Jubilatuak eta glamurra

Feli Uria taldekideak gogoeta aski interesgarria idatzi du blogerako, atzo irakurle-taldeko solasaldian jubilatuez egin zen txantxa baten harira. Hizkera sexista zaindu behar dugun bezala, hizkera baztertzaile oro ekidin behar genukeela oroitarazteko.

Hona, Uriaren iritzia:

Zilegi al da literaturaz aritzeko txokoan biziraupenaz aritzea?

Gaur egun berdintasun hitza entzun eta generoarekin lotzea bapatekoa izaten da gu gehienongan. Baina bazterketa arlo askotan ematen da gure jendartean, galdetu bestela etorkinei, txiroei edo eta, besterik gabe, itsusiei.

Eta edadetuei galdetuko bagenie? Bazterketarik somatzen ote dute? Bidezkoa al da, besterik gabe, etengabeko adar jotzea? Bale, gaurko bilkurakoa (alegia, jubilatuak ez dutela glamurrik esatea) txantxa bat izan da (bat gehiago). Baina kontuz, bilkura formal batean lasai-lasai botatakoa.

Zer da jubilatu izatea, eta zer glamurrik ez izatea?

Azken aldian, egunkarietan-eta,  tratu txarrak jasaten dituzten zaharren portzentai handiaz  ohartarazten ari zaizkigu hainbat aditu (Aurreko gure bilkuran, zeharka bederen, aipatu genuena).

Edadetuen bazterketaren sokak korapilo asko ditu: hasi ikusezina izatetik, barregarri/pailazotxoa izatera pasa, mespretxatua…, eta azken muturrean tratu txarren hartzailea egongo litzateke. Potoloa, ez da?

Jubilatu hitzak berak ere kutsu baztertzaile handia hartu duelakoan nago. Lan esparruko kontzeptua izanik, zergatik orokortu da edadetua izendatzeko? Beraz, gaurkoan EDADETU hitza aldarrikatu nahi dut, euskara jatorrean hala erakutsi zigutelako eta oraingoz kutsatu gabe dagoela uste dudalako.

Utikan jubilatu hitz baztertzailea.

(Gora gu eta gutarrak)

2 thoughts on “Jubilatuak eta glamurra

  1. Biba zu, Feli!

    Ez nintzen atzoko saioan egon, baina bat nator testuan esaten duzunarekin, eta Uxuerekin ere ados, glamur handiko emakumea zarela uste dut.

    ADINEKOA gero eta gehiago erabiltzen da. NAGUSIA ere bai (niri ez zait gustatzen, beste adiera batzuk ere badituelako) eta itsusietan itsusiena ERRETIRATU iruditzen zait, eta hori bai dela baztertzailea.

    Zalantza sortzen didan beste kontu bat da eta ZAHARRA noiz eta nola erabili. Beheko Plazan dagoenari ZAHAR-ETXEA deitzea desegokia da, esaterako?

  2. Bai jubilatu hitza zein erretiratu, egokiak direla esango nuke lan esparruan ari garenean, alegia, bizitza laborala bukatu dutenak izendatzeko. Baina gure eguneroko harremanetan, eta gaia edozein delarik, halako arinkeriaz behin eta berriz entzuteak…, ez dut uste sanoa denik. Eta zaharra, berriz, zergatik ez? gazte hitza den bezala. Erabileran dago gakoa, ez?

Utzi erantzuna feli(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude