ZEIN IKASTARO EGIN NAHIKO ZENUKE?

Berdintasun sailak ikastaroak antolatzeko deialdia zabaldu du
2013/09/02
Ikastaroak antolatzeko herritarren proposamenak edo nahiak zeintzun diren jakin nahi du alde batetik; bestetik, berriz, adituen ikastaro eskaintzak ere jasoko ditu. Proposamen eta eskaintzak aurkezteko azken eguna irailaren 20a izango da (07:30etatik 14:30etara).

Berdintasun sailak ikaskuntza eta kontzientziatze prozesua ahalbidetu nahi du antolatzen dituen ikastaroen bidez. Mundu osoko gizarteak egituratzen dituen sexismoak emakumeei ezartzen dieten diskriminazio eta gutxiegitasun egoera salatzeko, eta horren kontra borroka egitea ahalbidetzen digun prozesua garatzeko. Horretarako, hausnarketarako, trebakuntzarako eta topaketarako ikastaroak antolatu nahi ditu Berdintasun sailak honako helburuekin:

– Emakumeen sormen lana eta borroka ezagutzea, eta balioestea.

– Emakumeen parte-hartzea sustatzea, eragina izateko bai politika publikoan, bai, historikoki, baztertuak izan diren gainontzeko esparru sozial eta kulturaletan.

– Elkartrukerako sareak eratzea, eta harremanak bultzatzea.

Azken finean, ez da ohiko prestakuntza. Hori baino gehiago bilatzen du sailak: erreproduzitu nahi du Mugimendu Feministak sortu zuen jakintzaren produkzio kolektibo eta partekatutako metodologia.

ESKAERAK ETA ESKAINTZAK

Berdintasun sailak, alde batetik, jaso nahi ditu herritarren proposamenak eta nahiak (zer nahiko luketen lantzea herrian); eta bestetik, ikastaroen eskaintzak ( adituek eskainitako eskaintzak).

Bai eskaerak, bai eskaintzak, Zumaiako Udaleko erregistroan aurkeztu behar dira, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30era. Eskaeretan honako informazioa jaso beharko da (eskaera bat egin behar da ikastaro bakoitzeko)

– Ikastaro mota

– Ikastaroaren helburuak

– Proiektua: zer eta nola irakatsiko den (metodologia)

– Nori zuzenduta dagoen ikastaroa

– Egutegiaren eta ordutegien proposamena eta ikastaroaren iraupena

– Titulua, curriculuma, gaitasuna

– Behar diren azpiegiturak: tokia eta baliabideak

– Aurrekontu zehatza

PROPOSAMEN ETA ESKAINTZAK AURKEZTEKO EPEA

Datorren ikasturtean Berdintasun Sailak antolatuko dituen ikastaroetarako proposamen eta eskaintzak egiteko epea irekita dago, dagoeneko, eta irailaren 20an bukatuko da. Proposamen eta eskaintzak astelehenetik ostirala bitartean Udal erregistroan (07:30etik 14:30era bitartean) aurkeztu beharko dira.