Ilusioaren bandera

Zumaia Bk bandera irabazi du gaur, Ondarroan, KAE 2 Ligan. 11. jardunaldia izan da, eta zumaiarrek denboraldiko lehen garaipena lortu dute. Sekulako estropada eginda, gainera. Nagusitasunez gailendu zaizkie aurkariei. Orain arte egindako lan onak uzta eman du, eta askotan onenen artean ibili eta gero, azkenean bandera preziatua irabazi dute. Ilusioarena da. Arraunlari batzuk berri-berriak dira, kirol honetan lehen urratsak ematen ari dira, eta besteak gazte mailatik igotakoak. Ilusio hori Zumaiara heldu orduko azaldu da, herrian barrena buelta eman baitute furgonetan, bandera herritarrei erakutsiz.Estropadan, azken txandan jardun du Zumaia Bk, eta aise menderatu ditu aurkariak. Sailkapenean, bigarren eta hirugarren, bi txandakide izan dira: Santoña (10 segundora) eta Portugalete (11ra).Ligako sailkapenean, goian segitzen dute zumaiarrek. Hirugarren daude, igoera jokatzeko postuan, hain zuzen.Joxe Enrike Manterola entrenatzailea txoratzen dago, eta “bazela garaia” adierazi du: “Askotan ibili gara goian, baina bandera bat ezin irabazi. Pentsatzen hasita geunden alerik irabazi gabe bukatu behar genuela Liga, baina gaur irabazi dugu. Oso pozik gaude, mutilak txoratzen daude. Oso ondo egin dugu arraunean, 36 paladatan denbora guztian, sendo. Bikaina izan da gaurkoa”.Bihar, Ligako 12. estropada dute, Getarian, (12:00etan). Aurretik, 11:30ean, emakumezkoak ariko dira, Gipuzkoako Ligan, eta han izango da Zumaia Kiroljokoa, aurreko astean Pasai Donibanen lortutako garaipena errepikatzeko asmoz.Gaurko estropadako sailkapena: http://www.liga-arc.com/eu/regata/71/xxvi-ondarroako-banderaLigako sailkapena: http://www.liga-arc.com/eu/regata/71/xxvi-ondarroako-bandera

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude