Irati Manzisidor, Leire Antia eta Atsegin Odriozola, traineruan eta garaile

Atzo, Zaragozan, TKEko estropadaren aurretik, beste lehia bat jokatu zen. Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioak aurrez aurre izan ziren emakume arraunlarien arteko estropadan. Gipuzkoarrak nagusitu ziren, nahikoa erraz. Gure klubeko hiru ordezkari ziren gipuzkoarren traineruan: Irati Manzisidor, Leire Antia eta Atsegin Odriozola.
“Oso gustura” daudela esan du Manzisidorrek, traineruan ibiltzea “sekulakoa delako”. Ez ziren baldintza egokiak arraunerako, “beroa egiten zuelako”, baina gozatu egin zuten. Aurretik lana beltz eginda joan ziren Zaragozara: “Hogei bat entrenamendu egin ditugu; hasieran astean hiru aldiz, eta gero, lautan”. Pasaian ibili dira jo eta ke. Merezi izan du ahaleginak, baina “gogorra eta nekagarria izan” dela esan du arraunlari zumaiarrak.
Ez zuten aurreneko esperientzia traineruan. Izan ere, duela bi urte, beste estropada bat jokatu zuten Hondarribian. Bertakoak, Cabo da Cruz, Hondarribia eta Urola-Kosta aritu ziren. Zumaiarrek eskualdeko traineruan egin zuten arraun. Aurrera begira jarraitzeko asmotan daude. Manzisidorrek esan duenez, “Gipuzkoako Txapelketa eta Kontxako Bandera ere jokatzeko aukera ari dira aipatzen batzuk”. Baina horretarako, taldea osatu beharra dago, eta zumaiarrak ez dira osatzen. “Beste norbaitekin elkartu beharko dugu atera ahal izateko”.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude