Sergei Dovlatov-en “Maleta”

 

Urriko saioan Sergei Dovlatov (1941 Ufa-1990 New York) idazle errusiarraren Maleta eleberria izango dugu mintzagai.

Objektu gutxi batzuez beteriko maleta bat da. Dovlatovek Sobiet Batasunetik AEBetara emigratu zuenean berekin hartu zuen maleta. Emigratzeko asmotan dela, hara non esaten dioten hiru maleta besterik ezin duela eraman. Puskak biltzen hasi, eta ohartzen da hiru maleta ez, bakar bat aski duela bere ondasun guztiak sartzeko. Bere bizitza osoa maleta ezdeus batean bildurik. Eta halaxe abiatzen du kontakizuna, ipuin bat josiz maletan sartu zituen objektu bakoitzaren inguruan. Oroitzapen bat objektu bakoitzeko.

Eta halaxe harilkatzen ditu bere bizitzako zenbait pasarte, banan-banan, atzean utzi duen munduaren garratza, absurdoa eta zentzugabetasuna agerian utziz. Narrazio guztiak bere ohiko estilo arinean daude idatzirik: estilo arina, baina baita zorrotza, fina, gardena, sarkastikoa, garratza, ziztakaria ere. Eta vodkaz, vodka askoz bustirik.

Zorteko gara, gainera: EIZIEk abian jarri duen programa bati esker Amaia Apalauza itzultzailea ere gurekin izango da. Urteko liburuen zerrendan Literatura Unibertsala edo Urrezko Biblioteka bildumako libururen bat lantzeko asmotan diren irakurle-taldeei itzultzailea saiora gonbidatzeko aukera eskaini die EIZIEk. Elkartea arduratu da itzultzailearekin harremanetan jartzeaz, eta bere gain hartuko du saioak dakarren gastu erantsia. Aukera paregabea, beraz!

Dovlatov euskaraz irakurtzeko aukera gehiagorik. Eskura duzue Konpromisoa ere, Iker Sancho Intsaustik itzulia. 
Nahi izatera, hementxe duzue liburuari buruzko informazio osagarria:

Kritikak

Euskal Dovlatov baten bila artikulua.

Hitzordua: urriaren 3an, 18:00etan Alondegiko Moila gelan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude