Apirilean, Alaine Agirre

Apirilaren 11an Alaine Agirre idazlearen konpainian egingo dugu hileroko solasaldia. “X hil da” eleberri laburra hartuko dugu hizpide. Idazle gaztea izanagatik, helduentzako bi eleberri (Odol mamituak kaleratu zuen honen aurretik) eta haurrentzako hainbat lan idatzi ditu idazle bermeotarrak.

X hil da eleberriak beldur obsesibo baten kontaketa egiten du: protagonista beldur da X hilko ote den, X hilko ote zaion. X bere maitea da, bere pasioa. Beldurrean harrapatuta, X hiltzeko bide guztiak banan-banan aletuko dizkigu idazleak, hain modu obsesiboan, inoizka barrea ere eragin bailezake… darion errealismoarengatik ez balitz. Intentsitatez, bulkadaka, dramatismo handiz eta azkar idatzitako lana da, baina ez, hargatik, zaindu gabea. Idazkera aberatsa darabil Agirrek, espresiboa, oso fisikoa, usainez eta testuraz betea, barrutik kanporako bidea erraztasunez marrazten duena, abiadura handikoa.

Irakurle asko identifikatuta sentitu dira: beldurraren nolakoan ez bada, beldurraren intentsitatean, izaera errepikakor obsesiboan. Beldurrak gain hartu dion emakume baten barruak jartzen baitizkigu agerian autoreak. Horrekin batera, maitasunaz, maitatzeko moduez, pasioez, norbere burua kontrolpean mantentzeaz eta beste hainbat gairi buruz erreflexionatzera eraman gaitzake.

Segidan duzue liburuari buruzko informazio osagarria:

Kritikak
Elkarrizketa Deian
Elkarrizketa Euskadi Irratian

Nahi baduzue, apirilaren 11n elkartuko gara Alondegian, arratsaldeko 18:00etan. Saioa Danele Sarriugartek gidatuko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude