Hasi da Berria egunkariko Zibergela atalaren denboraldi berria. Jabi Asurmendi informatikaria da bere arduraduna. Zibergela.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude Zibergela berria sarreran

Hiru denboraldi egin ondoren, iritsi da azkeneko post-aren momentua. Berriako Zibergela atalak 2008-2009 denboraldia amaitu du eta horrekin batera nire kolaborazioa ere bai. Ziklo bat amaitu da. Zibergelak irailean jarraituko du, beste norbaiten eskutik sasoi betean bueltatuko dela zalantzarik ez dut.

Mila esker guztioi. Eta ikusiko gara sareko txokoren batean.

Ibon 🙂

Comments Erantzunak desaktibatuta daude Azkena sarreran

Informazio teknologien azken joera aplikazioak webgunean bertan exekutatzea da. Horren adibide garbia dira posta-zerbitzuak, bulegotika aplikazioak eta, azken finean, gero eta webgune aberatsagoak. Horrek web nabigatzailean gero eta funtzio gehiago exekutatzea dakar. Hori dela eta, ezartzen zaizkien eskakizunak bestelakoak dira: arintasuna, abiadura eta abar… Horrekin guztiarekin, web nabigatzailea ordenagailuko aplikazio garrantzitsuenetakoa bihurtzen ari da.

Aste hauetan nabigatzaile ezagun batzuk beraien bertsio berriak kaleratzen ari dira. Batzuetan beta bertsioa izanda ere, guztiz funtzionalak dira eta azken ukituak soilik falta dituzte. Googleren Chrome 2, Opera eta Appleren Safari 4 lasterketa hasteko prest daude. Mozilla Firefox 3 bidea egiten ari den beste hautagai bat da, eta Internet Explorer 8 ere hor dago. Googlek Chrome nabigatzailea atera zuenean, sekulako lurrikara eragin zuen. Nabigatzaileak beste ikuspuntu batetik ulertzea ekarri zuen, eta joera hori nagusitzen ari da. Itxura denez, aipatu diren azken bi nabigatzaileak atzera geratzen ari dira zentzu horretan.

Google Chrome 2

Nabigatzaile honek bere sorreratik harrera ona izan du, bere garatzailea Google izateak badu zer ikusia. Nahiz eta denbora askorik ez izan, jadanik Internet Explorer eta Firefox nabigatzaileen atzetik hirugarren erabiliena da. Hasieratik izan duen berrikuntza garrantzitsuenetakoa erlaitz bakoitza aparteko prozesu batean exekutatzea izan da. Horrek erlaitz bakoitza besteetatik independentea izatea dakar, eta baten bat zintzilikatzen bada ez da nabigatzaile guztia ixten.

Bertsio berriak, azkarragoa izateaz gain, erlaitz pribatua exekutatzeko aukera ematen du. Bertan, ez da gordetzen ez nabigazio-historialik ez eta cookie-rik ere. Hortaz, transakzio elektronikoak egiteko edo informazio konfidentzialarekin ibili behar denerako aukera interesgarria da. Kodearen estandarrak %100ean betetzen ditu, eta pixkanaka beste nabigatzaileek dituzten ezaugarriak ere bereganatu ditu. Oraingoz, Windows plataformarako soilik dago.

Opera 10
Beta bertsioan dago oraindik, baina jadanik ikus daiteke zer-nolako berrikuntzak dakartzan. Azkarragoa da, interfazean hobekuntza nabariak ditu eta, gainera, estandarrak erabat betetzen ditu. Interneteko zerbitzuak gero eta gehiago erabiltzen direla kontuan hartuta, zerbitzu horiek integratzeko esfortzua egin da. Horrela, posta elektronikoak bidaltzeko funtzionalitatea du, baita RSS jarioak gehitzeko ere.

Operak funtzionatzen duen plataformak anitz dira, Windows, Linux eta Mac-ez gain, Solaris eta OS/2 plataformetan ere badabil. Aipatzekoa baita, izan ere, Operak gailu mugikorretarako egokitutako nabigatzaileak dituela: Opera Mini sakelako telefonoetarako eta Opera Mobile smarphone eta PDA gailuetarako. Bertsio horiek guztiak, gailuen prozesamendu gaitasuna kontuan hartuta, horretarako optimizatu zituzten.

Safari 4

Appleren nabigatzailearen bertsio berria ere berrikuntzekin dator. Beste nabigatzaileetan ikusi den bezala, Safari 4ak ere garrantzi handia eman dio exekuzio abiadurari, eta asko hobetu du alde horretatik. Erlaitz pribatuaren funtzionalitatea ere badu, arrastorik utzi gabe nabigatzeko aukera. Estandarrak ere, beste biak bezala, Acid Test 3 proban %100ean betetzen ditu. Gainera, HTML5 eta CSS3 estandarrak betetzen ditu; horiek izango direnez etorkizuneko estandarrak, ezaugarri interesgarria da. Windows eta Mac plataformetan erabil daiteke Safari.

Hiru nabigatzaile hauen berrikuntzak ikusita, badirudi Firefox pixka bat atzera geratzen ari dela. Exekuzio abiadura eta estandarrak betetzea garrantzi handia hartzen ari da, eta zentzu horretan azkar mugitu beharko dute. Bere alde du Firefoxek luzapen eskaintza zabala, baina Google Chromek ezaugarri hori jartzean abantaila ez da hainbestekoa izango. Belaunaldi berriko nabigatzaileak hemen dira; hasi da lasterketa.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude Nabigatzaileen belaunaldi berria sarreran

Antibirusen mundura ere iritsi da hodei konputazioaren erabilera. Pandak kaleratu duen Cloud Antivirus produktua da horren adibide bat. Ohiko antibirusekin konparatuz gero, aplikazioaren exekuzioan dago gakoa. Orain arte ordenagailuan instalatzen zen, eta exekutatu ere bertan egiten zen. Antibirus berri honetan, berriz, zati txiki bat soilik exekutatzen da ordenagailuan, eta beste guztia exekutatzeaz hodeia arduratzen da. Antibirus hau sortzeko Active Scan izeneko zerbitzuan oinarritu dira. Horrela, birusak detektatu eta ezabatzeko logika Pandako zerbitzarietan egiten da, eta ez erabiltzailearen ordenagailuan. Hodeiko baliabideak erabiliz, aplikazio arin bat egitea lortu dute. Kontuan hartuta Panda antibirusak beti ordenagailuaren baliabide asko erabiltzearen fama izan duela, berrikuntza nabarmena da.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude Panda antibirusa hodeian sarreran

Blog plataforma ezagunenetakoa den WordPress-ek 2.8 bertsioa kaleratu du. Sei hilabete igaro dira aurrekoa atera zenetik. Hasteko, aurreko bertsioa erabiltzean detektatu diren 790 akats inguru konpondu dira. Aurkitu daitezkeen berrikuntzen artean pluginak eta itxurak kudeatzeko erraztasuna dago. Bertsio honetan kudeatzailearen atalean bilaketak egiteko aukera gehitu baita, ondoren zuzenean instalatu ahal izateko. Horrez gain, abiadura ere hobetu da, baita kodea editatzeko aukerak ere. WordPress 2.7 plataforma dutenek bertsio berriaren jakinarazpena jasoko dute, eta zuzenean eguneratu ahal izango dute. Horrez gain, Librezal elkarteak egindako lanari esker, jadanik euskaraz ere eskuragarri dago.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude WordPress bertsio berria sarreran

Erabiltzaile bat Interneten sartzean eta ohiko ekintzak egiten hastean, posta elektroniko kontua ireki, sare sozialak erabiltzen hasi, edo beste abarretan, bere nortasun digitala mamitzen hasten da. Bere ekintzekin, sareko hainbat tokitan arrastoa uzten hasten da. Posta elektronikoa bidali, blog bateko sarrera bat idatzi, lagun bati erantzun; egunero egiten den jarduera arrunta da. Horrek guztiak erabiltzailearen sareko nortasuna osatzen du.

Gero eta zailagoa da sarean nortasun anonimoarekin ibiltzea. Izan ere, ia web gune guztietan erregistratzea eskatzen baita. Askotan, erregistratzea ezinbestekoa da haietan jardueraren bat burutzeko. Horren harira, gero eta ohikoagoak dira nortasun lapurretak eta horrek sortzen dituen arazoak. Mota honetako ekintzat %20 inguru igo dira azken hilabetetan. Nortasun ordezkapena jasan duten kasu batzuk sona handia hartu dute, Tuenti-ko grebara deitu zuen neskarena esaterako.

Hori dela eta, azken aldian asko ari da hitz egiten erabiltzaileek Interneten duten nortasunaz. Denboraren poderioz garatuz joaten dea nortasun hori, eta pribatutasunaren ikuspegitik ez ditu argi alde guztiak.

Pribatutasuna

Sare sozialak ezagunak egin aurretik ere pribatutasunaren arazoa bazegoen; horien erabilera hazteak, hala ere, handitu egin du. Sareetan ematen den informazioarekin kontuz ibili behar da; izan ere, norberaren bizitzaren zati bat guztien esku jartzen ari baita. Horrek ez du esan nahi ezer jarri behar ez denik, baizik eta norberak kontziente izan behar duela jartzen duen horretaz. Duela gutxi arte Facebook-ek erabiltzailearen informazio osoa gordetzen zuen, kontua ezabatuta ere. Horrek zalantzan jartzen du erabiltzailearen pribatutasuna. Horrez gain, bakoitzak jartzen duen edukiarekin, erabiltzaile soslai bat osatzen ari da. Hori, ondoren, marketin eta salmentarako sekulako baliabidea izan daiteke. Horregatik izan behar da kontziente ematen den informazioaz.

Nortasuna lapurtzea

Aurrez aipatu bezala, gero eta gehiagotan gertatzen ari da nortasuna lapurtzea. Normalean posta elektronikoaren kontuan eta sare sozialetan egiten d,a eta erabiltzailea leku txarrean uzteko izaten da. Askotan kontu horiek berreskuratzea oso zaila izan ohi da, lege aldetik ez baitago oso argi kontua. Hori dela eta, askotan erabiltzaile biktimak kontu berri bat ireki beste erremediorik ez du izaten.

Mota honetako ekintzen biktimak, sarean jarduera oso aktiboa duten erabiltzaileak izan ohi dira. Horretarako, sarean utzitako arrastoak jarraitu ohi dira. Esate baterako, ohikoa ez den ordenagailu batetik posta kontua atzitzeak uzten duen arrastoa nortasuna lapurtzeko abiapuntua izan daiteke. Kasu horietan, ordenagailuan informaziorik ez uztea komeni da, noski.

Eta hildakoan zer?

Galdera honek ere hainbat zalantza sortzen du. Pertsona bat hiltzen denean, haren ondasun materialekin nola jokatu behar bezala legeztatuta dago. Inork ez du zalantzan jartzen zer egin behar den. Baina zer gertatzen da sareko haren nortasunarekin? Zer gertatzen da haren sare sozialetako, blogetako, eta abarreko edukiarekin?

Legediaren aldetik, sekulako hutsuneak daude oraindik. Gainera herrialde askotako jurisprudentzia sartuko litzateke. Izan ere, ohikoa baita Interneten erabiltzailea herrialde batekoa eta erabiltzen den tresna beste batekoa izatea. Erabiltzaileak bere testamentuan jarri behar ote ditu irekita dituen kontu guztietako erabiltzaile izen eta pasahitzak? Gaia oso delikatua da, baina argi dago heldu beharrekoa dela. Izan ere, pertsona bat hiltzen denean, haren nortasun digitalarekin nola jokatu behar den ez dago batere garbi.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude Nortasuna Interneten sarreran

Ordenagailuko datuen segurtasun kopia egitea komenigarria dela zalantzatik kanpo dago. Baina askotan, aplikazio konplikatuak edo instalazio berezia eskatzen dute. Horien aurrean, soluzio sinple eta eraginkorra izan daiteke Sandisk etxeak atera duena. Sandisk USB Ultra Backup izena du, eta USB bidez pendrive batean egiten da segurtasun kopia. Erabiltzen hasteko, ez da ezer instalatu behar; ondorioz, hainbat plataformatarako balio du. Tamainaren aldetik, 64 GB artekoak eskaintzen dituzte. Datuak zifratuta gorde daitezke; horrela, datuak berreskuratzeko garaian, pasahitza dakienak soilik berreskuratu ahal izango du. Gainera, kopia galduz gero, ezingo dira datuak zuzenean ikusi. Zalantzarik ez dago, gailu honen abantaila erosotasuna da, bai kopia egiteko garaian, bai eta edonora eramateko orduan ere.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude Segurtasun kopia pendrive batean sarreran

Internet eta telebista gero eta hurbilago daudela ez dago zalantzarik. Horren beste adibide bat da YouTube XL, telebista aurrean erabiltzaileak aplikazioarekin duen esperientzia hobetzen duen bertsioa. Aurrez kalitate handiko bideoak sartzeko aukera eman zuten, eta orain telebistan erabiltzeko interfaze berri bat. Bertan, telebistako agintea erabiliz bideoak ikustea posible da. Bertsio honek ere web nabigatzailea behar du, erabili ahal izateko. Oraindik ez dago garbi zein izango den telebistaz internet ikusteko nagusituko den era. Hori dela eta, YouTube-k hartutako aukera egokia den ezin da jakin. Dena dela, etorkizunari begira nabigatzailetik at ibiliko den aplikazio bat eskaintzea logikoa izango litzateke. Hulu aplikazioa ere bide horietan dabil; beraz, esan daiteke telebistan Interneteko bideoak ikusteko lasterketa hasi dela.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude YouTube XL, telebistan ikusteko sarreran

PDF formatua Adobe Systems enpresak sortu zuen 1993an. Bere helburua erabiltzaile desberdinen artean dokumentuak partekatzea zen, plataformatik eta programatik independentea izango zena. Formatu horretan, irudiak, testua, letra-motak eta bi dimentsiotako bektore-grafikoak sar daitezke. PDF formatuak sortzeko eta irakurtzeko Acrobat suitea garatu zuen Adobek.

Urteetan PDF dokumentuek gero eta ezaugarri gehiago izan dituzte, eta horrek bere erabilera ere handiagoa izatea ekarri du. Hasieran formatuaren espezifikazioak itxiak baziren ere, jendeak PDFak irakurtzeko aplikazioak garatu izan ditu. 2008ko uztailetik aurrera, ofizialki estandar irekia izatea lortu zuen ISO 32000-1:2008 kodearekin.

Adobe Acrobat eta Reader

Hasiera batean guztia Acrobat izenaren azpian baldin bazegoen ere, gaur egun bi aplikazio bezala banatzen dira. PDF dokumentuak ikusteko software ezagunena Adobe Reader da dudarik gabe. Irakulearen bederatzigarren bertsioa dago kalean, eta pantailaren argazkiak egin edo dokumentuan bideoak sartzen uzten du. Orain artekoak bezala doan har daiteke.

Adobe Acrobat aplikazioa osoagoa da. PDF dokumentuak irakurtzeaz gain, sortzeko eta editatzeko ere balio du. Bulegotikako aplikazioekin sortzen diren dokumentuak PDF bihurtu nahi badira Acrobat izeneko botoia erabili behar da. Bertan azaltzen dira ematen dituen aukera guztiak. Bi PDF dokumentu bakar batean bihurtu nahi direnerako ere oso erabilgarria da. Horrez gain, formularioa sortzeko ere balio du. Acrobat aplikazioa ordainpekoa da, eta oinarrizko bertsioa 400 euro inguruan eskuratu daiteke.

Foxit

Azkenaldian ezaguna egiten ari den PDF tresna da Foxit. Bere ezaugarririk garrantzitsuenak abiatzeko behar duen denbora laburra eta bere arintasuna dira. Hainbat plataformatan erabil daiteke, hala nola Windowsen eta Linuxen. Dokumentuak ikusteko balio duen tresnak Foxit Reader izena du, eta horiek sortzekoak, berriz, Foxit Creator. Editatzeko balio duen tresna bat ere badu. Ikusten den bezala, PDF dokumentuekin eragiketa desberdinak egiteko balio duten tresna interesgarriak ditu Foxit etxeak. Tresna horiek, batzuk doakoak eta beste batzuk ordainpekoak dira.

OpenOffice 3

Software libreko bulegotika suite ezagunenak ere baditu PDF dokumentuak kudeatzeko hainbat tresna. Ezagunena bertsio batzutatik gehitua duena da, OpenOfficen irekita dagoen dokumentua PDF bihurtzeko aukera, hain zuzen ere. Horretarako, tresna-barran PDF jartzen duen botoi bat dakar. Baina hirugarren bertsioarekin batera pauso bat harago joan da. Azken bertsioan, PDFak irakurri eta editatzeko aukera dago. Horretarako, OpenOffice instalazio estandarrari luzapen bat gehitu behar zaio, Sun PDF Import Extension izenekoa, hain zuzen ere. Hori hartu eta instalatu ondoren, edozein PDF dokumentu ireki, alda eta gorde daiteke. Oraingoz, horretarako Draw eta Impress aplikazioak erabiltzen ditu, baina etorkizunean Writer erabiltzeko aukera jartzeko asmoa dago. Oraindik Beta bertsioa den arren, argi dago denbora gutxi barru OpenOfficerekin PDF dokumentuen gaineko eragiketa asko egin ahal izango direla.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude PDF dokumentuak kudeatzeko tresnak sarreran

Nahiz eta hodei konputazioa pixkanaka gero eta ezagunagoa den, oraindik mahai gaineko aplikazioek pisu handia dute erabiltzailearengan. Bulegotika aplikazioetan ere hori nabaria da, Microsoft Office eta OpenOffice baitira tresnarik erabilienak. Hala ere, hodeian oinarritzen direnek badituzte beren abantailak, edonondik konekatuta ere lan egiteko aukera, esaterako. Baita norbere dokumentuen segurtasun kopia bezala ere. Hori dela eta, OpenOffice eta Office aplikazioak Google Docs-ekin lotzeko tresnak atera dira. Offisync izeneko tresnak Officerako balio du, Google Docsera dokumentuak igo, bertan karpetak sortu eta beste erabiltzaileekin elkarlanean aritzea ahalbidetzen du. OpenOffice.org2GoogleDocs luzapenak, berriz, aipatutako eragiketa horiek OpenOfficen egiteko balio du.

Comments Erantzunak desaktibatuta daude Mahai gaineko bulegotika eta Google Docs lotzen sarreran

Tresna-barrara saltatu