Mikel Olasagastiren analisia

Aste garrantzitsuenaren atarian 

Beste asteburu bat igaro da, bi estropada gutxiago denboraldia amaitzeko, zazpigarren postuan berriro ere… eta garrantzitsuena: gaur zortzi Kontxako Banderarako sailkapen estropada. Talde batzuk jada amaitu dute denboraldia eta trainerua zintzilikatu dute datorren urtera arte. Beste batzuek aldiz, urteko helburu nagusia begiz jota dutela eta, hor jarraitzen dute entrenatzen. Estropada dotorea izan zen larunbatean jokaturikoa Hondarribiako uretan. Txanda denetan emozioa gailendu zen, eta bat goraipatzearren bigarrena izan behar. Denboraldi osoan zehar ikusi den bezala, bigarren txandan dihardugun taldeen arteko parekotasuna ikaragarria da, eta Mikel Olazabalek igandean esan zuen bezala, talde horiek jokatuko dituzte Kontxan aritzeko 6 eta 7. postuen txartelak.  Baina asteburu honetan argi geratu dena zera da: taldeen arteko distantzia ez dela hain handia. Zarautzen ikusirikoa “espejismo” hutsa izan zen. Orio ez dago lehen postutik 25 segundootara, Urdaibairi ez zaio banderak irabaztea ahaztu eta Zumaia ez dago Pedreña, Zarautz eta Hondarribia bezalako taldeetatik hain urrun. Baina bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Guk, arraunlariok, gureak atera ditugu eta gustura gaude, Zarautzen kolpe handia hartu baikenuen. Orain Orio eta Castroko estropadak geratzen zaizkigu Kontxa aurretik. Orion ibaian jokatuko da estropada eta guretzat eremurik onena ez bada ere, maila ematen saiatuko gara. Castron berriz ea itsaso mugituarekin lehia polita eskaintzeko parada dugun.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude