Zumaia Kiroljokoak ezin du Euskadiko Txapelketan parte hartu

Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten arren, emakumezkoen traineruak ez du parte hartuko bihar, Euskadiko Txapelketan. Euskadiko Federazioak ezarri duen arau batek galarazten dio aukera. Arau horrekin ez daude ados arraunlariak, eta idatzi hau plazaratu dute:

Zumaiako neskak ez goaz Euskadiko Txapelketera

 

Gipuzkoako txapeldunak izan arren, Euskadiko Federazioaren araudiak ez digu uzten parte hartzen.

 

Gaur jokatuko da Euskadiko Txapelketa Zierbenan, baina emakumezkoetan, onenak ez dira ariko. Gipuzkoako txapeldunak, esaterako, ez dugu parte hartuko. Euskadiko Federazioaren araudiak ez digu uzten txapelketa preziatu horretan parte hartzen.

 Gu irrikaz geunden Gipuzkoan lortutakoa uretan erakusteko, baina ez digute uzten. Federazioak erabaki duelako jubeniletako hiru arraunlari bakarrik atera daitezkeela ontzi bakoitzean. Eta guk, trainerua osatzeko, gehiago ditugu, oso taldea gaztea baita gurea.  Ez dugu ulertzen araudi hori. Arrazoi askorengatik. Hauek dira :  1.      Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko ez genuen arazorik izan, ez zegoelako mugarik adinari dagokionez. Orduan ez ziguten hiru jubenilen araudi hori ezarri.  Zergatik ez du gauza bera egin Euskadiko Federazioak ?  2.      Joan zen urtean ez zuten irizpide bera erabili. Gure kasuan, zortzi jubenilekin egin genuen arraunean, eta horietako hiruzpalau lehen urteko jubenilak. Aurten, hiruzpalau horiek ezin dute parte hartu. Zertara dator aldaketa hau? Ez dauka logikarik gure ustez. Urtebete zaharragoak dira, baina Federazioak ez die uzten parte hartzen.  3.      Araudi honekin, emakumezkoen arraunari ez zaio behar duen bultzada ematen. Kontrakoa egiten zaio: ahuldu, indarra kendu.  4.      Ulertzen dugu araudiak araudi direla, baina garai honetan, jakinik emakumezkoen arraun talde gehienetan jubenil asko daudela, egokiago litzateke araudiari beste interpretazio bat ematea, Gipuzkoako Federazioak oraingoz egin duen bezala.  5.      Euskadiko Txapelketaren maila asko jaisten da arraunlari gazteenei mugak jarriz. Gure kasuan, ez gara osatzen, eta beste klub batzuek ezin izango dute talde onena atera. Horrek guztiak mesede baino kalte gehiago egiten dio emakumezkoen arraunari.  6.      Gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasuna sustatu behar dela esaten da, baina arraunaren kasuan gero eta aparteago gaude. Gizonezkoek, Euskadiko Txapelketan, arraunlari guztiak sartzeko aukera daukate, propioen eta ez propioen muga ez baita ezartzen; baina emakumezkoetan, ez zaigu uzten talde onenak ateratzen, adinaren muga horregatik.   7.      Arraunlari gazteenei jartzen die debekua Euskadiko Federazioak, eta ez dugu ulertzen. Beraiek direlako etorkizuna. Beraiek dira zaindu beharreko arraunlariak, eta beraiek jokatu behar dituzte estropadak. Beste Federazioek eta beste Ligetan Euskadiko Federazioaren bidea hartu izan balute, arraunlari gazte horiek ezingo lukete arraunean egin, eta ondorioa larria izango litzateke: arraunean aritu beharrean, beste kirol batera joango lirateke. Horrekin batera, ezin izango ziren Euskotren Liga, Gipuzkoako Liga eta beste hainbat estropada antolatu. Garbi esanda: ez zen egongo emakumezkoen estropadarik.  8.      Euskadiko Federazioak irizpidea aldatu du hilabete gutxian. Trainerilletako txapelketan, gure ontzian sei arraunlari ziren jubenilak, eta ez zuten orain ezarri duten debekua ezarri. Baina, Federazio berdinak antolatzen duen traineru txapelketan, debekua jarri dute. Ez da erraza ulertzen zertara datorren aldaketa hau.   Horiek dira gure arrazoiak, eta ez ditugu bota gure mesedetan soilik direlako. Emakumezkoen arrauna bultzatzeko iritzia da gurea. Urtez urte sekulako lana ari gara egiten klubean, eta beste taldeak ere horretan dabiltza. Euskadiko Federazioaren araudi honekin justu kontrakoa gertatzen dela uste dugu. Bide horretatik segituz gero, akabo emakumezkoen arrauna.  Ez dugu eskatzen araudi osoa aldatzeko. Jubenilen muga ez jartzeko, araudiak ematen du aukerarik, baina oraingoan, Euskadiko Federazioak ez du aukera hori baliatu. Horixe salatu nahi dugu, emakumezkoen arrauna bultzatzen ari garelakoan.  Besterik gabe,  Zumaiako emakumezkoen traineruko arraunlariak eta entrenatzaileak

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude