Mikel Olasagastiren analisia

DENBORALDI BAT AMAITU ETA BESTEA HASI

Amaitu da 2008 urteko arraun denboraldia. Iazko emaitza bera lortu dugu, baina erregularragoak izan gara, nahiz eta Laredok mantendu duen erregulartasuna ez lortu. Beraz, amaitu dira arraunlariontzat entrenamenduak, bidaiak, sufrimenduak, Luxiaren oihuak… Orain, agian, berak entzun beharko ditu gure oihuak Erribera kaletik.

Denboraldi berri bat hasten da orain guretzat: PARRANDENA! Jada arraun elkartean dugun egutegian asteburu denak borobilduta ditugu afariak direla eta. Lehenengo zita asteburu honetan bertan dugu Tolosan. Ez dagoela denborarik galtzerik eta… Nahikoa segundo, minutu, ordu, egun, aste, hilabete galdu ditugu jada, eta orain guztiak errekuperatu behar direla. El Corte Ingles estropada jokatu ostean komentario ugari entzuten ziren gure ontzian, baina behin baino gehiagotan errepikatzen zena honakoa zen: “Bizitzako bi urte galdu dixkiat gaur”. Hori da kalbarioa!

Hurrengo zita urriaren 4an dugu, oraingoan Zumaian. Denboraldian sufritzen dutenak ez gara gu bakarrik, neskalagunek ere sufritzen baitute. Horregatik eurekin ere gogoratu, eta traineruan bueltatxo bat eman ostean, bazkari legea egin eta parrandatxoa.

Arraun denboraldian ez dugu banderarik irabazi, ez gara onen pare ibiltzeko gai izan, baina ea nork jarraitzen duen orain gure martxa. Pixkanaka hartu beharko dugu erritmoa, ez baita ona lehen egunetik dena ematea denboraldi berri honetan. Igandean lehen zerbeza eta kalimotxoak erori ziren, eta asteburu honetan gehiago. Eta agurtzeko, gaztelerazko esaerak dioen bezala, ‘el año que viene ms y mejor!’

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude