Joseba Aristi: “Denboraldi txukuna egin nahi dugu”

Emakumeen traineruaren entrenatzailea da Joseba Aristi. Bihar hasiko dute denboraldia, Donostian (16:30ean), eta ez du helburu jakinik jarri nahi. Neguan egindakoa uretan ikustearekin konforme da.  

Zer asmo dituzue denboraldirako?
Denboraldi txukuna egin nahi dugu. Asmatzea izango da kontua, egin duguna ondo ateratzea. Arraunean txukun egin nahi dugu, eta uste dut egingo dugula.

Neguko lan osoa trainerura begira egin al duzue?
Bai, hala izan da. Bateletan aldaketa asko egin ditugu, neska asko ibili dira arraunean. Beste horrenbeste egin dugu trainerilletan. Beste aukera izango zen batzuk bakarrik ibiltzea, baina ez genuen inor baztertu nahi, helburua trainerua delako. Txapelketei dagokienez, bateletako Gipuzkoako txapelketan ondo atera zitzaizkigun gauzak, Euskadikoan hortxe-hortxe, eta Espainiakoan ere ondo. Gero, akaso, trainerilletan ez gara nahi bezain ondo ibili.

Helbururik jarri al duzue?
Ez. Denboraldi txukuna egin nahi dugu. Dakiguna egitearekin konforme ginateke.

Estropada kopuruarekin konforme al zaude?
Gutxitxo dira. Ez dugu astero izango, eta ez da ona. Estropadarik ez dagoen asteetan gogorra egiten da entrenatzea. Denera, 10 bat estropada izango ditugu: EuskoTren ligan bi, KAE ligakoen baitan antolatuta, lau bat, Getariak bere kasa bat antolatuko omen du, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, eta Kontxa, azkenik. Eta eskerrak Gipuzkoako klubak elkartu eta EuskoTren ligara gipuzkoarrok klub bezala joatea lortu dugun… bestela, askoz gutxiago izango ziren eta. Gure ustez, selekzioka joatea ez da zuzena, arraunlari asko kanpoan geldituko liratekeelako, eta horrela ez genuke emakumeen arrauna sustatuko.

Etziko estropada berezia izango da: Zumaian bertan, lehenengo aldiz. Urduri al daude arraunlariak?
Bai. Berezia izango da. Aste honetan aitatu ere ez diegu egin estropadarena, askoz urduriago ez jartzeko. Herritarren aurrean gauzak oso ondo egitera jotzen du jendeak, telebistaz ere botako dute, eta antsietate gehiegi egoteko arrisku galanta. Dakiguna egitera aterako gara, eta gero, gerokoak.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude