Inoiz baino hobeto (Mikel Olasagastiren zutabea BERRIAn)

Ez naiz larunbateko Urdaibairen estropadaz ari; ezta Astilleroren igandekoaz ere; ezta San Juanen ziabogez ere; ezta zumaiarron lehen luzeaz ere… Arraunlarion bizitzaz baizik, «inoiz baino hobeto» bizi baikara. Iñaki Mikeo TKEko gerentearen adierazpenak dira liga hasi aurretik Euskadi Irratian. Niri barregura ematen didate, kirol honetan kide ditudan gehienei bezala. Guk esaldiari buelta eman eta honakoa diogu: «Arrauneko agintariak inoiz baino hobeto bizi dira». Diferentzia txikia da, hitz batekoa, baina ez dakizue ongi zenbaterainokoa den aldea. 

Idatzi nuen lehen zutabean show gisa definitu nuen arrauna, guk eskaintzen duguna (saiatu behintzat ala egiten gara) ikuskizuna baita. Baina beste batzuentzat zirku bat da. Eta gu pailazoak. Jendearen barre algarak sortarazten dituzten pailazoak. Igandean Portugaleteko arranpara hurbildu zirenek nahikoa barre egingo zuten arraunlari ekilibristei begira, han ez baitzegoen zutik egoterik. Agintariak bitartean? Guk eskaini beharreko show-a ikusteko ohorezko tokia hartzen. Batzuk, ibai ondoan prestaturiko palkoan, eta besteak, San Miguelek ipinitako ontzian. Denak kanape eta pintxo goxoak alboan eta horri bultzatzeko nahikoa edari dutela. Eta arraunlarioi zer eskaintzen digute? Ezer ez. Ezta urik ere. Ikusleentzat ere atun pintxoak, apustu makinak, haurrentzako jolasak, eta abar jartzen dituzte, guk eskainitako ikuskizuna ez baita nahikoa. Helburua familiak egun-pasa joatea omen da. Baina kontuan hartu behar da gu ez goazela egun-pasa, lehiatzera baizik. Urte osoa hau prestatzen pasatzen dugu, eta, dirudienez, batzuek ez dute hori kontuan hatzen. Galdetu bestela igandean lehen kaletik aritu ziren taldeetako arraunlariei. Baina, hala ere, ezin dugu kexatu, «inoiz baino hobeto» bizi baikara. 

P.D.: Barkatu Urdaibai, Astillero, Koxtape eta Getaria-Tolosako neskek eginiko estropada bikainei buruz erreferentziarik ez egiteagatik. Baina gaur hori idazteko beharra neukan.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude