Antton Peñalbaren iritzia, “Gerra txikiaz”

Antton Peñalba irakurkideak iritzi-artikulu hau bidali digu Lander Garroren “Gerra txikia” eleberriaz:

9 urte. Oreretan bizi da Xabi, Gerra Txikia eleberriaren protagonista nagusia. Maitatua izan nahi du eta lagunen artean norbait izan, baina ezin du bere burua nabarmendu. Ez ditu nota bikainak ateratzen eta futbolean eta kirolean ere makala da oso. Baina, hala ere, lasai bizi da bere gurasoekin eta bere anaia eta arreba zaharrekin. Egun batean, gerra, gerra txikia aurkituko du bere bizitzan. Aitak erbestera ihes egin behar du eta harekin familia osoak. Xabik ez du hasieran zer gertatzen den ulertuko. Adin horretako haur guztiak bezala, oso xaloa da. Eta pozarren doa beste aldera, han zerbait izango delakoan. Xabik ez du ulertzen zer den Euskal Herria, askatasuna, herri eskubideak. Bere buruari galdetzen dio ea Euskal Herriak erosiko dizkion berari zapata berriak eta zer inporta dion berari amnistiak, Euskal Herriko askatasunak eta horrelakoak ama ez badago berarekin.

Egoera horretan egingo du haurtzarotik nerabe izaterainoko bidaia. Egoera horretan joango da bere identitatea eraikitzen, poliki-poliki bere lekua bilatzen. Egoera horretan hasiko zaio kontzientzia esnatzen. Hamaika bizipen izango ditu eta egoera horretan deskubrituko ditu maitasuna, lagun berriak, lehenengo musuak, lehenengo zigarroak, lehenengo manifestazioak … eta horrekin batera Euskal Herriaren egoeraz kontzientzia hartzen joango da. Inguruan bizi izango ditu erbestea hizkuntza arrotz batean bizi beharra, izua, GALek egindako atentatuak, heriotza, etxerik etxe ibili beharra …

Lander Garrok, berak bizi izandako haurtzaroan oinarrituta, 9 urteko haur baten, Xabiren, begiak erabiliko ditu Euskal Herriak bizi duen gatazkari begirada bat emateko.

Erraz irakurtzen den istorioa da. Zehaztasun, pasadizo, eta ñabardura ugariz zipriztindutako istorioa. Idazleak uko egin dio artilugio edo trepeta literaio bereziak erabiltzeari, istorioari indar handiagoa emateko, eta irakurleak eskertu egiten dio ahalegin hori, oso ondo korritzen duen istorioa baita.

Liburu zinez interesgarria; izan ere, orain arte ez bezala, Lander Garrok Gure Herriko gatazkari buruzko ume baten bertsioa ezagutzeko aukera parebagea eskaintzen du. Noiz izango ote dugu gure literaturan gatazkari buruzko emakume baten, ama baten, emazte baten … bertsioa?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude