Irati Manzisidorren analisia Euskadiko txapelketaz

Bi aste joan dira Euskadiko txapelketa jokatu zenetik. Estropada ondorena ezohikoa izan zen, Zumaia-Getariak eremuaren aurkako errekurtsoa jarri zuela eta. Orain, Hondarribiak auzi bidean jarri nahi omen du gaia. Estropadaz eta ondorengoaz, hauxe idatzi du Irati Manzisidor arraunlariak.

HASI BAI BAINA ORAINDIK AMAITU EZ DEN ESTROPADA

Joan den San Ignazio egunean Lekeitioko uretan jokatu zen emakumeen lehendabiziko Euskadiko traineru txapelketa. Ustez ospakizunez jositako estropada handia izan behar zuenak, ordea, zorigaiztoko gertakari izaten amaitu zuen. Izan ere, arraun munduan zoritxarrez hain ohikoa den bezala, uretan hasitako estropada bulegoetako estropada bilakatu zen bataren eta bestearen haserreez lagundurik.
Uretakoari dagokionez, esan, gure iritziz guk oso lan ona egin genuela; aurreko txapelketan ez bezala, geure lanari eutsi eta inongo momentuan bururik galdu gabe arraunean eginez gozatzea lortu baikenuen. Ziabogara iritsi arte geu joan ginen estropada buruan, baina ziabogatik irten ginenerako Hondarribiak aurre hartu zigun eta bigarren luze osoan gainean izan baginen ere, ez genuen hauei aurre hartzerik lortu. Estropada amaitu eta berehala eman genizkien zorionak hondarribitarrei, eta baita txalo jo ere ustez beraiek baitziren estropadaren irabazleak.
Lehorrean geundela ere aurrena iritsi denak izan ohi duen festa giroa ez genuen arren, geure onena eman izanak ematen duen poza geneukan, eta gauean bota behar genuen parrandari heldu genion kontsolatzeko asmoz.
Dutxatik irten ginenean entzundakoak erabat aldatu zuen egoera, ordea, eta berriro ere amaitutzat emandako estropadara itzuli ginen: mutilen estropada ez omen zen oraindik hasi kanpoko bigarren baliza urrunegi zegoelako. Berehala hasi ginen gure tandan ere aldatuta ote zegoen galdezk,a eta baietz esan zigutenean…gozoa jarri zen jendea!! Esan beharra dago une hartan arraunean estrobua edo tosta baino hitz famatuagoa den INPUGNAZIYUA zela nagusi guztion artean. Ni normalean ez naiz honelako gauzen alde egoten, uretan irabazi eta bandera astindutakoari berriro kentzea gaizki ikusten dudalako, baina nire taldeko batek esan zuena entzun nuenean ideiak aldatu zitzaizkidan:  “Guk badakigu galtzen, baina benetan galdu dugunean, eta oraingoan ez dugu galdu, ez baikeunden baldintza berdinetan. Sentitzen dugu bandera astindu duenari kentzea, gogorra baita, baina estropada ontzat eman izana da akatsa; norberak berearen alde egin behar du hemen”. Izan ere, ez nago zihur baliza hura bere tokian bazegoen irabaziko genuen ala ez, baina baldintza berdinetan jokatu beharko genuke, eta hamalau metro gehiago egin bagenituen eta amaieran bi segunduko aldea baino ez bagenuen… erabakia epaileen eskuetan zegoen, baina guk gure kexa sartu genuen, dirudienez, hauek ez baitute ezer egiten isilik gelditzen bazara. Ni ez naiz inor epaileen lana kritikatzeko, baina lantxan doazela traineruei beraien etxean jartzeko argazkiak atera beharrean, estropada ontzat eman aurretik guztia ondo joan ote den begiratzea ez litzateke gaizki etorriko; beraiek egiten ez dutena klubek eta arraunlariek egin behar izaten baitute, eta azkenean horrek inori mesederik egiten ez dioten haserreak sortzen ditu.
Goiza aurrera joan zen, baina guri ez zigun inork gure inpugnazioaren aurrean epaileek hartutako erabakiaren berririk eman, eta beraz, mutilen estropada amaitu orduko sari banaketa egin behar zuten plazara joan ginen zer gertatuko ote zen ikustera. Guztion harridurarako estropada bertan behera gelditzen zela eta epaileek beraien erabakiaren berri emango zigutela esan ziguten, txapelketa ziur asko beste egun batean ospatuko zela adieraziz.
Estropada hau, ordea, ez zen bere horretan gelditu, astelehen honetan bertan emakumeen tandan jokatu genuen hiru elkarteetako ordezkariek eta federazioak jokatu baitute arraunlaririk gabeko bigarren estropada. Gure ordezkariak estropada berria jokatzeko data finkatzeko asmoz joan ziren, hondarribitarrak estropada beraiek irabazi zutela onartu eta bandera beraiei ematea nahi zuten bitartean. Federazioak ez omen zuen gauza handiegirik esan, eta beraz, Hondarribiak bere gainontzeko ordezkariekin hitz egin eta judizialki aurrera joango ote ziren (hau da hurrengo estropada eremua Gasteizko epaitegia izango ote zen) erabakitzekotan gelditu ziren.
Hauek dira guri iritsi zaizkigun azken berriak. Ez dakigu estropada hau noiz amaituko den eta ezta non ere (Gazteizko epaitegian ala itsasoan) baina amai dadila mesedez! Horrelako kontuek kalte besterik ez baitiote egiten arraunketa onari; batzuek eskuak garbitzen dituzten bitartean, klubek erabakiak hartu eta bai klubak eta bai arraunlariak elkarren artean haserratzeko bakarrik balio baitute. Tristea benetan.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude