Emakumeek ere trainerua aterako dute, Getariarekin taldea osatuta

Laster, bi talde izango ditu uretan Zumaiako Arraun Elkarteak: TKE Ligakoa eta emakumezkoek atera behar dutena. Getariarekin osatuko dute koadrila klubeko bederatzi arraunlarik (tartean, patroia dela). Hiru estropada antolatzen ari dira emakumeentzat: Gipuzkoako Txapelketa, Euskal Herrikoa eta Kontxako Bandera. Probintziala uztailaren 23an jokatuko litzateke, eta Kontxa, ohiko egunetan, irailean. Euskal Herrikoa Gipuzkoakoaren ondoren izango litzateke. Gipuzkoarren arteko lehian, Zumaia-Getaria traineruaz gain, Tolosa eta Hondarribia (Koxtapeko zenbait arraunlarirekin) ariko dira. Kontxan, berriz, erabat baieztatu gabe badago ere, gipuzkoarrei Isuntza, Astillero eta Bizkaiko selekzioa gehituko zaizkie.
Zumaiarrak eta getariarrak Zumaiako traineruarekin lehiatuko dira, eta gaur egingo dute lehen entrenamendua, 17:00etan, Zumaian. Entrenatzailea ere klubekoa izango da: Javier Osa ‘Saskate’.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude