Mikel Olasagastiren analisia

“Makinak”

Azken egunotan asko hitz egin da apustuak egiteko makinen inguruan. Korredoreak ez direla izango Kontxan eta apustu etxe batzuek makinak jarriko dituztela. Baina Kontxa portaletasen bizi den girorik gabe ez litzateke gauza bera izango.

Baina nire artikulu hau makina gisa titulatzearen arrazoia ez da hori. Castroko arraunlariak, taldea definitzeko erabili nahi nuke hitz hori. Erakustaldia eman zuen aurreko igandean eta ezusteko handiegirik ez bada gertatzen, bandera Kantabriara joango da. San Migel Ligako Castroko estropadan eta Kontxako sailkapen estropadan eman zuen mailak, taldearen gaineko konfiantza murriztu zuen apustu zaleen artean eta oso gutxi ziren hauen alde jokatzen zutenak. Orain berriz, faborito nagusiak dira!

Urdaibai eta Astillero 18 segundotara daude. Askok Kantabriako talde hau jotzen zuten faborito, baina ez zuen mailarik onena eman igandean. Agian lehen txandan aritzeak ez zion mesederik egin, baina Hondarribiari 12 segundo aterata oso zaila da aurtengo edizioan Kontxa irabaztea. Urdaibairen inguruan berriz zer esan, beste behin kale! Sarritan entzun dut Kontxako Bandera bat irabazteko hiruzpalau aldiz aukerekin joan behar dela, beti zerbait gertatzeko arriskua baitago: haizea atera dela, itsasoak gora egin duela, kanpoko luzean ura sartu dela, ez dela ongi enfilatu barruranzko luzean… Azken bi urteetan aukera handiekin joan dira bizkaitarrak Donostiara, baina kale egin dute. Datorren urtean izan beharko du eta esaldiak dioen bezala, “a la tercera va la vencida”.

Zumaiarrak berriz, Donostian izan ginen, baina ikusle moduan. Denoi gustatuko litzaiguke arraunean aritzea, baina ez da posible izan. Hala ere, guretzat txarrena ostegunean eman genuen itxura izan zen. Ez ginen batere ongi aritu ez kanporanzko luzean ez barruranzkoan. Ilusioz gainezka atera ginen, baina hurrengoan beharko du. Jada badira bi urte ez garela Kontxan sartzen eta guk ere Urdaibaikoen gauza bera esan beharko dugu: “A la tercera va la vencida”.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude