Ferrari horia (Mikel Olasagasti)

Mikel Olasagasti, Zumaiako arraunlaria, BERRIA egunkarian hasi da zutabea idazten. Asteartero argitaratzen dute, eta  ‘Palkaren babesean’ izena jarri dio zutabeari. Hau da asteartekoa:FERRARI HORIAAsteburu bat, bi estropada eta kolore bakarra: horia. Horixe utzi digu San Miguel ligaren hasierak. Asko harritu egingo ziren Mirotza ontziaren nagusitasunaz, baina ohituz joan daitezela. Esaerak dioen bezala, «behin ematen duenak bitan ematen baitu». Oriotarrek jada berretsi dute hori. Baina ni haratago joango nintzateke, ez baitut uste bi garaipenekin soilik konformatuko direnik. Are gutxiago, denboraldia hasi besterik egin ez dela jakinda. 

Anekdota bat ere ekarri digu asteburuak. Ferrariak gorriak direla diotenek ezustekoa hartu baitute. Larunbatean Deustuko arraun klubera iritsi ginenean, ikusi genuen oriotarren ontziak Ferrari etxearen itsasgarri bat zuela brankan. Taldekide denok harritu egin ginen -barre algarak ere izan ziren tartean-, baina nik aurkitu dut zergatia. Maranellok, Ferarriren etxeak, Guggenheim eta Kontxako badia aukeratu zituen Silverstonera (Formula 1eko hurrengo zirkuitua) eraman behar duen autoaren modeloa aurkezteko: Mirotza F1. Ez du aurkezpen handirik behar, iaztik ez baititu berrikuntza askorik izan. Aurreko aleroia bera da: Urko Redondo. Atzekoa, berriz, 2002an erabilitakoa jartzea erabaki dute: Aitor Carrillo. Erdialdean, pare bat aldaketa ikus genezake: Haritz Etxebeste edo Oier Aizpurua. Eta aurreko urteetan ibilitako pieza batzuk berreskuratu dituzte oreka bilatzeko: Agustin Mujika eta Ibon Urbieta. Baina oinarria bera izango da: 13 balbulako eta 320 watteko motorra. 
Gainontzean, ezusteko gutxi. Sailkapenaren erdialdean parekotasuna da nagusi, eta uste dut argi geratu dela hiruzpalau segundotan ontzi asko daudela. Inoiz baino berdintasun handiagoko liga ikus genezake aurten. Zumaiarrok eta Zarautz geratu gara atzean, uste baino atzerago, agian, baina denboraldia luzea da. Agian Red Bull-en eta McLaren-en itsasgarri bana jarri beharko diegu Telmo Deun eta Enbata ontziei. Edo ontziarentzat eboluzio berriak iritsi zain egon. Baina beranduegi ez dadila izan, mesedez. 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude