Aitzol, leloa falta da liburuan, baina ez da behar.

Gogoan zaitut. Ahopeka bada ere, denok ahozkatu dugu inoiz norbaiten alde. Gogoa eta oroitzapena: bata bestearekin kateaturik erori izan dira betidanik hostoak.

Irakurri ahala hizkiz-hizki, hitzez-hitz, lerroz-lerro, Robert Musshe ez da bat-batean desagertu den enara bakarra. Eta beti hegan eta beti egoari begira… Agian horregatik galdu dugu iparra.  Hori esan zuen Kirmenek. Beste garai bat zela. Beste balore batzuk bizi zirela eta orain, aldiz, ke artean gabiltzala: ez su eta ez gar. Aparretan geundean, denok aberats usteko, baloreek ihes egin zigutela atzeko atetik. Aparraren behealdian idatzi zuen Kirmenek Mussche.

Aspaldiko gladiadoreek enperadoreari besoa luzaturik esaten zioten: “Ave Cesar, morituri te salutam”. Gure leloa ez al da veste hau:  “Ave, ave, ave: non demontre daude nire eskubideak?  Non dago nire autoa? Non, nire etxe unifamiliarra? Non, nire oporrak? Non dago nire soldata?”

Baina ekainean sartu berriak gara, laster utziko dugu udaberria eta udako berotasunean sartu ahala  tokitan geratuko dira azkendutako edo iraungitako prozedurak eta udazkena, eta lekutan geratuko dira Musshe,  Aitzol eta buruan darabiltzagun hainbat kezka. Eguzkia dator, eta itsasgoran olatuekin aparra”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude