Mikel Olasagastiren analisia

Zarauzko estropadekin batera…

Esaera hori oso ohikoa bilakatu da azken urteetan arraun zaleentzat, batez ere abuztuaren erdialdera heldu eta Zarauzko Ikurriña jokatzen denean. Baina batik bat Orioko traineruari erantsi izan zaio esaera hori, mailarik onena erakusten baitu beti bertan.

Hala ere, aurtengoan ez da betikoa gertatu. Oriok ez du mailarik eman, eta Castro, Zarautz eta Pedreñak izugarrizko maila erakutsi dute. Batzuk Espainiako Txapelketan eta Zumaiako estropadan egin zutena “hutsegite” bat izan zela erakusteko, besteak etxean aritzen zirelako; eta besteak forma orain ari zaielako heltzen.

Gu berriz… zer esango dut ba: NAHI eta EZIN! Gure ustez lanak ongi ari gara egiten, baina emaitzak ez dira nahiko genituen bezain onak. Gure maila mantentzen ari gara denboraldi osoan zehar, baina beste ontziek saltotxo bat egin dute gora. Hondarribia indartsu dator atzetik eta San Migel Ligan dugun 7.postua ere arriskuan dago jada.

Guk gureari jarraituko diogu eta ontzi denetako ordezkariek dioten bezala, “hutsegite txiki bat izan da edo prestaketa atzeratua daramagu eta gure formarik onenera heltzeko gaude oraindik”. Ea datozen estropadetan postu hobeak egiten ditugun!

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude