Urtea hasteko, “Enaz banaz”

imgres-2Urtea klasiko batekin hasiko dugu: Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearen Enaz banaz-ekin. Aurten hartu du plazetatik erretiroa bertsolaritzaren ikono handienetako honek, eta erabat literaturari emana bizi da gaur egun. 1999ean argitaratu zen lehenengoz Enaz banaz Amurizaren bertso-ibilbidearen errepaso gisa irakur daitekeen lan hau. Amuriza haurra ezagutuko dugu, Torreburuko umea, kasualitatez “bertsolari” izendatua, eta izendapen horrek ekarriko dizkion buruhausteak ezagutuko. Jabier gaztea ezagutuko dugu, seminarioan, klandestinoki bertsolaritza lantzen. Ezagutuko ditugu Don Jabier apaiz errebeldea, sotanarekin bertsotan, sotanarik gabe kartzelan… Amuriza txapeldun polemikoa ere aurkituko dugu orriotan, eta askoz Xabier gehiago ere bai; arragoa nola biderkatzen baita liburu honetako protagonista argia, langilea, sendoa, umoretsua, erraietakoa.

imgres-1Alderdi askotatik da interesgarria lan hau: bertsolaritzaren ikuspegitik, dokumentu historiko moduan, hizkuntzari dagokionez, adierazgarritasunaren aldetik, literarioki, gure kulturaren inguruko gogoeta gisa… Eszena laburretan, erritmo biziz eta tonu maiorrean idatzia, zentzumenen eta adimenaren gozagarri da.

Euskal mundua, euskal kultura 50 urtean nola aldatu den ulertzen da liburua irakurri ahala. Duela mende erdiko ahotsak, usainak, soinuak, hitzak, eztabaidak, paisaiak… aurkituko dituzu orri-pasan. Irakurlearen adinaren arabea, diferentea izango da hitzon oihartzuna, baina nondik gatozen gogoraraziko digute, ezinbestean.

images-2images-1

 

Zalantzarik gabe, gure kulturgintzako izen handienetako bat da Xabier Amurizarena, bertsogintzari emandako astinduaz eta irakaspenez gain, hor daude hizkuntzalari gisa egindako ekarpenak ere eta, nola ez, idazle, iritzi-emaile eta akuilatzaile gisa eginak ere bai.

Hona, liburuari buruzko jakingaiak eta Xabier Amurizaren inguruko beste zenbait lotura, haren ibilbide oparoaren lekuko:

Kritikak
-Juan Luis Zabalan Sautrelan Enaz banaz liburuaz
Anekdota eder bat
“Plazetatik erretiroa hartu du maisuak”
Berriako bideo-elkarrizketa, plazak utzi ostean

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude