Mugako literatura

Birgit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko eleberria aletu genuen atzo irakurle-taldean. Familia alemaniar batean gertatzen den pasadizo baten bidez, familia-hierarkia tradizionalaren kritika aurkezten du idazleak. Hori litzateke lehen geruzan bistaratzen zaiguna: alaba-narratzaileak, nebak eta amak “aita hilko dute”, sinbolikoki bada ere, haren ausentziak eta ardoak errebeldiara bultzaturik. Bigarren geruza batean, ordea, murrua erori berritan DDRako (Alemaniako Errepublika Demokratikoa) familia askotan eta, oro har, estatu sozialista izandakoan, okzidentalizazioarekiko sorturiko jarrera eta sentimenduak islatzen ditu Vanderbekek. Horretarako, aitaren eta amaren pertsonaiak baliatzen ditu, bakoitzaren baitan balio-sistema, sinbologia eta ideologia osoak haragituz.

Aita: okzidentalizazioa, teknifikazioa, zientzia zehatzekiko ikasketak, arrazoia, lana, arrakasta, kontsumismoa, produktibitatea, itxurakeria, biolentzia, zigorra, kontrola, zentsura, konpetentzia…

Ama: “ostalgie” edo ekialdearekiko nostalgia, galdutako munduarekiko mira, begirada erromantikoa. Musika eta arte ikasketak, emozioak, jarrera kontziliatzailea, ezagutza “subjektiboa”, “inproduktibitatea”…

Ekialdeko Alemaniaren kontraesanen ispilu gisa ulertu du askok Vanderbekeren “muskuiluak afaltzeko” eleberria. Iazko urtean irakurri eta landu genuen Sofi Oksanen-en Garbiketa eleberriarekin alderatu genuen nobela honetako ikuspegia. Mugako literatura beti izan da emankorra eta kontraesankorra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude