Irati Manzisidorren analisia Gipuzkoako Txapelketaz

Zorrak kitatze aldera, eta emandako hitza betetzeko asmoz, hauxe da
Irati Manzisidor arraunlariak asteazkenean irabazi zuten Gipuzkoako Txapelketaz egindako analisia. Ostegunean idatzita dago.

“Atzokoa emozioz jositako eguna izan zen Esperantzako tostetan izan ginen neskontzat. Arratsaldeko lehenengo orduetatik jakin nuen hura ez zela besteak bezalako eguna izango, hasteko eta behin, entrenamenduetan ez bezala, ez baikenuen berandu iristeko gaitza dugunon zain egon beharrik izan. Izan ere, bagenekien atzokoa ez zela nolanahiko eguna, asko baitzegoen jokoan. Alde batetik, emakumezkoen lehenengo traineru txapelketa irabazi genezakeen. Bestalde, printzipioz, atzoko estropada irabazten zuena izango zen arraunlarien artean hain preziatua den Kontxako banderan lehiatzako txartela lortuko zuena. Eta azkenik, eta nire ustez garrantzituena, hainbat eta hainbat urtetan gizonezkoak nagusitu diren kirolean emakumeoi eskaini ziguten hitza, eta guri zegokigun hitz hori ahotik bota beharrean uretan adieraztea, emakumeok ere arraunean txukun egiteko gai garela frogatuz.
Donostiarako bidean, beste egunetan egin genuen bezala, irabazteko genituen posibilitateez edo “esperantzez” jardun genuen: tolosarrak arraunean ongi egiten dutela baina itsasoan esperientziarik ez zutela, hondarribiarrak oso ondo prestatuta zeudela baina aulki mugikorrean ibiltzen ohituak zeudela… denetatik entzun zitekeen han baina egia esan alfer samarrik jardun genuen, aurkariak uretan lehiatzen baitira benetan. Nik ez nuen lehiarekin gehiegi itsutu nahi, uneaz gozatu nahi nuen eta txikitan aitaren bizkarrean nengoela Donostiako arranplatik behera trainerua jaisten ari ziren mutilen aurpegietan ikus zitekeen zirrara neure azalean sentitu; eta nola ez, bueltatzean arraunak igotzeko aukera bagenuen askoz ere hobeto.
Honela, iritsi ginen Donostiara. Autobusetik jeitisi eta egiten zuen beroaz gehiegi kexatu gabe arranpla ingurura hurbildu ginen. Ordutik hasi eta gauean etxera iritsi arte igarotako une oro amets baten modukoak izan ziren, 14 neskak errealitate bihurtzeko aukera izan genuen ametsa.
Estropadari oso hasiera ona eman genion eta egindako irteera onak eta jarraian egindako luzeak beste bi lehiakideengandik aldentzeko aukera eskaini ziguten. Ziabogan berriz, ez genuen gehiegi arriskatu nahi eta patroiak ziaboga zabal samarra hartzea aukeratu zuen, olaturen bat etortzen bazen ere. Ez zen olaturik etorri ordea eta ziaboga kaskar hartan denbora desente oparitu genien aurkariei. Estropadaren erdia falta zen oraindik eta Esperantzak ez zeukan bandera beste inori oparitzeko asmorik. Baina, hala ere, urduritasunak eta esperientzia faltak lagundurik burua galdu genuen eta bigarren luzea aurrenekoa baino askoz ere kaskarragoa izan zela onartu behar da. Hondarribia geroz eta gertuago ikusteak urduri jarri gintuen eta baborrean geneukan ontzi berdeari erreparatzen hasi ginen geure lanari heldu beharrean (patroiak halakorik ez egiteko behin eta berriz errepikatu bazigun ere). Hala ere, eta geure akatsak izan bagenituen ere, ontziaren puntan nindoanez, argi eta garbi ikusi nuen gurea izan zela helmugetako balizetatik igaro zen lehenengo ontzia. Berehala altxa nituen gora eskuak, eta arnasa bueltatzeko indar gehiegirik ez banuen ere, oihu handi bat egin nuen, beste askorekin batera.
Bandera uretan bertan jaso genuen eta bertan arraunak jaso genituen arren arranpla parean altxa izanak beste zirrara bat sorrarazi ziadala esan behar dut. Ordutik aurrerako guztia sinestezina izan zen, baina batez ere traineruko koloreen jabe diren bi herrietan jasotako harrerak aipatu nahi nituzke. Lehendabizi, kolore marroiaren jabe den Getariara joan ginen. Bertan, txistulariekin eta bertaratutakoekin udaletxera igo, balkoitik lortu berri genuen bandera astindu, eta jateko aukera izan genuen. Zumaian berriz okupatu berri den gaztetxeak eskainitako harrera beroa jaso genuen: arraunekin egindako arkua ikusitakoan buruko ile puntetatik hasi eta hanketako behatz puntetarainoko zirrara sentitu nuen eta zer esanik ez aurreskua egin zigutenean edo bertsoak abestu zizkigutenean. Mila esker guztiagatik.
Amaitzeko esan, helmugako balizak igaro eta eskuak altxa genituenetik 24 ordu igaro badira ere atzokoan Esperantzaren barnean joan ziren neskon aurpegietan irribarreak bizirik darraiela. Ez irabazi genuelako bakarrik, baita atzoko helmugako baliza haiek beste estropada bateko irteerakoak izateko aukera dutelako ere”.
.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude