Martxoan Houllebecq-en “Sumisioa”

Michel Houllebecq idazle polemikoaren “Sumisioa” eleberriaz jardungo gara martxoaren 14an. Politika fikziozko eleberri bat da Sumisioa”, une poetikoak, komikoak eta melodramatikoak biltzen dituen fabula politiko eta morala. Houellebecq-ek gogoeta egiten du mende hasierako gizaki guztiok geure bizitzan sumatzen ari garen eraldaketa sakonaren inguruan.

Michel Houellebecq-en izena eta “polemika” hitza eskutik helduta joan ohi dira. Estatu frantsesean hautsak harrotu zituen orain bi urte , hain justu Charlie Ebdok jasandako erasoaren ostean argitaratu baitzuen gurean Gerardo Markuletak euskarara ekarri duen “Sumisioa” (“Soumission”). «Frantsesez argitaratu zuenean polemika izugarria sortu zen eta harrezkero kritika oso gogorrak jaso ditu, planteatzen dituen hainbat gauzengatik», ekarri zuen gogora Markuletak. Izan ere, “Sumisioa”-n, Houellebecq-ek hausnarketarako galdera zehatza planteatzen dio irakurleari: zer gertatuko litzateke Estatu frantsesean alderdi musulman moderatu bat demokratikoki boterera iritsiko balitz?

Hona, liburuari buruzko nazioarteko zenbait iruzkin:

“Gaurko egunean, munduko literaturan, gogoeta egiten duenik baldin badago guztiok abian dela sumatu bai baina aztertzeko baliabiderik ez daukagun mutazio izugarriaz, horra Houellebecq.” Emmanuel Carrère

“Dibertigarria, lotsagaldua eta etsia, Sumisioa-k egundoko lezioa dakar ezkutuan. Esan dena bezain eskandalagarri ez, eta dirudiena baino sotilagoa.” Sébastien Lapaque (Le Figaro)

“Sumisioa-k politikak eta arteak bat egiten duten gertaera ezohiko horietako bat da. Europako misantropo puntakoenak giza izaeraren ikuspegi liluragarri eta harrigarriro ezkorra eskaintzen digu.” Christopher de Bellaigue (The Guardian)

“Satira idazle ez-ezik, satira idazle ‘zintzoa’ dugu, benetan nahigabetua giza historiaren eta eromenaren aurrean, eta hori ez da hain ohiko gauza.” Adam Gopnik (The New Yorker)

“Gure bizitzetako gezur eta kontraesanen behatzaile burutsuenetako bat dugu Houellebecq.” Iris Radisch (Die Zeit)

Hemen, liburuari buruzko informazio osagarria ere:

Kritikak
Prentsaurrekoa eta beste zeinbait bideo (HItzen Uberan)

Betiko lekuan, betiko orduan. Zuen zain izango gara!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude