Martxoan, “Atertu arte itxaron”

Martxoarekin, Katixa Agirre idazle gasteiztarra izango dugu gurean, bihar, hilaren 15ean. Eleberri bat argitaratu zuen iazko udaberrian, Elkar etxearen eskutik: Atertu arte itxaron.

katixa_agirreAutoreari buruz: eleberri hau argitaratu aurretik, ipuingintzan aritu da batez ere Agirre. Bi bilduma publikatu ditu: Sua falta zaigu, 2007an eta Habitat 2009an, biak ere Elkar etxearen eskutik. Boladatxo bat pasa da, beraz, azkenengo fikzioa kaleratu zuenetik. Ez da geldi ibili, hala ere. Bitarte horretan egin eta aurkeztu du ikus-entzunezkoei buruzko tesia, Lolitaren mitoari bereziki erreparatuz. Hain zuzen, alor horrekin lotura du Agirrek, eta orain gutxi Mad Men telesail estatubatuarrari buruzko artikulua argitaratu du hemen. Gaur egun irakaslea da UPV/EHUko komunikazio fakultatean.

Eleberriari buruz: Auto-bidaia bat du erdigune. Hiru istorio elkarlotzen ditu, eta, hobe esanda, hari nagusi hori auto-bidaia bat da, Euskal Herrian barrena. Bikote bat da bidaiari, gizon-emakumeak, Ulia gasteiztarra eta Gustavo Caceres-ekoa. Madrilen ezagutu zuten elkar, noiz eta martxoaren 11ko atentatuen ostean. Hiri horretan bizi dira biak ere. Etorri izan dira Euskal Herrira tarteka, baina beti bisita laburrak egiteko, eta Gasteiz, Bilbo, Donostia triangelutik gehiegi urrundu gabe. Honako honetan, oporrak hartu dituzte beren-beregi eta Uliak bere txoko kuttunetara eraman nahi du Gustavo.

335_Atertu arte itxaron_AZALA.indd

Bigarren hariak Uliaren gurasoak ditu protagonista. Martxoaren 3an elkar ezagutu zuten haiek, Gasteizen, noiz eta poliziak bost langile erail zituen egunean. Misterio-kutsu bat dario bikote honen istorioari.

Azkenik, Benjamin Britten konpositore ingelesak ere badauka tokirik eleberrian. Bakezalea izan zen Britten, mundu-gerren garaian, eta Agirreri asko interesatzen zitzaizkion hala bere jarrera hori nola bere bizitzako beste alderdi batzuk bizitzeko modua (adb.: homosexuala zen).

Eleberri honen gaitzat jo daitezke: gatazkak, edozein motakoak, eta horiei aurre egiteko moduak. Ea aterkia hartu eta zaparradara ateratzen garen beldurrik gabe, ala, bestela, atertu arte zain geratzen garen, babesean.

Liburuari buruzko kritikak topa ditzakezue hemen. Horrez gain, hona hemen Agirreri egindako elkarrizketak: Euskadi Irratiko Arratsean saioan, Berrian; eta eleberriari buruzko erreportajea Hamaika Telebistan.

Bihar elkartuko gara, hilaren 15ean, arratsaldeko 18etan Moila gelan. Autorea bertan izango da, beraz lasai asko ekarri zalantzak eta galderak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude