Beste helburu batzuekin

San Miguel Ligako beste bi estropada jokatuko dira asteburuan, biak Pasaian: bihar Pasai Donibanen (17:30ean), eta etzi, Pasai San Pedron (12:00etan).  Han izango da Zumaia. Joan zen asteko emaitzen eraginez, oso zaila dauka jaitsierako kanporaketa saihestea, eta estropada horietan jarri du arreta. Hala ere, Ligako lehiak garrantzitsuak dira zumaiarrentzat, lehiatzeko sena ez galtzea funtsezkoa baita. Asteazkenean erakutsi zuten gai direla arraunean ondo egiteko, Gipuzkoako Txapelketan emaitza ona lortu baitzuten (laugarren izan ziren). Gustura aritu ziren arraunean, eta sentsazio horiei eustea izan daiteke erronka asteburu honetan.Pasaiko bi estropadetan, ez dira eremu berdinetan ariko. Bihar, ibaian jardungo dute, modu bitxian, gainera: txandako bi ontzi alde baterantz aterako dira, eta beste biak besterantz. Zumaia lehen txandan aterako da, Zarautz, Kaiku eta San Pedrorekin. Igandean, erlojuaren aurka ariko dira; zati bat badia barruan egingo dute, eta bestea itsasoan, Pasai San Pedron ohikoa den bezala.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude