Apirilean, DFWen “Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat”

Itzulpen bat hautatu dugu apirilerako, Danele Sarriugartek euskarari ekarria:
Bere belaunaldiko autore estatubatuarren ikur, David Foster Wallacek eleberriak, kontakizun laburrak, kronikak eta saioak idatzi zituen. Infinite Jest eleberri mardularekin iritsi zitzaion arrakasta, eta amaitu gabe utzi zuen bere hurrengo proiektu handia. Unibertsitate-irakasle gisa lan egin zen, ingelesa eta sormen-idazketa irakasten.

Argumentua:
Enkarguz idatzi zuen ale hau David Foster Wallacek, Harper’s aldizkariak eskatuta: luxuzko itsas bidaldi baten kronika, zentzumenen postal erraldoia. Edonola den, Wallaceren fikzio-lanetako ohiko osagaiak aurki ditzakegu lan honetan ere, bere onenean: AEBko kontsumo- eta entretenimendu-kulturaren kritika zorrotza, aberastasun teknikoa, ñabardura txikienak xehe-xehe azaltzeko grina, hausnarketa filosofikoa eguneroko gertaeretatik abiatuta… eta umorea, ironia beltza barra-barra. Nola bestela bilaka liteke amesgaizto hasiera batean paradisu zirudiena?

Danele Sarriugarte, liburuaz:

 

Martxoan, “Jenisjoplin”

Martxoko saioa ez dugu, ohi bezala asteartez egingo. Egun bat aurreratu eta martxoaren 12an, astelehenez bilduko gara irakurle-taldean Uxue Alberdiren Jenisjoplin nobelaz hitz egiteko.

Hauxe du eleberriak abiapuntu:

“Baldintza makurrei aurre eginez zaildutakoa da Nagore Vargas, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitua: autoritatearen kontra, benetakotasunaren bila, desafioek inarrosirik, barne bulkadaz, presaka maitatzen, bortizkeriari artez begira, arriskuari deika, edozertarako prest.

Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko.

Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua bizkortzen zuen garaiak gozatu zituen Nagorek. Baina orain, 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia”.

Segidan duzue liburuari buruzko informazio osagarria:

Kritikak
-Elkarrizketa Argian

Otsailean, “Gerrak ez du emakume aurpegirik”

Svetlana Aleksievitx nobel saridunaren “Gerrak ez du emakume aurpegirik” liburu ikaragarria –hitzaren bi zentzuetan– izango dugu mintzagai otsailaren 13an.

Gerra imajinatzean, gizonezko soldaduak datozkigu berehala gogora, baina ia milioi bat izan ziren II. Mundu Gerran parte hartu zuten emakumen sobietarrak: mediku eta erizainak, frankotiratzaileak, tanke-gidariak, gerrillari partisanoak… Ehunka lekukotasun bildu ditu egileak, haien oroitzapenak eta inpresioak biltzeko, ez kazetarien ohiko galde-erantzunekin, baizik eta konfiantza emanez, lasai hitz egin dezaten. Jasotako erretratuak antz gutxi du historiografia ofizialaren heroitasunarekin: hor ageri dira gosea, beldurra, hotza, zauriak eta oinazea… baina baita ere beste nesken elkartasuna, gizonezkoen laguntza edo gutxiespena, etsaienganako gorrotoa edo errukia… Bizitzaren eta heriotzaren arteko hari gainean dantzan, gizatasun sakon baten taupadak helarazten dizkigu, zirraraz eta dardaraz.

Svetlana Aleksandrovna Aleksievitx  Bielorrusiako idazlea eta kazetaria da. Errusieraz idazten du, eta 2015ean Nobel Saria eskuratu zuen[1]; Suediako Akademiak kazetaritza-erreportaje bat saritzen zuen lehenengo aldia izan zen .[2] Errusiako presidente Vladimir Putin-ekiko oso jarrera kritikoa agertu izan du beti. Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuten emakumeen testigantzak jasotzen dituen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua euskaraz irakur daiteke, Iker Sancho Insaustiitzultzailearen eskutik.

 

Segidan duzue obrari buruzko material osagarria:

Kritikak
Iker Sancho itzultzaileari eginiko elkarrizketa
Berriako artikulua

Gustu baduzue, otsailaren 13an 18:00etan Alondegiko Moila gelan.

Urtarrilean, Eider Rodriguez

Idazle handi batekin hasiko dugu urtea: urtarrilaren 9an Eider Rodriguez ipuingile oreretarra izango dugu gurekin bere azken lana, Bihotz handiegia, disekzionatzeko. Sei narraziok osatzen dute liburua, arroztasun samurrez, tentuz idatziak denak, diafragmaren zokoren batean katigatzen direnak bertan irauteko.

“Ez du batere gogorik senar ohia zaintzera joateko, baina alabak hala eskatu dio eta gizonari bizialdi laburra geratzen zaionez, ahalegin txiki bat egin behar luke agian. Liburu honi izenburua ematen dion kontakizun luzeena eta lehendabizikoa da “Bihotz handiegia”, garai baten amaierari buruz diharduena, maitasunaren hondakinez.

Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.

Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei beti aurre egiten”.

Segidan, liburuari buruzko informazio osagarria:

Kritikak
-Elkarrizketa Ahoz ahon Ilaski Serranorekin
-Elkarrizketa Deia
Argiako elkarrizketa

Kattalin Minerrekin solasean

 Solasaldi atsegina izan genuen atzo Kattalin Miner idazle hernaniarrarekin. “Nola heldu naiz ni honaino?” opera primari buruz aritu ginen, nobelako protagonistak, Jezabelek, atsegin duen bezala, te-pastak janez, literaturaz mintzatu bitartean. Hurrengo saioa azaroaren 12an izango da: Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika saiakera komentatuko dugu.

Datozen hilabeteetarako programa:

Jarraitu irakurtzen

Abenduan, Sarrionandia

Abenduaren 12an Joseba Sarrionandiaren azken saiakeraz hitz egingo dugu. “Lapur banden etika ala politika” jarri zion izenburua Iurretarrak lan sakon, ausart eta eder honi,

Memoria onekoa eta tolestura anitzekoa, apala eta ausarta da Joseba Sarrionandiaren saiakera hau. Azken hamarkadetako eta gaur eguneko gure errealitate politikoaren inguruan mintzo da: gai asko eta askotarikoen artean, dominazioaz eta sektarismoaz, gutasuna aniztu beharraz eta politika egiteko ezintasunaz, hau da, politika egiteko obligazioaz. Kritika eta autokritika arrazoituaren bidez, teoria politiko oso bat doa azaltzen, botere ekonomiko, politiko eta militarren kontra, subjektu sozialak errebindikatzen dituena.

Umorea ere falta ez duen testu honek, ustekabean batzuetan, zer pentsatu emango dio irakurleari, saiakera eta literatura hoberenak egiten duen gisan. Ados dagoela konturatzera edo ados ez dagoela ebaztera behartuko du irakurlea. Autorea urrun omen dabil oso aspalditik, baina inork ez du esango hemengo arazoak benetan bizi eta bere kasa hausnartzen ez dituenik. Hemengo arazoak, jakina, mundu guztikoak dira.

Hemen duzue material osagarria:
Kritikak
-Aurkezpeneko bideoa

 

Azaroan, Kattalin Miner

Azaroko bilkuran Kattalin Minerren lehendabiziko nobela izango dugu mintzagai: “Nola heldu naiz ni honaino”. Igartza beka irabazita, urte hasieran kaleratu zuen elbe

Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da. Emakume gazte baten nora eza darabil Kattalin Minerrek gure gizarteko hainbat gai giltzarri jorratzeko: familia eta bikote ereduak, heteroaraua, harreman batean bilatzen duguna… Nortasunez beteriko lehenengo eleberri bat, irakurlearen gogoa astindu eta zer pentsatua emango diona.

Azaroaren 7an izango da hitzordua, Alondegiko Moila gelan, 18:00etan.

Hemen duzue liburuari buruzko material osagarria:
Kritikak
Elkarrizketa Sautrelan
Elkarrizketa Garan

Liburuari buruzko bideo ederrak eman zituen Gaztezulok:

Sergei Dovlatov-en “Maleta”

 

Urriko saioan Sergei Dovlatov (1941 Ufa-1990 New York) idazle errusiarraren Maleta eleberria izango dugu mintzagai.

Objektu gutxi batzuez beteriko maleta bat da. Dovlatovek Sobiet Batasunetik AEBetara emigratu zuenean berekin hartu zuen maleta. Emigratzeko asmotan dela, hara non esaten dioten hiru maleta besterik ezin duela eraman. Puskak biltzen hasi, eta ohartzen da hiru maleta ez, bakar bat aski duela bere ondasun guztiak sartzeko. Bere bizitza osoa maleta ezdeus batean bildurik. Eta halaxe abiatzen du kontakizuna, ipuin bat josiz maletan sartu zituen objektu bakoitzaren inguruan. Oroitzapen bat objektu bakoitzeko.

Eta halaxe harilkatzen ditu bere bizitzako zenbait pasarte, banan-banan, atzean utzi duen munduaren garratza, absurdoa eta zentzugabetasuna agerian utziz. Narrazio guztiak bere ohiko estilo arinean daude idatzirik: estilo arina, baina baita zorrotza, fina, gardena, sarkastikoa, garratza, ziztakaria ere. Eta vodkaz, vodka askoz bustirik.

Zorteko gara, gainera: EIZIEk abian jarri duen programa bati esker Amaia Apalauza itzultzailea ere gurekin izango da. Urteko liburuen zerrendan Literatura Unibertsala edo Urrezko Biblioteka bildumako libururen bat lantzeko asmotan diren irakurle-taldeei itzultzailea saiora gonbidatzeko aukera eskaini die EIZIEk. Elkartea arduratu da itzultzailearekin harremanetan jartzeaz, eta bere gain hartuko du saioak dakarren gastu erantsia. Aukera paregabea, beraz!

Dovlatov euskaraz irakurtzeko aukera gehiagorik. Eskura duzue Konpromisoa ere, Iker Sancho Intsaustik itzulia. 
Nahi izatera, hementxe duzue liburuari buruzko informazio osagarria:

Kritikak

Euskal Dovlatov baten bila artikulua.

Hitzordua: urriaren 3an, 18:00etan Alondegiko Moila gelan.