Ekainean, Sunset Park

Ekainarekin batera, eta irakurle-taldearen ikasturtea ixteko, Paul Auster idazle estatubatuarraren Sunset Park eleberria irakurriko dugu. Oskar Aranak euskaratu zuen lana, eta Alberdania etxeak plazaratu, 2010ean. Urte horretan argitaratu zen jatorrizkoa ere.

Autoreari buruz: 1947an jaio zen Paul Auster, New Jerseyn. Hala ere, New York hirira joan zen unibertsitateko ikasketak egitera, Columbia unibertsitatera, eta orduz geroztik, hiri horretan bizi da. Ez da xehetasun hutsala, izan ere, New York hiriak sekulako garrantzia eta presentzia dauka Austerren lanetan. Gaztaroan, Frantzian ere bizi izan zen, Parisen, 4 urtez. 1974an itzuli zen jaioterrira, eta hantxe geratu.

Paul_Auster_476739a1985ean argitaratu zuen lehenengo eleberria, eta, orotara, hamabostetik gora eleberri kaleratu ditu. Lehen hiru eleberriek sorta bat osatzen zuten, New Yorkeko trilogia, hain zuzen ere, eta liburu horiei esker lortu zuen sona. Euskaraz, hainbat lan dauzkagu irakurgai. Alberdania etxeak plazaratu ditu Brooklyngo erokeriak (2006), Bidaiak scriptoriumean zehar (2007), Gizona ilunpean (2008), Ikusezin (2009) eta Sunset Park, jakina. Oskar Aranak itzuli ditu horiek denak. Txalaparta argitaletxeak, berriz, bi obra plazaratu dizkio: Kristalezko hiria (2006), Harkaitza Cano itzultzaile; eta Neguko egunerokoa (2015), Arana itzultzaile.

Eleberriari buruz: New Yorkeko auzo bat da Sunset Park, eta gutxi-asko, bertako etxe bateko biztaleen bizitza eta gorabeherak kontatzen dizkigu Austerren eleberri honek. Miles Heller da kontakizunaren ardatz nagusia, eta bere inguruan dabiltza Sunset Parkeko etxetxoko beste biztanleak (Alice, Ellen eta Bing) eta Hellerren familia. Familia-harremanak, komunikaziorik eza eta iraganeko mamuak aletzen ditu nobelak, besteak beste.

9788498682458-usLiburuaren harira, zera esan zuen Saioa Ruiz kritikariak, Argia aldizkarian:

“Sunset Park New Yorkeko auzo txiroetako bat baino askoz ere gehiago da; “Munstro ero eta suntsitzaile” (153. orrialdean) horretan txertatutako mikro mundu bat. Bertako etxe abandonatu batean, okupa bizi diren lau gazteen bizitza hondatuaren gordelekua da. Iraganeko gertakari batek ihes egitera bultzatuta, sorterrira itzuli berri diren izaki zaurituak dira. Idazlearengan ohikoa izaten den kontakizun gainjarririk gabe, ongi bereizitako atalez atal, pertsonaia bakoitzaren iragana zabalduz doa. Horrela gorpuztu egiten da hain ezaguna zaigun unibertso austeriarraren konstelazio sare tipikoa: Brooklynen girotu izana, familia barruko tragediak, gizakiaren ahultasuna gogorarazten duen ustekabeko heriotzaren presentzia etengabea, erruaren zama, maitasun erlazio ustelduak eta, noski, testuartekotasun izugarri aberatsa (beisbola, zinea, literatura). Hankaz gora dagoen mundu batean, borrokarako pizgarririk gabeko errealitatean, Wiliam Wyler-en Gure bizitzako urterik onenak (The Best Years of Our Lives, 1946) filmaren presentzia obsesiboak gobernatzen du. Iraganeko gerra batetik eratorritako soldaduen antzera, etorkizunean sinesterik ez duen gazte talde baten erretratu ezkor aski exageratua iruditzen zait”.

Bestelakoak: Hona hemen Oskar Arana itzultzaileari egindako elkarrizketa, Hitzen Uberan atarian, Neguko egunerokoa lana dela-eta. Horrez gainera, Austerren liburuei buruzko iruzkinak topa ditzakezue Armiarma webgunean.

Bihar elkartuko gara, hilaren 7an, arratsaldeko 18etan, Moila gelan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude