Urtarrilean “Memoriak: Mikel Laboaren biografia bat”

Urte berrian ere irakurtzen jarraituko dugu. Gaur, urtarrilaren 12an, Marisol Bastidaren Memoriak: Mikel Laboaren biografia bat (Elkar, 2014) lanaz hitz egingo dugu (Koro Navarro itzultzaile).

MIKEL_LABOA_ETA_FAMILIA2016ko lehen saio honetarako ez-fikziozko liburu bat aukeratu genuen, hain zuzen, biografia bat. Edonola ere, biografia berezia da, biografiagileak biografiatuarekin zeukan harremana tarteko. Mikel Laboaren bizitzaz idatzi du Marisol Bastidak, haren alargunak. Musikariaren ibilbidea xehe-xehe jarraitu ez ezik, beste hainbat alderdi txertatu ditu Bastidak kontakizunean. Ez da soilik Laboa, ezpada, baita ere, garai bateko Donostia, garai bateko hezkuntza eta emakume batek zer toki zeukan han, garai bateko kultur mugimendua Euskal Herrian… eta nola joan den dena aldatzen.

Marisol Bastida 1938an jaio zen, Donostian. Ekonomia Zientziak ikasi zituen Bilboko Sarrikoko fakultatean, lehenengo promozioan. Itzulpengintzan aritutakoa da, ekonomiako liburuak gazteleratu zituen ingelesetik. Edonola ere, irakasle gisa jardun du batik bat, lehenik Donostiako EUTGn (Deustuko unibertsitatea) eta UPV/EHUn gero.

1950etik 2008ra bitarteko bizipenak bildu ditu Bastidak memoria hauetan, Laboak eta berak elkar ezagutu zutenetik musikaria zendu zen artekoak, alegia. Azken lau urteotan aritu da buru-belarri idazketa-lanetan. Hala ere, aspalditik zeukan ohitura, beren bizitzei eta Laboaren musika-ibilbideari buruzko oharrak hartu eta dokumentuak gordetzekoa. Testua prest zegoela, zalantzak izan zituen, argitaratu ala ez. Hala ere, baiezkoa erabaki zuen, bere esanetan “iragana ezagutzea inportantea” baita.

Besteak beste, Juan Luis Zabala kazetari eta idazlea poztu egin zen liburua irakurrita. Iazko uztaileko zutabe batean, halaxe adierazi zuen:

“Liburuari esker, azken 50 urteotako euskal musikagintzaren historia hobeto ezagutzeaz gain, beste geruza bat erantsi diogu gure izaeraren parte bihurtua dugun kantari, musikari, musikagile eta oholtza gaineko artista horren ezagutzari. Are maiteago dugu aspaldidanik gure barruan bizi den eta inoiz huts egiten ez digun heroi antiheroiko erraietaraino apal eta harrokeriarako genetikoki ezindu hori. Huts egiten ez duen heroi antiheroikoa baita Mikel Laboa. Lehendik ere banuen irudipen hori, eta indartu egin dit Mari Sol Bastidaren Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat-en irakurketa pozgarriak”.

Bukatzeko, hona hemen liburuari buruzko zenbait esteka: EITBko erreportajea, Bastidari elkarrizketa, Badok atarian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude